Deskarga elektrikoen bidez, oinez
2002/02/01 Elhuyar Zientzia
Partzialki paralizatutako gizon batek berriz ibiltzea lortu du bizkarrezurrean ezarri dizkioten elektrodo batzuei esker. Gizasemeak gorputzaren laurdena paralizatua zuen eta orain kilometro bat oinez egiteko gai da. Arizonako Estatu Unibertsitateko ikertzaileek elektrodo batzuk ezarri zizkioten bizkarrezur-muinean eta, haien bidez, deskarga txikiak eragiten dizkiote ibiltzen ari den bitartean.
Estimulazio elektrikorik gabe pazienteak 50 metro hiru minutuan egiten zituen eta, estimulazioari esker, ibilbide bera 60 segundoan egiten du. Hainbat hilabetetan entrenatu ondoren, kilometro bat ibili daiteke gehiegi nekatu gabe. Antza denez, estimulazioak bizkarrezur-muineko nerbioen zirkuitua kitzikatzen du, ia-ia ibilera normalean gertatzen den bezalaxe. Gainera, energia-gastua eta nekea txikitzea lortzen du, muskuluei gantzak erretzea eragiten baitie.
Badirudi terapia berria oso baliagarria dela paralisi partzialak dituztenentzat, baina ikertzaileek nabarmendu dutenez, erabateko paralisia dutenenek ezingo diote probetxurik atera, zutik egoteko gai izatea funtsezko baldintza baita.
Informazio gehiago Nature aldizkariaren web gunean
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia