Dinosauroak ugaztunen dietan

Mesozoikoa dinosauroen aroa izan zela esaten da; izan ere, dinosauroak jaun eta jabe ziren. Ugaztunak, berriz, txikiak zirela uste zen, eta batez ere gauez ibiltzen zirela, dinosauroen beldur zirelako edo.

Txinako Liaoning eskualdeko aztarnategi aberatsean, ordea, garai hartako ugaztun handi samarren fosilak aurkitu dituzte, eta horietako batek dinosauro-kume bat dauka sabelean gainera.

Repenomamus robustus izeneko ugaztunaren fosilak aurkitu izan dituzte paleontologoek lehen ere. Baina, oraingoan, sorpresaz beteriko aurkikuntza egin dute: duela 130 milioi urteko R. robustus baten urdailean dinosauro-kume baten hezurrak aurkitu dituzte batetik —beraz, ugaztunak ez ziren uste zen bezain izuak—, eta, bestetik, ugaztun handiago baten fosila ere topatu dute handik gertu. Beste ugaztun horri Repenomamus giganticus izena jarri diote.

Fosila aztertuta jakin dute R. giganticus-ek (argazkian) metro bat inguruko luzera eta 12-14 kiloko pisua zituela. Eta hortzei eta barailari begiratuta ondorioztatu dute ugaztun hori ere, R. robustus bezala, haragijalea zela; beraz, horrek ere jan zitzakeen dinosauroak.

Baina ugaztun horien bizimodua era fidagarriagoan ezagutu nahi bada, fosil gehiago beharko dira. Eta paleontologoek espero dute aztarnategiko lanek aurrera egin ahala Mesozoikoko ugaztun handiagoen berri izango dugula.

Argazkia: Institute of Vertebrate Paleontology and Paleoanthropology Chinese Academy of Sciences. Wei Gao.

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Kimika Zientziak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan ari da 2003ko otsailetik Elhuyar Fundazioan.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera.  Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da,  ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Giza zientziak