Diseinua eta lehiakortasuna
1997/04/01 Perez Ezkurdia, Maria Amaia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Perspektiba historikoa
60. hamarkadan industriaren hazkundea azkar gertatu zen; hau ordea ez zen hautatzailea izan. Konpetitibitatea bi faktoretan oinarritzen zen: alde batetik, eskulanaren kostu txikia, eta bestetik, gobernuak jarritako muga-zergak.
70. hamarkadan petrolio-krisia gertatu zen. Inguruko estatuek krisiari aurre egiten zioten bitartean, Espainiak koiunturaltzat hartu eta behar ziren aldaketak atzeratu egin zituen. Gizarte- eta politika-mailan, bestalde, aldaketa sakonak gertatu ziren.
1985ean Espainia Europako Ekonomi Elkartean sartu zen eta merkatua handitu egin zen, baina horrekin batera baldintza beretsuko nazioen arteko konkurrentziak zorroztu egin zuen merkatu hori. Horregatik, egitura industrialaren birmoldaketa beharrezkoa izan da. Bide horretan enpresa txiki askok ateak itxi behar izan dituzte edota enpresa multinazionalen atzaparretan erori dira.
Gaur egun, konpetitibitatea eskulanaren kostuetan oinarritzea ez da bide zuzena eta horrek nabaria izan beharko luke enpresentzat. Orokorrean berrikuntza da bide bakarra eta, arriskutsua izan badaiteke ere, are arriskutsuagoa izango da berrikuntzari kasu ez egitea.
Enpresaren xedea
Enpresaren xedea dirua irabaztea delakoan ibili da gure gizartea. Etekin ekonomikorik gabe epe luzera biziraupena ezinezkoa dela ez badu inork zalantzan jartzen (gizarte zerbitzuak eskaintzen dituzten edota estrategikoak diren enpresa publikoak ez badira behintzat), enpresaren xedeak bezero berriak egin eta mantentzea izan beharko luke. Bezero-multzo osatu baten ondorioak etekin ekonomikoak dira, baina horretarako bezeroak erakartzen eta kontent edukitzen jakin behar da.
Bestalde, enpresa ez da produktuak fabrikatzeko organizazio gisa hartu behar, kontsumitzailea asebetetzeko prozesu bezala baizik. Bezeroak ez du produktua erosten, onuraren itxaropena baizik.
Gaur egun produktu-eskaintza oso handia da eta produktu bakar bat kontuan hartuta ere gauza bera gertatzen da; enpresa askok eskaintzen dute produktu berdina edo oso antzekoa. Kontsumitzaileak produktua bere balio erantsiaren arabera aukeratuko du, hau da, produktuarekin batera eskuratuko dituen hainbat ezaugarriren arabera:
- kalitatea edo bezeroak kontuan hartuko dituen ezaugarriak: funtzionamendua, iraupena, estetika, berrikuntza, etab.
- kostua edo bezeroari eskatutako sakrifizioa : prezioa, denbora, arriskua, etab.
- zerbitzua edo bezeroari emandako ezaugarriak: formazioa, saldu osteko zerbitzua, etab.
Enpresak produktuari balio erantsia esleitzen badio, kontsumitzailea pozik geratuko da eta mozkinak ezinbestean jasoko dira. Horregatik da hain garrantzitsua produktua, bezeroak balio erantsirik handiena duen produktua erosiko baitu.
Produktuaren ezaugarriak
Gizartearen eta ekonomiaren garapena kontuan hartuz, hainbat berezitasun eskatzen zaizkie produktuei:
- berrikuntza-erritmo handia: hobekuntzak, txikiak badira ere, etengabe asmatzen eta praktikan jartzen saiatu behar da, epe luzera egin beharreko produktu-berrikuntza edo aldaketak ahaztu gabe.
- funtzioa eta erabilera aldetik produktu dibertsifikatuak.
- produktu eta zerbitzuen erlazio-aldaketa: askotan produktu baten salmentak kontuan hartu behar den salmenta osteko zerbitzua dakar.
Aurrerapen teknologikoa dela eta, produktua sortzeko aukera teknikoak gero eta hobeak dira:
- material berriak eta elementu berriak (elektronikoak, adibidez) erabil daitezke.
- diseinurako metodo berriak: CAD sistema, simulazioa, etab.
- elementu desberdinak konbinatzeko softwarea.
Bezeroak produktu pertsonala eskatzen badu ere, estandarizazioa komeni da neurri handi batean, gero elementu desberdinak konbinatuz aldaera berriak sortzeko. Bide horretatik, hasierako diseinuan produktuaren eboluzioa planifikatzeak geroko aldaketak erraztu egingo ditu arrakasta komertziala lortzen lagunduz.
Proiektuaren tamainagatik edo behar diren elementu teknikoen berezko zailtasunagatik, zailtasuna produktuaren proiektuari loturik dagoela esan liteke. Hori dela eta, lan metodologiarik aurreratuenak eta disziplina askoren arteko lan-taldeak beharrezkoak dira.
Bestalde, enpresa batek eginiko produktuaren jabetza ez baldin badu, jabearen menpean dago eta azken batean produkzio-zentro bat besterik ez da. Horrela, produktuaren jabeak, beste leku batean baldintza hobeak direla uste duenean, produkzio-planta eraman egingo du edota produktua fabrikatzeko lizentzia beste baten esku utziko du.
Alderantziz, nor bere produktuaren jabe bada, honekin batera erabakitzeko gaitasuna izango du. Nolabait ere, produktuaren etorkizunaren bermatzailea da.
Diseinu-tresnak
Diseinua irtenbide tekniko bat edo gehiago aukeratu eta aplikatzea da. Irtenbide teknikoa diseinatzailearen arazoak konpontzeko aukeretako bat da. Irtenbide teknikoen multzoa enpresaren ezagupen-oinarria da, hots, bere ondarerik aberatsena. Askotan ezaguera horiek diseinatzailearen buruan bakarrik daude, baina diseinatzaile hori oker egon daiteke edota enpresaz alda liteke.
Okerrak eta ahazteak ekidin eta ezagupen osoa enpresan bertan gelditzeko, diseinu sistematikoa ezinbestekoa da. Sistematizazio-prozesuan diseinu-tresnak asmatu dira; hauek bi motakoak izan daitezke:
- Metodologikoak. Irtenbide teknikoak bilatzeko metodoak ondorengo urratsak izango ditu:
- analisia: arazoak aztertu eta irtenbide teknikoak, arauak, elementu eraikitzaileak, etab. identifikatzeko urratsa.
- egituratze-prozesua: aukeratutako irtenbide teknikoen arteko murriztapenak, konpatibilitateak, etab. aztertu eta diseinuaren azpi-prozesuen definiziorako urratsa.
- garbiketa: akatsak, hobekuntza-aukerak, etab. aztertzeko urratsa.
Urrats guztiek sistematizaturik egon behar dute diseinu-prozesuaren optimizaziorako. Sistematizazio horretarako diseinu-tresna desberdinak daude: Ondorio eta Akatsetako Analisi Metodologikoa, Fabrikazio eta Muntaiarako Diseinua, diseinatzeko eskuliburuak, etab.
- Materialak. Informatikak baliabide materialak eskaintzen dizkigu gehienbat. Ezagunenak CAD sistemak, datu-baseak, sistema adituak eta programazio-lengoaiak dira, besteak beste. Tresna horiek lana erraztu eta hobetu egiten badute ere, tresna edo erreminta besterik ez dira eta ondo programatuta ez badaude, bere etekina galdu egingo da, neurri handi batean behintzat. Horregatik, material hauen aplikazioa baino lehen, diseinu-prozesua egituratzea eta itxuratzea beharrezkoa da.
Produktu berrien plangintza
Produktu baten bizitza gero eta laburragoa da, jendearen beharrak eta nahiak etengabe aldatzen baitira eta ateratzen diren teknologia berrien onura aprobetxatuz, kostu abantailak eta kalitate handiagoko produktuak lortu baitaitezke. Hori dela eta, produktu berri bat edo produktu baten berrikuntzak egiteko epeak gero eta laburragoa izan behar du: zenbat eta epe laburragoa konkurrentziari aurrea hartzeko probabilitate handiagoa izango da.
Azken urteotan Baterako Injinerutza izeneko filosofia pil-pilean daukagu. Filosofia horren arabera lan-talde desberdinek (produkzioa, fabrikazioa, marketing-a ) paraleloan eta elkarrekin loturik egingo dute lan, eta ez elkarren segidan. Orduan akatsen zuzenketak eta orokorrean aldaketak lehenagotik egiten dira eta kalitatea handitu eta kostuak eta epeak murriztu egiten dira.
Konpetitibitatearen lasterketan atzera ez gelditzeko diseinua eta berrikuntza da bidea eta bide horri jarraitzeko enpresako partaide guztiek goitik behera egon behar dute inplikatuta.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia