Darwinkeria
2010/09/01 Altonaga, Kepa - EHUko biologia irakaslea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aspaldi baten, artean gazte eta berde, eta bai Biologian lizentziatu berria nintzela, euskarazko teknolektoa lantzeari ekin nion gogotsu. Esan nahi dut ikasketa guzti-guztiak erdaraz egin eta gero neure hizkera propioa eraikitzen-edo aritu nintzela biologia-kontuak euskaraz azaldu ahal izateko, eta, izan ere, leku askotan bilatu nituen horretarako materialak, orduan hain urriak.
Edade batetik gorakoen artean inor ez da harrituko jakinda, esaterako, goitik behera ikasi nuela Natur Zientziak hiztegia, buruz. Biologiako nire teknolektoa osotu-gura horretan, Plazido Muxikaren hiztegira ere jo nuen, eta han aurkitutako berba batek groggy utzi ninduen, edo areago, kao erabat. Ziur asmatu duzula, jakina: evolucionismo sarreraren euskal ordaina, darbinkeri . Ez dira euskarari buruzko ezagumendu sakonak behar, -keria atzizki markatua dela jakiteko, alegia, gaitzesten den zerbait adierazten duela, alferkeria edo liberalkeria, adibidez. Darbinkeri horrek, darwinkeriak, noski, Darwin osoa arbuiatzen du, izenetik bertatik estigmatizatuz.
Plazido Muxikaren hiztegia 1965ean argitaratu zen, eta ordura arteko hiztegigintzaren hutsune itzela betetzera zetorren, hain zuzen ere erdaratik euskararakoa. Alde horretatik aurrerapauso galanta zelarik ere, gerora, termino iraingarri hori eboluzionismoak Euskal Herrian eduki izan duen sarrera nekosoaren ikur bilakatu da nire begietarako. Izan ere, darwinkeria horrek ezinago hobeto diosku zein izan zitekeen Plazido Muxikaren iritzia darwinismoaz, baina ez soilik hiztegigilearena berarena baizik eta euskal munduko notable asko eta askorena ere. Kontua da aurkako aktitude hori aspaldikoa dela, eta izatez ez du zerikusi zuzenik darwinismoarekin. Darwinismoak hasieratik egin zuen topo "Arbelbideren harresia" dei dezakegunarekin: harresi hori euskara zen; euskara, Janpierre Arbelbideren --eta beste askoren-- aburuz, harresi babeslea zen, isolatzailea, Euskal Herria munduko arrisku eta lanjer guztietatik begiratuko zuena. Arbelbideren harresiaren ondorioz-edo, besteak beste, euskaraz ez dago inolako liburu labainkorrik, soilik erlijio-liburuak: badakigu zelako literatura eduki dugun ia atzora arte. Esan daiteke, bai, euskaldunekin parke tematiko bat egin nahi izan zela, Lotilandia bat-edo. Bada, Darwinen ideiak harresi horren kontra birrindu ziren luzaroan.
Alde horretatik, beraz, nahikoa prebisiblea litzateke jakitea darwinismoak arrakasta askoz handiagoa eduki izan zuela Euskal Herritik kanpoko euskaldunen artean Euskal Herriko giro itogarri eta obskurantistan bizi zirenen artean baino. Horrela planteatuta azalpenak eskematikoegia dela badirudien arren, era horretara uler ditzakegu, kasurako, Armand David bat, edota, Jose Aretxabaleta bat. Jose Aretxabaleta uriostearrak Montevideoko botika baten tertuliazaleengandik ikasi zuen Darwin nor zen, eta, gerora, unibertsitatera inkorporatu zenean, Darwin eta Haeckel-en ideiak azaldu zituen ikasleen artean 1874-1906 urte-tarte luzean, Hego Ameriketan darwinismoaren aurrendari eta zabaltzaile nagusia izan zelarik, sorterriko hertsikerietatik urrun.
Nolanahi, nire ustez askoz harrigarriagoa da Armand David apaiz ezpeletarraren kasua, zeren zulatu egin baitzituen bai Arbelbideren harresia eta bai, gainera, darwinismoak Frantzian pairatu zuen isiltasunezko konspirazioa ere, apaiza izateak ekarriko zizkion kontraesanez landara, jakina. Armand David Txinara bidali zuten misionista 1861ean, baina han batez ere naturalista gisa aritu zen Pariseko Natur Zientzietako Museoaren ardurapean, eta bai, itxura osoz, espioi gisa ere. Jadanik jakingo duzunez, panda handia deskubritu zuen, eta beste makina bat espezie lehenengo bi esplorazio-kanpainetan. Osasunez oso gaizki, Europara itzuli zen 1870ean atsedenaldi baterako, eta Italiako Genoan irakurri zuen Espezieen jatorria liburu seminala, ziurrenez italierazko bertsioan, ez Darwinek berak deitoratutako frantsesezkoan.
Dena dela, Armand David nahikoa konbentzituta gelditu zen Darwinen hipotesiaren ontasunaz, eta, izan ere, 1872an atzera Txinara hirugarren esplorazio-kanpaina baterako itzuli zenean, kolkoan ondo gordeta zuen darwinismoa, eta hango faisaiek eskaini zizkioten guztiz darwindar bihurtzeko behar zituen frogak. Kontuak kontu, faktore bi azpimarratuko nituzke Armand Daviden konbertsiorako giltzarri: bata, italierazko itzulpenaren irakurketa, eta bestea, Txinan zeharreko kanpainetan esploradore britainiarren antzera aritu izatea --Alfred Wallace baten erara, kasurako--, alegia, denetarik bildu eta kopuru handitan zakuratu.
Euskal Herrira gatozelarik, paradigmatikoa da Jean Etxepare mediku eta idazlearen kasua. Argentinan jaioa, Etxeparek Bordelen egin zituen mediku-ikasketak, eta doktore-tesia aurkeztu 1901ean. Bertan irakurri omen zituen Haeckel eta Nietzsche-ren liburuak. Aldudera doa mediku 1905ean, eta sasoi horretan Eskualduna astekariarekin kolaboratzen hasi zen. Aldudeko medikua guztiz apartekoa da euskal letren Parnaso txikian, bera baita laiko bakarrenetariko bat gure literaturaren historiako elizgizonen segida kolorebakoan. Liburu bi plazaratu zituen, Buruxkak (1910) eta Beribilez (1931), zein baino zein pozoitsuagoak Villasanteren ustez. Buruxkak eskandalagarria suertatu zen, besteak beste sexua eta amodioa baitzituen solasgai: zeharo subertsiboa, beraz, orduko Lotilandian, eta 1910ean argitaratu bazen ere, izatez lehenago bahituta eta gero zentsuratuta egon da 70 urtez. Horiek horrela, ez da harritzekoa izango bigarren libururako Etxepare xuhurragoa izan zela jakitea. Beribilez izenekoak egun beteko bidaia kontatzen digu, Kanbotik abiatu eta Loiolora, atzera ere Kanbora itzultzeko. Joan-etorri horren inguruan, jakina, Etxeparek kontu asko eta asko txirikordatu zituen, eta, halaber, bospasei lerro trinkotan enkriptatu zigun munduaren eta biziaren eboluzioa: esan daiteke kontrabandoz helarazi nahi zigula. Bada, hala ere, Piarres Lafitte kalonjeak hiru aldiz oratu zuen aipaturiko pasarte pozoitsu hori eta neutralizatzen ahalegindu --are eta Etxepare zendu eta askoz geroago ere--, jakin bazekien-eta Haeckel zegoela kukututa Etxepareren lerroen artean.
Nire ustez, ezinago argigarria da episodioa: batetik Aldudeko medikua Arbelbideren harresia zelan edo halan zulatu nahian, eta bestalde Piarres Lafitte kalonjea arrakalak eta pitzadurak berehalakoan emokatzen. Alegia, oro har esanda, "medikuen" kolektiboa kutsu darwindarra txertatu nahian nolabait, eta aurrez aurre "apaizen" kolektiboa Lotilandiako ortodoxia tieso atxikitzen . Makina bat izen aipa daiteke alde batean --kasurako Bizente Aizpuru nekazaritza-ingeniaria edota Fermin Irigarai Larreko mediku eta idazlea-- eta bestean --Jose Antonio Laburu Olaskoaga botikari eta jesuita edota Jose Migel Barandiaran euskal kulturaren patriarka--, baina luzeegi joko liguke zehazten hasteak.
Zorionez, XX. mendearen azken laurdenerako egoera bestelakotu egin da ezari- ezarian. Neuk, mugarri gisa, Xabier Amurizaren Hidrogeno ahalguztiduna 1977an argitaratu poema aipatu ohi dut, zeren berorretan aurkitu bainuen erabat eboluzionista bihurtu zaigula ohiko kosmogonia biblikoa, lehen aldiz. Hasieran hidrogenoa zen, eta hasiera hidrogenoa zen, eta...
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia