}

DNA-testak etxean, iraultzarako prest?

2005/08/07 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gaitzen bat izateko arriskua zenbatekoa den jakiteko edo aitatasuna probatzeko, geroz eta gertuago dago DNA-testak etxean egiteko aukera. Baina etikoki eta legalki oraindik ez omen gaude prest. Eta, horretaz gain, emaitzak egoki interpretatzea ere behar-beharrezkoa izango da; izan ere, patua ez dago geneetan idatzia.
Etxean bertan, aho barrua kotoizko bastoitxo batekin igurtzi eta laborategira bidaltzea, hori da oraingoz analisi genetikoa egiteko erarik errazena.

Hamarkada batzuk igaro dira haurdunaldiko proba etxean (eta inork jakin gabe) egiteko aukera zabaldu zenetik. Emakumeari edo bikoteari familia planifikatzen lagundu zion, kontrazepzio-metodoekin batera, eta ikaragarrizko askatasuna ekarri zuen horrek.

Gaur egun, emakume batek, haurdun dagoen jakiteko, botikan haurdunaldi-testa erosi besterik ez du: etxera joan, argibideak lasai irakurri eta proba egin. Minutu pare bateko kontua da. Baina, hasieran, gernu-lagina laborategi batera bidali, eta egun batzuen buruan jasotzen zen emaitza etxean.

Bada, DNA-testak ere hasierako fase horretan daude; izan ere, lagina (kotoizko bastoitxo batekin aho-barrua igurtzita, edo odol-tanta bat) bidali egin behar da. Testa egiteko eskaera Internetez egin daiteke, eta analisiaren emaitza, atzera, posta elektronikoan jasotzen da, edo telefono mugikorrean edo ohiko postaren bidez, nahiago bada.

Laborategia txip barruan

Gaixotasun jakin bat garatzeko arriskua daukagula jakiteak ohitura osasungarriagoak hartzen lagundu dezake, baina kezka horrekin bizitzen ere jakin egin behar da.

Prozesu osoa etxean egin ahal izateko, laborategian egiten diren pauso guztiak kit txiki batean egin beharko dira. Ikerlanen, esate baterako, horretan ari dira lanean. ‘Laborategia txiparen barnean’ sartzeko asmoa dute, hau da, laborategian egiten dena eskala mikroskopikoan egiteko, txip batean.

Txip horrek, gaixotasunak detektatzeko bakarrik ez, krimen bat gertatzen denean beharrezko diren DNA analisiak in situ egiteko ere balioko luke, adibidez. Azken finean, laborategitik urrun analisi genetiko bat egin behar denerako kit txiki-txiki bat izango litzateke. Hala, etxean zein medikuaren kontsultan analisia egin eta laster batean jakingo lirateke emaitzak.

Baina, esan bezala, oraingoz, analisia laborategian egiten da. Eta zerbitzu hori eskaintzen duten konpainiak geroz eta ugariagoak dira Interneten. Era desberdinetako testak eskaintzen dituzte: emankortasunarekin erlazionatutako geneenak, biriketako eta obulutegiko minbizienak, fibrosi kistikoarena...

Aztarna guztien arabera, analisi genetikoa prebentziorako garrantzizko tresna izango da etorkizunean. Tabako-erretzaile bati, erretzeari uzteko ahaleginean indar handiagoa egiten lagun diezaioke jakiteak genetikoki biriketako minbizia izateko arriskua daukala, esate baterako. Eta gainerako gaitzekin ere berdin, bizitzan ohitura osasungarriak izateko indarra eman dezake.

Agian, etorkizunean, pertsona bakoitzarentzako kirolik aproposena aukeratu ahal izango da.

Genetikako adituak, ordea, kezkatuta daude konpainia horien lana benetan profesionala ote den, eta batez ere bezeroarekin duten harremana behar bezalakoa den, hau da, behar bezala azaltzen ote zaion jaso dituen emaitzak nola interpretatu. Bereziki kezkatuta daude analisi genetikoak jendeari azaltzen ohituta dauden profesionalak, ondo baitakite jendea zenbat atsekabetzen duen gaitz bat izateko joera duela jakiteak

geneen arabera betiere

Oso garbi utzi behar izaten omen da joera hori izateak ez duela esan nahi gaixotasun hori garatuko duenik —eta, alderantziz, emaitza negatiboa bada ere posible dela egunen batean gaitz hori garatzea—. Kontua da test horiek gaixotasun jakin batzuekin zerikusia duten gene batzuk aztertzen dituztela, baina, noski, erlazioa ez da biunibokoa: jakina da gaixotasun batekin erlazionatuta dauden gene bat baino gehiago izaten direla, eta ez dira guztiak ezagutzen. Ikerketa genetikoa hastapenetan da oraindik ere, eta, gainera, gaur egungo jakintza ez da behin betikoa.

Patua geneetan?

Bestalde, gaitz batzuekin erlazionatuta dauden geneak heredatu izanak ez du ziurtatzen gaitza sufrituko denik. Hau da, patua ez dago geneetan idatzia. Kontu honek Gattaca filma gogoraraziko zion bati baino gehiagori, genetikoki balekoak ziren haurrak baino jaiotzen ez ziren mundu bat azaltzen zuen hura.

Patua ez dago geneetan: analisi genetikoan gaitz bat garatzeko arriskua dagoela agertuta ere, agian ez da inoiz azalduko.

Protagonista jaio eta berehala, analisi genetikoa egin eta hainbat gaitz garatzeko arriskua zuela ikusita, ez zuten balekotzat eman —horren arabera erabakitzen zen zer lanbide eta erantzukizun-maila izango zuen pertsona bakoitzak—. Baina, geneetan idatzia zeukan patuari aurre egin, eta bere ametsa betetzen saiatu zen

Saturnorako lehenengo misio tripulatuan joatea

Etorkizunean, analisi genetikoekin erabakiko ote da banako bakoitzaren lekua zein den gizartean eta lan-munduan? Ez dago jakiterik, noski. Baina posible da. Ez litzateke lehenengo aldia izango zientzia-fikzioak iragarritakoa betetzen dena. Kirolei dagokienez, esate baterako, haur bakoitzarentzako egokiena zein den jakiteko balioko luke; hala, errendimendu hobea lortuko litzateke, eta lesioak izateko arrisku txikiagoa izango luke, gainera.

Dagoeneko egiten dira analisi genetikoak kiroletan. Sydney-ko Sea Eagles errugbi-taldeko jokalariei, esate baterako, bakoitzaren ezaugarri genetikoei egokitutako entrenamenduak jarri dizkiete. Baina, adituek dioten bezala, oraindik ez dakigu nahikoa geneei buruz, eta, gainera, bakoitzak jartzen duen gogoa eta egiten duen ahalegina ez datoz geneetan.

7K-n argitaratua.