}

Dena prest lasterketarako!

2003/07/11 Elhuyar Zientzia

Hondartzarako koltxoneta baten itxura badu ere, eguzki-energiaz dabilen auto bat da goikoa. Argazkia 2001ean AEBetako 66 errepide mitikoa zeharkatuz egin zen lasterketan ateratakoa da; hain zuzen, lasterketa horretara Virginiako Unibertsitateak aurkeztu zuen autoa da, eta abiapuntuan autoari azken azterketa egiten ari dira parte-hartzaileak.

Aurten ere egingo dute eguzki-energia bidez dabiltzan autoen lasterketa 66 errepidean. Uztailaren 13an hasi eta 23a bitartean, auto horiek 3.700 km egingo dituzte. Abiapuntua Chicagon dute eta helmuga, berriz, Kalifornian; beraz, lautada handiak zeharkatu, Mendi Harritsuak igo eta Amerikako Basamortu Handia pasatu beharko dute ibilgailu berezi horiek.

Lasterketaren asmoak ingeniaritza-ikasleak akuilatzea eta eguzki-energia sustatzea dira. Eguzki-energiaz dabiltzan autoak ikaragarri garestiak dira; bidaiari bakar batentzako tokia duen auto batek zortzi metro karratuko eguzki-panelen azalera behar du. Horregatik, asko falta zaie merkaturatzeko, baina teknologia horren aurrerapenaren erakusgarri dira.

Bestetik, lasterketara aurkezten diren autoak bi kategoriatan banatzen dira: batean pieza merkeekin egindako autoak bakarrik onartzen dira, eta bestean nahi adina diru gastatuz egindako autoak lehiatzen dira. Zein motatako autoa uste duzue iritsiko dela lehenengo helmugara?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia