"Dinosauroidea, gure aurreko izaki aimentsua ote?"
1993/12/01 Barrentsoro, Karlox Iturria: Elhuyar aldizkaria
Dinosauruez hitz egiten dugunean, izaki erraldoien eta ikaragarrien irudia datorkigu burura, urte luzetan horrelako ustea izan dugulako. Baina gaur egun jakin badakigu neurri, pisu eta era askotakoak izan zirela. 140.000.000 urtean zehar bizi izan ziren, “Triasiko” deituriko garaitik “Kretaziko” deitutakoaren bukaera arte. Eta misteriotsuki desagertu ziren orain dela 60.000.000 urte. Desagertzeko izan ziren arrazoiei buruz asko idatzi eta mintzatu da, eta teoria franko eman da aditzera. Famatuenetakoak, lurrera garai hartan erori omen zen asteroide erraldoiarena dugu. Nolanahi ere, dinosauruak erabat desagertu ziren.
Animalien itxura, kasualitate hutsa ote?
Dinosauruen arlo zabala aztertuz gero, itxura eta familia ezberdinetako mota askorekin egingo dugu topo. Batzuk belarjaleak ziren, besteak haragijaleak; batzuk orduko oihan lizun trinkoetan bizi ziren, itsasoan edo itsasertzean besteak, ... Batzuk txikiak ziren (metro bat luze baino gehiago ez zen compsognathus izenekoa lekuko). Besteak arras erraldoiak: brakiosaurioak, tiranosaurioak, diplodokoak, ... Batzuk lehorrekoak ziren, arrunt. Besteak berriz, igerilariak (iktiosaurioak esate baterako) eta egon bazeuden hegan egiten zutenak ere, hala nola pterodaktiloa, pteranodontea, ... eta bitxiena archaeopteryx izeneko dinosauru lumaduna. Azken honetan oinarriturik, badira hegaztiak dinosauruengandik datozela defendatzen duten zientzilariak.
Aipaturiko zenbait dinosaururen itxura aztertuz, gaur egun beren ingurunean bizi eta defendatzen diren bestelako animaliekin zer-nolako antza daukaten ikus dezakegu. Eta hor dago kakoa. Inguruak ez al du bere baitan garatzen diren espezieen itxurekin zerikusirik? Kasualitate hutsa ote da animaliek duten itxura? Archaeopteryx aren eta gaur egungo zenbait hegaztiren itxura aztertzen baditugu, oso antzekoak direla ikusiko dugu.
Kasualitatea ote? Gauza bera gertatuko zaigu trizerotops edota bestelako dinosauru adardunen itxura oraingo errinozeroarenarekin konparatuz gero. Kasualitatea? Eta zer esanik ez, iktiosaurioaren itxura gaur egungo izurdearen (ugaztuna) edo arraina den marrazoarenarekin konparaturik. Hori ere kasualitatea ote? Nire uste apalez, ez dira kasualitate hutsak; inguruneak zuzenean eragin baitezake bere baitan garatzen diren espezieen itxuran. (Ikus konparazio-marrazkiak).
Eta gizakiaren itxuraz zer?
Eta gizakiaren itxurari dagokionez, ezin al dugu antzekorik esan? Eta zergatik ez? Inguruneak besteren itxuren osakeran eragina eduki badezake, zergatik ez gurean? Otawako “Museum of Nature”n lan egiten duen 53 urteko Dale Russel paleontologo kanadarrak oso teoria ausarta plazaratu du honi buruz. 1968. urtean, Kanadako Alberta izeneko lurraldeko hegoaldean, dinosauru txiki baten arrastoak aurkitu zituen. Ikertu eta datatuz gero, Stenoychosaurus izena eman zitzaion eta 75.000.000 urteko antzinatasuna leporatu zioten.
Bere eskeletoaren egituran eta espezieen eboluzioaren pausuetan oinarriturik, gaur egungo gizakiaren antzeko izaki bat eraiki zuen: dinosauroidea. Dale Russellen ustez, prozesu biologikoen aurrean ba omen daude irtenbide morfologikoak. Giza itxura ez da kasualitatea; arazo biofisiko zehatz bati ematen zaion irtenbidea baizik. Giza itxura oso egokitua eta landua dagoenez, hautespen naturalak bilatzen eta lortzen duen helburu naturaltzat har genezake.
Stenoychosaurus a bipedo edo hankabikoa zen; oso esku malgua eta erpuru toleskorra zituena. Dinosauru izateko oso garun handikoa zen eta ikusmen binokularrekoa. Eta agerikoa da horrelako ezaugarriak eta antropologiak gizateriaren arbaso zaharrei buruz ematen dituenak alderatuta parekotasun handia sortzen dela. Aipatutako paleontologoaren ustez, ingurua eta genetika, gaur egungo gizakiaren antzeko espezie dinosauroide bat sortarazteko gauza dira. Eta stenoychosaurus aren garunaren neurri handia ikusirik, zergatik ezin da pentsatu agian gure antzera adimentsua izan zitekeela? Hitz bitan esanda, gure antzeko antroposaurio edo gizasaurio adimentsua izan zitekeen. Eta zergatik ez?
Eta Ica-ko harrietako izakiak?
Denok ezagutzen ditugu gure historiaurrekoak diren eta zientziak defendatzen duenarekin bat ez datozen arrastoak. Bagdadeko pila, balaz zulatutako buruhezur prehistorikoa, Nazca-ko geoglifoak, Atacama basamortukoak, Saharakoak, antzinako airetiko mapak, ...; gure zientziak eskaintzen digun bide logikoan ondo sartzen ez direnenak. Horietako bat dugu Ica-ko harrietakoa. Dagoenekoz ehundaka azaldu diren harri horietan, gizaki bitxi batez mintzo dira. Gaur egungo zientzilariek ez dituzte ontzat hartzen jakina! Baina nondik datozkigu? eta noizkoak dira?
Harri horietan mezu berezi asko ematen zaizkigu: ebakuntzak, eragiketak, ... baita gizaki bitxi horren bizimoduari buruzkoak ere. Askotan azaltzen dira dinosauru ezberdinen ondoan, eta horietako hegalari batzuen gainean hegan eginez ere bai. Icako gizakiaren itxurari erreparatzen badiogu, berak ere erdisaurioa dirudiela esan genezake. Eta ez bere itxuragatik bakarrik; buruan, beso eta hanketan ikus dakizkiokeen eskemen antzagatik ere bai baizik. Eta Icako harriak gizaki dinosauroideak eginak balira? Eta tximinotik garatu den gure gizateria baino lehen, dinosauruetatik sortutako beste gizateria egon izan balitz? Denok dakigunez historia eta historiaurrea, gizakiaren neurrira egindako denborazko jantziak dira. Eta lehenago bestelako espezie adimentsuen historia egon izan balitz?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia