Dirua eta zoriona
2010/07/03 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Ondorio horietara iristeko, Belgikako Liege Unibertsitateko zientzialariek 350 boluntariorekin egindako ikerketa bat izan dute oinarri. Unibertsitateko langileak ziren oro; lanpostu eta ardura-maila ezberdinetakoak. Eta galdeketak egin zizkieten, diru-sarrera, aurrezki eta, oro har, diruarekiko eta eguneroko gertakari positiboekiko zein jarrera agertzen zuten jakiteko.
Datuak aztertu ondoren, bada, pertsona aberatsagoek egunerokoan poza edo asetasuna lortzeko gaitasun txikiagoa dutela azaldu dute ikertzaileek. Dena den, gauzak hain ongi ez doazkien pertsonak baino pixka bat pozikago bizi direla ere aipatu dute.
Galdeketez gain, esperimentu batean parte hartu behar izan zuten boluntarioek. Horretarako, bi taldetan banatu zituzten: batzuei, diru-kopuru baten irudia erakutsi zieten; beste batzuei, berriz, marrazki “neutral” bat (dirua zuen hondoan, baina irudia lausoa zen oso). Ondoren, esperientzia atseginez gozatzeko duten gaitasuna neurtu zieten, galdeketa psikologiko baten bitartez. Ondorioa? diruaren irudia argi ikusi zutenek emaitza baxuagoak lortu zituzten gozamen-gaitasunari dagokionez.
Bigarren test batean, 40 ikasleri txokolatearekiko duten jarreraren inguruan galdetu zieten. Karpeta berean, ustez gaiarekin zerikusirik ez zuen beste ikerketa baten argazki bat sartu zieten (batzuek diru-pila baten irudia ikusi zuten, eta beste batzuek, aldiz, beste objektu bat). Jateko txokolate-zati bana eman zieten gero guztiei.
Haiek zein irudi ikusi zuten jakin gabe, ikertzaileek neurtu egin zieten txokolatea dastatzen pasatako denbora, baita ustez ekintzarekin sentitu zuten plazera ere. Bada, diotenez, dirua ikusi zutenek minutu gutxiago eskaini zioten txokolate-janari eta, beraz, baita ekintza horrekin gozatzeari ere. Irudi neutrala ikusi zutenek, berriz, denbora gehiago behar izan zuten; txokolateaz gehiago gozatu zuten seinale, nonbait.
Belgikako ikertzaileen ustez, argi geratu da bizitzako plazer xumeez gozatzeko gaitasunean txarrerako eragin dezakeela diruak. Eta diruarekin erlazionatutako irudi bat ikuste hutsak ere asebetetze-maila txiki dezakeela diote. “Nork bere beharrak asetzeko behar adina diru duenean, kapital gehiago izateak ez du pozikago sentiaraziko”, laburbildu dute.
Minaren aringarri?
Diruaren eragin psikologikoa Minnesotako Unibertsitateko ikertzaile-talde batek ere aztertu du berriki. Eskudiruak mina (fisikoa eta emozionala) arindu dezakeela ondorioztatu du.
Billeteak kontatzen aritu ostean, eskuak ur bero-berotan sartu behar izan zituzten boluntarioek. Paper-zati arruntak zenbatzen aritu zirenek baino min gutxiago jasan ei zuten diruarekin aritu zirenek. (Argazkia: JM Rosenfeld) .
Boluntario-talde batek dirua (billeteak) zenbatu behar izan zuen esperimentuan; beste talde batek, aldiz, paper-zatiak. Ondoren, eskuak ur bero-berotan sartu, eta sentitzen zuten minari nota jartzeko agindu zieten ikertzaileek. Eskudirua zenbatu zutenek min gutxiago sentitu ei zuten.
Ordenagailuko joko batean ari zirela gainontzeko lehiakideek zenbait lagun lehiatik kanporatu zituztenean ere, aurretik eskudirua zenbatu zutenek “bazterkeria” horren aurrean gutxiago sufritu izana aitortu zuten.
Antzeko beste esperimentu batzuk ere egin ditu ikertzaile-taldeak (AEBn ez ezik, Txinan eta Kanadan ere), eta emaitza berdinak lortu dituela azaldu du Harvard Business Review aldizkarian. Finean, eskudiruak pertsonei “barne-indar” moduko bat eman eta min fisiko eta emozionala arin diezaiekeela ondorioztatu dute.
Ortzadar-en argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia