}

Desafio zientifikoak

2008/04/03 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Desafioak kirolarekin lotzen ditugu batik bat, baina zientzia eta teknologiaren munduan ere hainbatetan baliatu dira, arazo zehatzei irtenbidea bilatzeko pizgarri gisa.
Erloju honekin lortu zuen Harrisonek lngitudea zehatz neurtzeko metodoa asmatzen zuenarentzat gobernu briatiniarrak eskainitako saria Argazkia: Itsas Museo Nazionala, Greenwich).
.

XVIII. mendearen hasieran, esaterako, Britainia Handiko gobernuak hogei mila liberako sari bat eskaini zuen longitudea gradu-erdiko zehaztasunez neurtu ahal izateko teknika asmatzen zuenarentzat . Garai hartan, ontzi eta bizi ugari galtzen ziren itsasoan longitudea neurtzeko metodorik ez zutelako; eta aurkitutako lur berriak ondo kokatu eta norenak ziren erabakitzeko ere beharrezkoa zuten longitudea neurtzea. Sari handi hura 1714an eman zuen gobernu britainiarrak, eta erronka hain zen handia, 1761era arte ez zuen inork asmatu saria mereziko zuen metodoa. Azkenean, John Harrison-ek eskuratu zuen, malgukietan oinarritutako erlojuari esker.

New York eta Paris arteko lehen hegaldiak ere desafioa izan zuen atzetik. Marka hura lortzen zuenari 25.000 dolar emango zizkiola agindu zuen Raymond Orteig frantziar aberatsak 1919an, eta zortzi urte geroago bereganatu zuen saria Charles Lindbergh-ek. Eta hegaldien mundutik atera gabe, baina orainaldira etorrita, 10 milioi dolarren truke aritu dira lehian hainbat konpainia aeroespazial. Ehun kilometrora hiru pertsona eramango zituen espazio-ontzia egiten zuenarentzat eskaini zuen kantitate hori X Prize Fundazioak 1995ean, eta saria Kaliforniako Mojave Aerospace Ventures enpresak eskuratu zuen 2004an. Bidean, saria halako hamar gastatu dute desafioan parte hartu zuten taldeek.

Hain zuzen ere, berrikuntza teknologikoan egiten den inbertsioa bultzatzea izan ohi da horrelako sariketen helburuetako bat, sektore pribatuari begira, batik bat. Fundazio horrek berak antzeko ezaugarriak dituzten beste bi desafio ditu martxan. Bata 10 milioi dolarrekoa, genoma sekuentziatzeko teknika azkarrak garatzea bilatzen duena, eta bestea 30 milioi dolarrekoa, 2012rako Ilargira iritsiko den ibilgailu bat prestatzen duenarentzat .

Arlo medikoan ere geroz eta gehiago entzuten da horrelako sarien berri. Joan den urtarrilean bertan, Nazio Batuen Unibertsitateak eta Maastricht Unibertsitateak bi eguneko lan-saio bat antolatu zuten medikuntzaren arloan sarien estrategiak ekar dezakeenaz eztabaidatzeko. Izan ere, sariketen aldekoek gaixotasun arraroen ikerketa sustatzeko edo mendebaldeko gizarteari eragiten ez diotenak ez ahazteko bide eraginkor gisa ikusten dituzte. Edonola ere, oraingoz ez da aurkeztu aurrekoak bezain sari handirik.

Innocentive enpresak web gune baten bidez kudeatzen ditu desafioak eta solzuioak.

Eta horrelako sari ikusgarri eta puntualez gain, badago kantitatez xumeagoa baina ondorioetan iraultzaileago izan daitekeen desafioen beste merkatu bat. Merkatu horren ikurra Estatu Batuetako InnoCentive enpresa da, eta, 2001etik, seiehundik gora erronka bota ditu bere web gunearen bidez. Enpresa Eli Lilly's farmazia-konpainiak sortu zuen, hain zuzen ere, barruan konpondu ezin zituzten arazoei irtenbidea kanpoan bilatzeko, eta, hasiera batean farmazia-industriaren alorreko erronketara mugatu baziren ere, denetariko desafioak topa litezke orain web gunean. Sariak ere berdin, hasi bost mila dolarretik eta milioi batera arte.

Enpresaren funtzionamendua oso sinplea da: bitartekari-lanak egiten dituzte erronka botatzen eta jasotzen duenaren artean, eta aholkularitza eskaintzen diote batari zein besteari. Lehenengoak enpresak izan ohi dira, eta bigarrenak, norbanakoak. Bada, arrakasta handia izaten ari da InnoCentive egitasmoa, eta zientzialari ugari erakarri ditu. Dagoeneko 175 herrialdetako 140.000 bat 'konpontzailek' eman dute izena, % 40 doktoreak, eta 200 desafio inguru gauzatu dituzte. Batez ere, Errusiako, Txinako eta Indiako ikertzaileek hartzen dute parte erronketan, eta ohiko egitura zientifiko-teknologiko formaletatik kanpo lan egiteko aukera gisa ikusten dute; etxetik mugitu gabe, gainera. Alabaina, saria bezainbeste estimatzen dituzte erronkarako motibazioa, eta jakintza partekatzeko aukera.

InnoCentive-n desafioak botatzen dituztenak ere pozik daude. Haientzat, arazo zehatzen soluzioak bilatzeko modu eraginkorragoa eta merkeagoa omen da. Izan ere, jende askok hartzen du parte erronketan -eskaera ohiko bideetatik eginda enpresari bururatuko ez litzaizkiokeen toki eta iritsiko ez liratekeen diziplinetakoak-, eta, sariaren truke, soluzioaren jabetza-eskubideak jasotzen ditu enpresak.

Zientzialarien artean bakarrik ez, negozioen munduan ere arreta piztu du egitasmo honek, eta arretaz ari zaizkio jarraitzen desafioetan oinarritutako zientziaren merkatu elektroniko berri honi.
Eskala handian eta txikian, ematen du azkeneko urteetan indarra hartzen ari dela desafio zientifikoen mundua.

Berria -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia