}

Dislexia zuzen daiteke

1997/05/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Dislexia irakurketaren eta idazketaren ikaste-prozesuari erasaten dioen transtorno bezala definitzen da gaur egun, umearengan inolako eskasia emozional, sentsorial (ikusmenaren edo entzumenaren arazo) nahiz intelektualik atzeman gabe. Zenbait teoriaren arabera, orientazio espazialaren akatsekin edota ikus-koordinazioaren alterazioekin egongo litzateke lotuta. Espezialistek diotenez, % 6koa da biztanleria orokorrean gaitz honek duen prebalentzia eta umetan, zehatzago esateko, 10etik bat egongo litzateke gaixotasunak jota (mutikoen kopurua neskena halako bi izaten da normalean).

Zergatik sortzen da dislexia?

Hainbat teoria aipatu dira dislexiaren sorrera esplikatzeko. Horietako batzuen ustez, umearen garunean egiturazko desberdintasunen bat sortuko litzateke, mintzamenaren arean erasango lukeena. Bestalde, badira familia bereko senideen artean dislexiaren prebalentzia handiagoaren berri ematen duten ikerketak eta horregatik gaixotasunak oinarri genetikoa eduki dezakeela dioenik ere bada.

Nola jakin ume batek dislexia ote duen ala ez?

Dislexia ezin diagnostika daiteke argi eta garbi umeak sei-zazpi urte egin arte (eta beti psikologo, logopeda edo aditu baten eskutik). Hala ere, umearen gaitasun intelektualaren eta hizkuntza idatziaren inguruko bere trebetasunetan umeak lortzen dituen emaitza kaskarren arteko desoreka nabarmena da lehenagotik ere, bai gurasoak eta baita irakasleak ere susmotan jartzeko adinakoak. Ume hauek ezin dituzte letrak (alfabetoa) behar bezala ikasi, ez dira hitzen osagaiak analizatzeko gai eta horrek irakurketa motela, nekosoa eta akatsez josia dakar (letrak jan egiten dituzte edo antzeko ortografia dutenak, adibidez b eta d, elkarrekin nahastu, ahoskatzeko zailtasunak dauzkate, puntuazio-zeinuekin trabatu egiten dira, hitzak luze samarrak edo zailak direnean irakurketa erabat aldrebesten zaie, etab.)

Dislexia maila desberdinekoa izan daiteke, noski, eta ume dislexiko guztiek ez daukate atzerapen edo zailtasun bera eskolan, baina normalean gehientsuenei kosta egiten zaie trebetasun bat baino gehiago martxan jartzea eskatzen duten lanak edo eginkizunak burutzea. Adibidez, eta umeak koskortuagoak direnean, erredakzio bat egiteko eskatzen bazaie, dislexikoari kosta egingo zaio ortografia, puntuazioa eta ideien antolamendua aldi berean kontrolatzea. Denbora gehiago behar dute edozein lan —idatziz noski— egiteko eta beti erlojuaren kontra ibiltzen dira bere ikaskideekin batera gauzak bukatzeko. Horrek, luzarora, frustrazioa eragin dezake umearengan eta horregatik da hain garrantzitsua ondorengo tratamenduan umea atenditzen duen espezialistaren, ikastolako maisu-maistren eta gurasoen artean harreman estua egotea.

Dislexikoa tontoa al da?

Ezta gutxiagorik ere. Ume dislexikoak beste edozein ume bezain azkarrak dira, baina gauzak beste modu batera ulertzen dituzte. Beren egitura neurologikoa desberdina da, baina beren ikaskuntza-prozesuari beldurrik gabe aurre egiteko estrategia eta laguntza berezia eskainiz gero, arazo asko eta asko konpentsatu, errekuperatu eta konpontzeko gai dira. Dislexia ez da gaixotasun bat hitzaren zentzu hertsian —aurrez neronek kontrakoa idatzi badut ere— ikasteko modu desberdina baizik. Eta zailtasun edo diferentzia horiek onartzea gurasoen jarreraren arabera egon ohi da askotan. Hasieran gurasoak umea bezain galduta aurkituko dira, baina pazientzia eduki behar da, umea ulertzen saiatu eta ez eskatu inoiz haurrari bere ahalegin-mailaren handienarekin lor dezakeena baino gehiago.

Diagnostikoaren garrantzia

Ume dislexikoak beste edozein ume bezain azkarrak dira, baina gauzak beste modu batera ulertzen dituzte.

Errekuperazio-maila ona lortzeko eta eskolako porrota ebitatzeko detekzio goiztiarra da tresnarik oinarrizkoena. Logoterapeutek ondotxo dakite ez daudela bi ume dislexiko berdin. Horregatik, eta behin dislexiaren diagnostikoa finkatu denean, tratamendu pertsonalizatua gomendatzen da, bederatzi urte baino lehen astea komeni dena, denborak aurrera egin ahala umearen ohiturak eta azturak ere finkatu egiten baitira eta zailtasunak zuzentzea askoz ere zailagoa gertatzen baita.

Dislexia sekula ez da sendatuko erabat; hortxe egongo da barruan, lozorroan bezala; baina gaur egun tratamendu egokia aplikatuz asko hobetu eta zuzen daiteke. Ezin da patroi unibertsalik aipatu, kasu bakoitzak bere ñabardura propioak dituelako, baina ia beti mugimenduen koordinazioa eta motrizitatea lantzeko ariketak erabiltzen dira, forma eta hots antzekoak dituzten letrak bereizteko ariketak, lateralitate-arazoak konpontzeko edota ezkerra/eskuina edo goia/behea bezalako kontzeptuak bereizteko ariketa eta jolasak.

Azken ikerketek baieztatzen duten bezala, hiru ume dislexikotatik bik izaerazko eta portaerazko transtornoak ere eduki ohi dituzte. Haur-hizkeran espezialista den Mª Victoria Carretero Diaz psikopedagogoaren ustez, “ume horietako asko errebeldeak, inseguruak, lotsatiak edo herabeak izaten dira. Ez dute inolako konfidantzarik beren buruengan eta frustraturik sentitzen dira. Horregatik, familiaren jarrera oso garrantzitsua da. Gertuen dauzkatenek ez badiete laguntzen, bere posibilitate eta aukerak ere zalantzan jarriko dituzte eta segurtasun- eta autoestima-mailak —lehendik ere nahikoa ahul zirenak— oraindik ere apalago bilakatuko dira.

Gurasoentzako etxekolanak

Hona hemen aholku sinple batzuk dislexiari etxean bertan aurre egiteko:

  • Arreta gehiago eman umearen esfortzuei, lortuko duen errendimenduari baino. Dislexiak segurtasunik eza handia sortzen dio umeari; horregatik da hain garrantzitsua umearen ahaleginak eta arrakasta txikiak onartzea eta baloratzea, bere konfidantza-maila gehitzeko.
  • Bere liburuak umearekin batera irakurri, irakurketa-prozesua abentura interesgarria eta gustukoa izan dadin.
  • Ariketa ugari eta errepikapen-saio asko eskaini. Umeak behin eta berriz aritu behar du, gauzarik sinpleenekin bada ere.
  • Konparazioak alde batera utzi, bere anai-arreba eta lagunekin batez ere.
  • Inoiz ez utzi umea barregarri bere akatsengatik; ezta alfer edo baldartzat hartu (ez baitira); are gutxiago beste inoren aurrean.
  • Indartu eta sendotu bere autonomia pertsonala. Dislexikoak izateagatik ez dute gurasoen gehiegizko babesik behar.
  • Ez dramatizatu, ezta arazoa neurritik atera ere. Umea gurasoen angustiaz kutsa daiteke, alfer-alferrik kutsatu ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia