Denborak egin ez duena egingo ote du gizakiak?
1995/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Komoreak uharteetako arrantzaleek lehen alea harrapatu zutenez geroztik, arriskupean bizi da zelakantoa. Bizirik diharduen fosil bakarrenetakoa da eta bitxia ezezik, ornodunek itsasoa utzi eta lehorrera jo zuteneko unea ulertu ahal izateko giltza ere bada irudiko animalia.
Zelakantoaren lehen berria 1938. urtekoa da. Orduan ikusi zen lehen aldiz, mendeetan Komoreak irlen inguruetan bizi izan den animalia. Geroztik, etengabe murriztuz joan da zelakantoen populazioa. Azken datuen arabera, dozena erdira ez dira jadanik iristen. Arrantza ei da animalia horien etsai nagusia. Komoreetako arrantzaleei zelakantoa harrapatzea debekatu bazitzaien ere, gainerako espezien urritasunak horretara bultzatu omen ditu azken urte hauetan.
Erakunde ekologistek neurri bereziak eskatu dituzte animalia eder horren iraupena ziurtatu ahal izateko. Horien artean, babes-eremuak sortu eta errespetaraztea da garrantzitsuena. Horrez gain, arrantza-eremuak zelakantoa bizi den inguruetatik at sortzea eskatu dute, horrek aldenduko bailituzke arrantzaleak. Jendea arazoaz jabearazteko, urpeko kamerak ezarriko dituzte. Horrek zelakantoa gertutik ezagutzeko parada ezin hobea eskainiko du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia