Dena arakatzearen emaitza
2000/09/19 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Gertatzen diren krimen guztiak ez dira berdinak izaten. Bat-bateko irrikak eragina denean, aztarna ugari aurkitu ohi da. Baina beste batzuetan, gauzak kontu handiagoarekin planifikatzen dira. Egilearen arrasto biologikorik topatzen ez denean, auzitegiko zientziak beste aukera batzuk bilatu behar ditu.
Krimen baten egilea identifika dezaketen arrastoak nonahi jaso daitezke. Bolalumaren tintak, autoaren pinturak edo lehergailuen arrastoek jatorriari buruzko informazio asko izaten dute. Adibidez, krimenetan askotan jendea zinta itsasgarriaz lotzen da. Zintaren substantzia itsasgarria ere interesgarria da egilearen jatorria bilatzeko. Izan ere, detektibeek substantzia horien ereduak izaten dituzte laborategian konparatu ahal izateko.
Bertan analizatzeko asmotan
Sustantzia kimikoen analisia ezinbestekoa denez, Kaliforniako Lawrence Livermore National laborategian gas kromatografoa eta masa espektrometroa batera dituen gailu eramangarria garatzen ari dira. Prototipoak 20 kiloko pisua du eta, dagoeneko, FBIko teknikariak erabiltzen hasi dira. Makinak krimenean parte hartutako gasen arrastoak ere detekta ditzake. Livermoreko ikertzaileak oraindik prototipoa hobetzen ari dira.
Krimen traketsak ere teknologia aurreratuarekin aztertzen dira. Indarrez irekitako ateetan, esate baterako, metalezko hagen berezko aztarnak izaten dituzte. Aztarna horiek «kopiatzeko» eta aztertzeko ale txikiko siliziozko masilla oso egokia suertatzen da. Mikrometroaren hamarren bateko erresoluzioa du eta ordenagailuko ereduak egiteko balio du.
Zoruan dagoen hautsa oinatzak sortzeko ingurune aproposa da. Joan den urtean oinatzak aztertzeko laser eskanerra patentatu zen. Hiru hanka ditu oinatza ukitu gabe lan egiteko. Metodo horrek abantaila ugari ditu orain arte erabili den metodoaren aldean, pelikula hezearen bidezko argazkiarena alegia. Eskanerrak uda honetan aztertu ditu bere lehen oinatzak.
Hildakoak ustekabean aurkitzen direnean, heriotza noiz gertatu den jakin nahi izaten da. Usteldutako gorpuari informazioa atera dakioke. Tennessee-ko laborategi batean giza gorputzen ezaugarri biokimikoen degradazioa ikertzen ari dira usteltze prozesu horretan.
Ikerketa bitxiago batek ere eman dezake deskonposizio denboraren berri: gorpuak jaten dituzten harren azterketa. Gorpu batean hazten den har espeziea urtaroaren eta orduaren araberakoa da. Baina espezie guztietako larbak berdintsuak direnez, zientzialariek laborategian hazi egin behar dituzte metamorfosia gertatu arte. Harrari batzuetan ADN froga ere egiten zaio osagarri gisa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia