}

Dialisirako tresna txikiagoak

2004/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Dialisia egin behar duten gaixoek ospitalean egin beharrean etxean egiteko aukera izango dute, AEBetan garatutako teknologia bati esker. Sistema hori garatu duten ikertzaileek mikroteknologia erabili dute filtrazio-sistema konpaktu bat lortzeko. Haien esanean, egungo dialisi-makinek aspaldiko teknologia erabiltzen dute, eta % 30 inguruko eraginkortasuna dute. Mikroteknologia erabiliz, ordea, eraginkortasuna % 90ekoa izatea lor daiteke.

Egun, dialisi-tratamenduetan, gaixoek lau orduko saioak izaten dituzte normalean astean hiru aldiz, edo bestela egunero 8 ordukoak, lo egiten duten bitartean.

Dialisi-sistema konpaktu berria etxean edukitzeko moduko tamainakoa izango da. Orain artekoak hozkailu baten tamaina zuen, baina tresna berria maleta baten tamainakoa izango da, eta, ondorioz, eramangarria izango da.

Dialisirako ekipoak gero eta txikiagoak izatea eta egunen batean gaixoen gorputzean txertatu ahal izatea da ikertzaileen helburua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia