}

Dinosauroenak baino oinatz sakonagoak

2002/11/10 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Genesiak esaten duenez, bedeinkatu ondoren Jaungoikoak gizakiei fruituak eman eta ugaltzeko agindu zien, eta lurra bete eta menderatzeko. Itsasoetako arrainak, aireko hegaztiak eta lur gainean higitzen diren bizidun guztiak mendean hartzeko mandatua eman zien. Eta argitaratu berri den munduko maparen arabera, halaxe egin dugula dirudi.

Estatu Batuetako Wildlife Conservation Society erakunde ekologistak gizakiak Lurreko gune guztietan duen eragina irudikatu du mapa batean. Itsasoa ez dute kontuan hartu, ezta Antartika eta ozeanoaren erdian dauden uharte txiki asko ere, baina, dena dela, emaitza ez da gutxiesteko modukoa: datuek diote lurrazalaren % 83an nabarmen utzi dugula gure oinatza, hau da, Alaska, Kanada eta Errusiako basoak, Mongolia eta Tibeteko goi-lautadak eta Amazonaseko eskualde zabalak ez beste toki guztietan. Gainera, arroza, garia eta artoa ereiteko egokiak diren lurretatik % 98 ustiatuta daude dagoeneko.

Industria Iraultzaren garaitik hona eta, batik bat, XX. mendean, geroz eta azkarrago eraldatu du gizakiak natura. Industria Iraultza gertatu aurretik, gizakion eta animalien indar fisikoak mugatzen zuen natura eraldatzeko gaitasuna, baina gaur egun bulldozer bat aski dugu 300 zaldiren indarra ordezkatzeko. Inguruaren aldaketa hain bortitzaz jabetzeko, nahikoa da XX. mende-hasierako argazkiei begiratu edo aiton-amonei galdegitea. Edo norberaren haurtzaroan etxe inguruan zer zuen eta orain zer dagoen begiratzea.

Azken urteetan egindako azterketek erakutsi dutenez, lurrak urtero sortzen duen materia organikotik % 40 eta itsasoan ekoizten denetik % 35 geureganatzen dugu, eta lur gainean dagoen ur gezaren % 60 erabiltzen dugu. Gauzak horrela, lurreko biztanle bakoitzak estatubatuar arrunt batek bezainbeste kontsumituko balu, lau Lur planeta beharko lirateke gu guztiak hornitzeko. Egia da, bai, estatubatuarrak direla gehien kontsumitzen dutenak, baina gu ez gaude oso urrun. Interneteko helbidean egin klik hemen , dagoen galdeketari erantzunez gero, zu bezalako 6.000 milioi lagunek zenbat planeta beharko lituzketen jakin ahalko duzu. Nik, jasangarri izateko, erdia baino gutxiago kontsumitu beharko nuke, adibidez.

Eskualdeak 1 eta 100 artean puntuatu dituzte. 100 giza eragin handiena dutenentzat eta 0 salbuen zeudenentzat. 100 puntu gune bakarrari egokitu zaizkio, Texas-en dagoen Brownsville; gutxien, berriz, baso borealek, Afrika eta Australiako basamortuek, Artikoko tundrak eta Amazonas arroak jaso dituzte.
WCSrena

Aurrerapen teknologikoen eskutik iritsi den mapa

Orain dela hogei urte ezinezkoa izango zatekeen horrelako mapa bat egitea, datuak esku artean izanda ere, ez baitzegoen horiek kudeatzeko erreminta egokirik. Wildlife Conservation Society-ko kideek lau eragilerekin egin dute lan batera: populazio-dentsitatea, lurraren transformazioa, komunikazio-azpiegiturak eta azpiegitura elektrikoak. Azken horien berri, adibidez, sateliteek hartutako Lurraren argazkietatik jakin dute, gauez egindako argazkiak hartu eta argiak non zeuden eta zenbateko intentsitatea zuten aztertuta. Sateliteei esker, askoz errazago biltzen dira orain datu geografikoak eta, informatikari esker, modu eraginkorrean kudea daitezke. Kasu honetan, nazioarteko hainbat erakunderen 9 datu-multzotatik erauzi dira mapa osatzeko beharrezkoak zirenak.

Lurrak urtero sortzen duen materia organikotik % 40 eta itsasoan ekoizten denetik % 35 geureganatzen dugu, eta lur gainean dagoen ur gezaren % 60 erabiltzen dugu.

Eragile guztiak konbinatu eta 1 eta 100 artean puntuatu dituzte. 100 giza oinatz sakonena zutenentzat eta 0 salbuen zeudenentzat. Puntuak emateko orduan, eskualde bakoitzaren ezaugarri ekologikoak ere kontuan hartu dituzte, eragile berek oinatz desberdina uzten baitute Estatu Batuetako basoetan eta tropikoetako euri-oihanetan.

100 puntu gune bakarrari egokitu zaizkio, Texas-en dagoen Brownsville hiriari, baina salbuespen hori alde batera utzita, munduko hiri handienen zerrendaren itxura hartu du honen buruak ere. New York, Mexiko hiria, Kalkuta, Beijing, Durban, Sao Paulo, Londres... agertzen dira zerrendako lehenen artean; azkenak, berriz, baso borealak, Afrika eta Australiako basamortuak, Artikoko tundra eta Amazonas arroa, ia biztanlerik ez duten eskualdeak, alegia.

Horrelako mapak, kontzientzia hartzeko balio izateaz gain, tokian tokiko kudeaketa-planak diseinatzeko ere oso erabilgarriak direlakoan daude Wildlife Conservation Society-ko kideak. Bildu dituzten datuak mugatuak eta eskala handikoak izan arren, abiapuntu ontzat jo dute. Izan ere, giza oinatzen artean oraindik basatiak diren eskualdeak identifikatu dituzte. 568 gune sailkatu dituzte ‘basa bizitzaren azken eremuen’ zerrendan, lurrean dauden ekosistema-multzoak ahalik eta hobekien ordezkatuz. Batzuek 100.000 km2-tik gora dituzte, beste batzuek ozta-ozta 5, baina nondik hasi eman dute behintzat.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia