Distantziaren karratua kolokan
2007/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Agian, zuzendu egin beharko da Isaac Newtonen formularik ospetsuena, grabitate-indarra kalkulatzeko balio duena, alegia. Arazoa distantziaren eragina da. Grabitate-indarra gero eta ahulagoa da, bi gorputzen arteko distantzia handitu ahala; kontua da zer abiaduratan ahultzen den. Newton konturatu zen distantzia bikoizteak ez zuela bi aldiz ahultzen indarra, baizik eta lau aldiz, eta, horregatik, indarraren formulan, distantziaren karratua jarri zuen zatitzailean.
Astronomoek formula hori erabili dute, besteak beste, galaxien mugimendua kalkulatzeko. Baina kalkulatutakoa eta neurtutakoa ez datoz bat. Galaxiek masa handiagoa izan beharko lukete Newtonen grabitazio-indarraren arabera mugitzeko. Beraz, astronomoek onartu zuten ikusten ez den materia asko dagoela galaxietan: materia iluna.
Materia ilunaren bilaketak ez du arrakastarik izan, ordea. Bilatzeko saiakera asko egin dira, baina ez dute lortu materia hori detektatzea. Arazo horrek beste irtenbide bat du: Newtonen formula aldatzea. Ez litzateke izango oso aldaketa handia. Fisikarien kalkuluen arabera, Newtonen formularen zatitzailean, distantziaren karratua ez da zehatza; grabitazio-indarra pixka bat mantsoago ahultzen da distantzia handitu ahala. Aldaketa txiki hori nahikoa izango litzateke galaxien mugimendua azaltzeko. Oso proposamen berritzailea da, eta, beraz, Newtonen formula aldatu baino lehen, ikusi nahi dute formulazio berriak zer efektu duen Lurraren orbitan. Fisikarien hipotesia zuzena bada, detektatu egingo dute efektua, eta, Newtonen formula ez ezik, materia ilunaren teoria ere berraztertu egin beharko dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia