Denbora berriaren garaia


Gaur egun, zesio-atomoak erabiltzen ditugu segundo bat zenbat den definitzeko. Oso metodo zehatza da, baina oinarrituta dago atomoari eragiten zaion estimulu batean; Science aldizkarian, Kaliforniako Unibertsitateko fisikari-talde batek azaldu du gauza bera egin daitekeela atomoa bere horretan utzita, eta haren ezaugarri kuantikoak neurtuta; hala ere, horretarako, atomo astunak erabili behar dira nahitaez; beraz, zesioak aukera ona izaten jarraitzen du.

Neurketa ez da inolaz ere erraza, zesio-atomoak erortzen utzi behar baitira kontrako noranzkoan igorritako bi laserren artean; laserrak, gainera, maiztasun ezberdinekoak dira. Konbinazio horrek, —zesio-atomoa erortzen eta bi laserrak— aldaketa bat eragiten du espazio-denboran, Einsteinen erlatibitatearen teoriak azaltzen duen bezala. Oso aldaketa txikia da, baina atomorik handienetan neurgarria da, eta bidea ematen du zesioaren uhin-funtzioaren maiztasuna zehaztasun handiz kalkulatzeko. Azkenean, zesio-atomoaren masak mugatzen du neurketa; ez dago beste aldagairik.

Konplexua da, baina oraingo erloju atomikoetan neurtu behar dena baino errazagoa da; haietan, zesio-atomoak laser batez kitzikatzen dira, eta zesio-atomoek egoera kuantiko batetik bestera salto egiten dute geratu gabe, maiztasun jakin batean: Compton maiztasuna. Hortik aurrera, egoeren arteko bibrazio horren kopuru jakin bat kontatuz neurtzen da segundoa. Eta zailtasun teknologikoa horixe da, bibrazio-kopurua neurtzea. Azkenean, metodo berria segundoa neurtzeko modu sinpleago bat da.

Gainera, metodoak atomoen masarekin zerikusia duenez, kilogramoa definitzeko bidea ere eman dezake. Gaur egun, kilogramoa objektu batek definitzen du: platinoz eta iridioz osatutako zilindro batek. Modu horretan, definizioa kontu teorikoa izatera pasatu daiteke.

Guillermo Roa Zubia

Kimikako doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali