}

DNA irakurtzeko tindagai berriak

2002/05/07 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Genomaren ikerketan, tindagaietan oinarritutako teknikak erabiltzen dira DNA irakurtzeko. Horren sekuentzia puskatu eta tindagai espezifikoekin tratatzen da. Tindagai bakoitza base-mota bakar bati lotzen zaio; lau
base-motentzat, beraz, lau tindagai fluoreszente erabiltzen dira, eta horrela base bakoitzari (adenina, guanina, zitosina eta timina) kolore bat egokitzen zaio. Azkenik, argiaren bitartez, fluoreszentzia eragiten zaio laginari eta irakur daitekeen koloreen sekuentzia erakusten du. Sekuentzia horren bidez, jatorrizko katea zein den jakitea lortzen da.

Hala ere, tindagai horiek arazoak sortzen dituzte. Molekulen
errotazio- eta bibrazio-higidurak eraginda, uhin-luzera desberdineko fotoiak igortzen dituzte, hau da, kolore askotakoak. Ondorioz, koloreak aldatu eta interferentziak sor daitezke. DNAren azterketan horrek akatsak ekartzen ditu.

Estatu Batuetako Marquette Unibertsitateko zientzialari batzuk arazo horiek emango ez dituzten tindagaiak ari dira prestatzen. Orain arte, uhin-luzerak gainezarri ezin dituzten bi tindagai egin dituzte. Bata bi fotoiz kitzikatu behar da fluoreszentzia eragiteko; bestea, berriz, fotoi bakar batez. Azkenak lehenengoak baino uhin-luzera handiagoko argia igortzen du. Lau base-mota daudenez, lau tindagai behar dira, eta ez bi. Beraz, zientzialariek lau prestatzen saiatuko dira, horietako bi fotoi bakar batez kitzikatu behar direnak, eta besteak bi fotoiz.

Bi fotoiko fluoreszentziak oso laser ahaltsuak eskatzen ditu, baina adituen arabera, belaunaldi berriko laserrek efektu hori lortuko dute uste baino merkeago. Ikertzaileak sistema ahalik eta sinpleen bilakatzen ari dira, bi motatako fluoreszentziak batera detektatzen dituen makina martxan jarri ahal izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia