}

Daniel Dennnett: Hitzak existitzen dira?

2012/10/04 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

“Do words exist?”, hitzak existitzen diren galdetuz hasi du Daniel Dennett filosofoak gaur ontologia kongresuan emandako hitzaldia. Areto txikia oso txiki geratu da Dennett entzutera hurbildu diren entzuleentzat, EHUren Filosofia Fakultatean. Asteon Donostian egiten ari den X. Nazioarteko Ontologia Kongresuaren ohorezko lehendakari da Dennett eta eboluzio kulturalaz aritu da gaur, “How Cultural Evolution shapes Human Nature” izeneko hitzaldian.
daniel-dennnett-hitzak-existitzen-dira
Daniel Dennett filosofoa. Arg. Mathias Schindler/Wikipedia

“Gure ontologian hitzak existitzen dira, eta, hitzak zer diren?; hitzak ahoska daitezkeen memeak dira”, erantzun dio Dennettek bere buruari. Filosofia irakaslea Estatu Batuetako Tufts Unibertsitatean eta bertako Ikerketa Kognitiboen Zentroko zuzendaria, filosofo entzutetsu eta “mediatikoa” ere bada Daniel Dennett. Giza kultura giza gorputza bezain naturala dela defendatu du gaurko hitzaldian, eta adibide eta metaforen bidez azaldu du nola ulertzen duen hori berak.

Hitzetatik hizkuntzetara salto egin eta birusak hartu ditu hizpide: “Hizkuntzak birusak bezain naturalak dira”, esan du, "eta birusak hautespen naturalaren produktu garbiak dira bizirik ez  dauden arren”. Jokabide bat duten azido nukleikoen segida gisa definitu ditu birusak.

Jarraian, termitategi baten eta Gaudiren Familia Sakratuaren argazki bana jarri ditu ondoz ondo. Bizidunek sortutako eraikuntzak dira biak, eta elkarren antz nabarmena dutenak, prozesu oso desberdinen emaitza izan arren. “Top-down” prozesu baten emaitza da Gaudiren lana, “Bottom-up” prozesu batena termitena; “biziki desberdinak dira bi prozesuak, baina biak dira biologikoak”, argudiatu du, eta “hauek nola gertatzen diren azaltzea da erronka”.

Arrazoien eta diseinuaren defentsa

Dennetten esanean, eraikuntza baten eta bestearen atzean daude arrazoiak, biak izan dira arrazoiek gidatuak, nahiz eta lehenengoan arrazoi horiek ez dauden irudikatuta termiten garunean, eta bigarrenean badauden Gaudirenean. Irudikatuta ez egoteak ez du esan nahi, ordea, arrazoiak ez direnik existitzen; “aske flotatzen duten arrazionalak” deitzen die Dennettek arrazoi horiei. “Arrazoiez hitz egin behar dugu, garunean irudikatuak dauden edo ez dauden alde batera utzita; izan ere, gehienetan arrazoi bat dago gauzak diren bezalakoak izateko. Guk ere egiten ditugu irudikatu gabeko arrazoiek gidatutako gauzak”. Zenbat animalia jabetzen ote dira hain burutsu egiten dituztenen arrazoiez?, galdetu du ondoren: “oso auzi enpiriko interesgarria da”.

Diseinuaz eta itxurazko diseinuaz aritu da segidan. “Kontu honetan ez nator bat nire lagun Richard Dawkinsekin”, bota du; “taktika-kontu hutsa da, eta nire hautua beste bat da”. Eboluzioak milioika urteren poderioz egiten duen hori diseinua dela argudiatu du Dennettek, ez itxurazko diseinua; “diseinu ederra da; baina ez du diseinatzaile adimendunik, besterik ez”. “Gu gara biziaren zuhaitzeko lehen diseinatzaile adimendunak, eta giza kultura bera biziaren zuhaitzaren fruituetako bat da”, amaitu du.

Hitzen, memeen eta giza kulturaren eboluzioak hautespen biologikoaren mekanismo analogoen bidez azal daitezkeela defendatu du Dennett-ek, eta “aske flotatzen duten arrazionalak” existitzen direla horien denen eboluzioaren atzean: hautespen naturalaren subjektu diren (artean) irudikatu gabeko arrazoiak.

Garuna java applet-ak bezalakoa da

Hitzaldia amaitzeko, garunaz aritu da Dennett, eta gogoz defendatu du garuna ordenagailu bat dela. “Zer da bestela, garuna? Garbigailu bat? Filtro bat? Garunak ordenagailuak dira!”, bota du irribarrez, “baina ez guk eraikitzen ditugunak bezalakoak”.  Dennettentzat, arazoa analogia da, irudimen falta, eta, horregatik, irudimen-ariketa bat eginez, Java lengoaiaren applet-ekin konparatu du entzefaloaren softwarea. Plataforma “guztietan” funtzionatzen dute, eta ez dituzte hardwareari buruzko xehetasun guztiak ezagutu behar horretarako.

Hitzak existitzen dira, eta garuna softwarea dela joz gero, orduan hitzak makina birtualak dira; hitzak errepikapen bidez instalatzen diren eboluzioaren produktuak dira.

X. Nazioarteko Ontologia Kongresua larunbatean amaituko da, Chillida Lekun egingo den itxiera ekitaldian, eta, Daniel Dennett berriz arituko da hizlari, Frank Wilczek Fisikako Nobel saridunarekin batera. Aukeramenaz hitz egingo du Dennettek “Free will is not an illusion, and it doesn’t depend on physics” hitzaldian.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia