}

Desagertutako espezie baten ADN mitokondriala sekuentziatuta

2001/02/08 Elhuyar Zientzia

Moa, Zeelanda Berriko ostroka-itxurako hegazti erraldoia, duela hirurehun bat urte desagertu zen. Hango biztanleen arabera, hiru metroraino irits zitekeen animalia horrek oso azkar egiten zuen korrika eta inguratuta zegoenean ostikoka defendatzen zen.

Maoriek gorde egiten zituzten moaren hezurrak. XIX. mendean, Richard Owen anatomista ospetsuak, John Rule-k behin eta berriz eskatu ondoren, hezur horietako bat aztertu eta hegan egiten ez zuen hegazti erraldoi batena zela ikusi zuen. Aurrerantzean, mendebaldeko herrietan moaren aurkitzailetzat hartu da.

Moa, ostroka, emua, kiwia eta antzeko hegaztiak familia berekoak dira. Analisi morfologikoen emaitzetan oinarriturik, Gondwana superkontinentean (gaurko hego-hemisferioko lurraldeetan) isolatuta gelditutako taldea zela uste zuten biologoek. 1986an Nature aldizkarian argitaratu zenez, ordea, ipar-hemisferioan familia bereko fosilak aurkitu ziren. Ikerketa asko egin den arren, ez da argitu hegazti horien eboluzioa nolakoa izan zen.

Lan horren hurrengo urratsa Ingalaterrako eta Espainiako ikertzaile batzuek egin dute. Moa hegaztiaren genoma mitokondriala isolatu eta analizatu dute laborategian. Analisi horiek ostroka, kiwi eta antzeko hegaztien genomarekin batera jatorri genetikoa bilatzeko erabili dituzte. Orain arteko emaitzak oso interesgarriak dira, hegazti horiek monofiletikoak ez direla, hau da, denak ez datozela eboluzio-adar beretik, ondorioztatu dutelako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia