Dantza egizu eta agian aukeratuko zaitut...
2002/04/09 Elhuyar Zientzia
Arizonako desertuan bizi den armiarma dantzariaren (Habronattus pugillis) populazioetan sexu bidezko hautespena gertatzen dela jakinarazi dute. Orain dela 10.000 urte Arizonako inguru hori lehortzen hasi eta desertu bilakatu zenean, armiarmaren populazioak desertuko bailaretan isolatuta geratu ziren. Gaur egun, bailara bakoitzeko armiarma dantzari arrek itxura ezberdina dutela ikusi dute zientzialariek.
Gorputzeko apaingarriak eta buruaren forma aldatu egin dira bailara bakoitzean; are gehiago, gorteiatze-dantzako pausoak ere ezberdinak omen dira. Emeak, aldiz, berdinak dira bailara guztietan. Bailara ezberdinetako arra eta emea elkartuz gero, arrak askoz ere denbora gehiago behar izaten du emea gorteiatzeko. Gainera, bikote horrek ondorengo gutxiago izaten ditu. Beraz, ikertzaileek uste dute emeek, arrak aukeratzerako orduan, bailara bakoitzean ezaugarri ezberdinak izaten dituztela gogokoen.
Ikertzaileen esanean, sexu bidezko hautespen-kasu baten aurrean gaude. Hau da, armiarma dantzarien espezie batetik abiatuta bi espezie berri sortzeko bidean daudela dirudi. Hori hala balitz, sexu bidezko hautespenak espezie berrien sorreran uste baino pisu handiagoa izan dezakeela uste dute ikertzaileek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia