Dinosauroen garaiko igela...
2003/10/16 Elhuyar Zientzia
...eta bizirik. Argazkiko igela Indiako hegoaldeko Gahts mendietan aurkitu dute Indiako eta Belgikako ikertzaileek. Igelak, bistan denez, oso itxura berezia du. Baina adituei ez die horrek eman atentzioa. Izan ere, zuloak egiten dituzten igelen artean badaude antzeko ezaugarriak dituztenak.
Barruan dauka berezitasuna igel honek. Analisien arabera, barne anatomiak eta ezaugarri genetikoek oso antzinako familia-adar batekin lotzen dute Indiako igel hau. Hurbileneko ahaide genetikoak Seychelle uharteetan omen dauzka, gaur egun hiru mila kilometrora. Ahaidetasun hori ez da ulergaitza, duela 65 bat milioi urtera arte Seychelle uharteak eta India elkarren ondoan baitzeuden.
Hala ere, Indiako igel berezi honek ez zuen lurrak banatu ondoren eboluzionatu, analisi genetikoek duela 130 milioi urte bereiztu zela adierazi baitute. Oso-oso aspaldikoa da, beraz.
Argazkia: Dr. S. D. Biju.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia