Desagertzear dauden espezieak gero eta gehiago dira
2002/10/08 Elhuyar Zientzia
International Union for the Conservation of Nature (IUCN) erakundeak desagertzeko arriskuan dauden animalia- eta landare-espezieen zerrenda berria plazaratu du.
Animalien zerrendan 11.167 espezie daude, duela bi urte azkeneko aldiz publikatu zenean baino 121 espezie gehiago. Erakundearen iritziz, arrisku larrienean dauden espezieak hiru dira: saiga, katamotza eta gamelua.
Saiga (Saiga tatarica) Asiako antilope bat da. Azkeneko hamarkadan izugarrizko beherakada izan du: 1993an milioi bat saiga basati zeudela zenbatesten zen eta gaur egun ez daude 50.000 baino gehiago. Bere okela eta adarrengatik ehizatzen da.
Gamelua (Camelus ferus) ere jasaten ari den ehizaren erruz dago desagertzear. Gamelu etxekotuekin elikagaiengatik eta urarengatik lehiatzen duelako ehizatzen da; baita kirol bezala ere.
Hirugarren espeziea katamotz iberiarra da (Lynx pardina). Espezie horren kasuan, desagertzeko arriskuan egotearen arrazoi nagusia nekazaritzaren eta industriaren garapenak eragindako habitat-zatiketa da. Gaur egun, Espainiako hego-mendebaldean eta Portugalen bakarrik aurki daitezke populazio isolatu batzuk.
Zerrendaren hasiera-hasieran ez badaude ere, primateen kasua ere aipatzekoa da. IUCNek dioenez, hiru primate-espezietatik bat desagertzeko arriskuan dago. Guztira 195 espezie sartu dituzte zerrendan, 2000. urtean baino 75 gehiago. Horietatik % 45 Asiako espezieak dira.
Landareei dagokienez, 5.714 espezie daude zerrendan. Hala ere, datu hori ez dela guztiz egiazkoa diote, zerrenda sortzeko ebaluatu dituzten landareak Lurrean dauden espezie guztien % 4 bakarrik direla zenbatetsi baitute. Beraz, litekeena da datozen urteetan arriskuan dauden landare-espezieen zerrenda asko luzatzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia