}

Diru gutxi intsektuen genoma osatzeko

2001/11/07 Elhuyar Zientzia

Intsektuek ez dute bereganatu oraindik genomaren sekuentziazioa egiten ari diren enpresen arreta. Aniztasun handiena duten organismoak izan arren eta, uzta eta aziendetan urtean 26 milioi dolar inguruko kalteak eragin arren, hiru intsekturen genomak baino ez dituzte aztertu ikertzaileek. Iaz Drosophila melanogaster fruta-euliaren genoma deszifratu zuten.

Zenbait ikertzaileren iritziz, intsektuen genoma ezagutzea garrantzitsua da gaixotasunen garraiatzaile eta kutsatzaile baitira maiz; baina ikerketa horiek egiteko dirutza handia behar denez, ez dira gauzatzen. Horrenbestez, Amerikako Estatu Batuetako Nekazaritza Sailak eta ikertzaileek intsektuen genomaren inguruko ekimen berezi bat bultzatzeko eskatu diote kongresuari.

Eltxoak eta klima-aldaketa

Zenbait eltxok klima-aldaketaren berri izan dute eta horren arabera hasi dira beren jokabidea egokitzen. Ipar Amerikako Wyeomyia smithii eltxoak urtaro-aldaketak antzemateko mekanismo berezi bat du. Eguna laburtzen hasten dela ohartzen denean ohartzen da negua datorrela eta lokartzeko garaia dutela. Klima epeltzen joan da azken urteotan, baina egunak lehen bezala luzatu eta laburtzen dira. Hala ere, eltxo horiek egoera berrira egokitu dute beren sistema eta negua lehen baino epelagoa denez, geroago lokartzen dira. Gaur egun eltxoak 1972an baino 9 egun geroago lokartzen direla ikusi dute Oregon-eko Unibersitateko ikertzaileek eta, beraz, klima-aldaketara egokitzeko eboluzionatzen hasi diren lehenengoetakoak izan daitezkeela uste dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia