}

Diseinu-drogak liburua

1997/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

CAF-Elhuyar III. saria. Dibulgazio liburuak akzesita. Jesus Mª Aizpurua eta Jose Javier Gracenea Kimikariak. CAF-Elhuyar III. saria. Dibulgazio liburuak akzesita.

Jesus Mª Aizpurua eta Jose Javier Gracenea

Kimikariak

Akzesitak sari txikitzat hartzen omen dira. Alabaina, jasotakoarekin pozik zaudela nabari zaizu...

Dudarik gabe, niretzat oso garrantzitsua da sari hau eskuratu izana, lau lan aurkeztu direla ikusita, nahikoa ongi geratu baikara. CAF-Elhuyar Sari hauek asko maite ditut. Euskarazko produkzioari bultzadatxo bat emateko balio dutela iruditzen zait eta, noski, euskaraz egiten den guztia bultzatu behar da, baina bereziki zientziaren eta teknologiaren alorrean. Arlo horiek gaur egun oso garrantzitsuak dira eta euskaraz egitea funtsezkoa.

Inondik inora, modako gaia dugu liburuan aztertu duzuena. Zein da lan horren helburua?

Diseinu-drogei buruz hitz egiten denean, jendeari pilula hitza datorkio burura. Alabaina, pilula horietan gauza asko aurki daitezke, diseinu-drogen artean, mota asko dagoelako; hau da, den-dena ez da estasia. Jendea nahastu samar dabilela kontuan hartuta, gure helburu nagusia jendea informatzea izan da. Diseinu-drogei buruz informazio zehatza eta zientifikoa eskaini nahi izan dugu. Era berean, noski, liburua edonork ulertzeko modukoa izatea nahi genuen. Bestalde, ez dugu ahaztu behar bi saridunok kimikariak garela eta zentzu horretan, kimikaren eta diseinu-drogen arteko sinbiosia egin nahi izan dugu. Bateko zein besteko zenbait kontzeptu azaldu dizkiogu irakurleari.

Zernolako tratamendua eskaintzen die komunikabideek diseinu-drogen gaiari?

Komunikabideek gai askotaz hitz egiten dute. Gaia berria denean informazio asko ematen dute denbora gutxian. Sarritan, korrika landutako informazioa ematen da eta, beraz, esaten dena ez da batere zehatza izaten, nahiz eta zientzian zehaztasunak garrantzi handia izan. Gure ustez, kazetariek ez dituzte hainbat kontzeptu zientifiko argi azaltzen eta, horren ondorioz, irakurleek eta ikus-entzuleek kontzeptu horien artean nahasmen izugarria dute. "

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia