}

DAB edo irrati digitala

1999/03/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaur egun automobilean goazenean normalean FMko irratia pizten dugu albisteak edo musika entzun nahi dugunean, baina askotan bidean goazela interferentziak entzuten ditugu edo gure emisora entzuteari utzi egiten diogu. Oztopo horiek guztiak gainditzen ditu DAB (digital audio broadcasting) edo
irrati digitalak. DAB sisteman hainbat irrati-programa maiztasun berean eta aldi berrean bideratzen dira. Programak digitalizatu egiten dira eta gero konprimatu. Emisoreak txandaka programa bakoitzaren datuak igortzen ditu eta horiei testuari eta irudiei dagozkien datuak eransten zaizkie. Multiplexaketa deitzen diote horri. Datu guztien blokea igortzen da airera. Automobileko irratiak aukeratutako programaren datuak "ezagutu" egiten ditu. Jaso, blokeko datuak bereizi, deskonprimatu eta dekodetu egiten ditu jatorrizko soinua berriz eraikitzeko. "Soinu-datu" ez direnak independente aparte tratatzen dira. Testuak auto irratiko panelera bideratzen dira eta irudiak koloretako pantaila txiki batera.

DAB izeneko irrati digitalarekin urteak daramatzate probak eta hobekuntzak egiten, baina badirudi 1988an Strasburg-en lehen saioak egiten hasi zirenez gero egindako aurrerapenei esker sistema merkaturatzeko prest dagoela. Sistema berriarekin soinuaren kalitate bikaina lortu zen, oraingo CDen mailakoa. Bazuen, ordea, oztopo handi bat. Izan ere, DAB sistemako irrati-hargailuaren tamaina oso handia zen eta automobilaren maletategi guztia beretzat behar zuen. Beraz, ezin zen hain aparatu handia saldu eta DAB sistema bazterturik egon da, orduan automobileko irrati-hargailu arrunten tamaina lortzeko behar bezain osagai elektroniko miniaturizatu "ahaltsuak" ez zeudelako.

Gainditu beharreko oztopoa tamaina zen, noski, eta erronkari aurre egiteko 1991n Europako hi-fi materialaren fabrikatzaile handienak (Philips, Thomson, Grundig, Blaupunkt, etab.) elkartu egin ziren. Ia hamar urte behar izan dituzte teknologiaren aldetik zeuden zailtasunak gainditu eta DAB sistema merkaturatzeko.

DABen abantailak

DAB teknologiak ordea, ohizko irratigintzako teknologiekin ez du zerikusirik. Parisen adibidez, maiztasun jakin batean emititzen duen emisore bat baino gehiago daude; hiru, hain zuzen. Hori oso kaltegarria da ohizko FMko emisioetan, zeren lurralde berean maiztasun berean igortzen duen emisore bat baino gehiago daudenean interferentziak sortzen baitira. DAB teknologian ordea, ez da horrelakorik gertatzen. Are gehiago, leku berean maiztasun bereko emisore bat baino gehiago edukita soinua hobeto entzuten da.

Horretarako emisoreek bi berezitasun dituzte. Batetik beren emisioak sinkronoak dira, hau da, igortzen dituzten uhinak fasean daude. Bestetik, maiztasun lagungarriak atxikitzen dizkiote maiztasun nagusiari. Denek aldi berean elkarri interferentzia ez egiteko modukoak aukeratzen dira hauek. Horregatik mezua (hitza edo soinua) beti prest dago gutxienez maiztasun batean. Horrela emisore puntual bakarra eduki ordez aldi berean hiru izango ditugu eta hartzen duten lurraldean "itzalgunerik" ez litzateke egongo.

FMko irratietan oihartzunekin izaten diren arazoak ez daude DAB teknologia erabiliz gero. Irrati-uhinak islatu egiten dira mendietan, eraikinetan, zubietan eta abarretan eta zuzenean igortzen ari den emisioa oztopatu egiten dute. DAB sisteman ordea, maiztasun lagungarri guztiek aldi berean inoiz interferentziarik egiten ez dutelako islapen-puntuak "emisore lagungarri" bihurtzen dira eta uhinak urrunago eta hobeto hedatzen laguntzen dute.

Sistema digitala

DAB sisteman soinuaren transmisioa digitala da. Emisio-maiztasuna ez da transmititu behar den musikaz modulatzen. Horren ordez "0" eta "1"en segida (hots, zenbakizko datu-multzoa) bidaltzen da. Disko konpaktuan bezalaxe, aparatu elektroniko batek soinua segundoko milaka aldiz analizatzen du eta "0" eta "1"ez osatutako "pakete" bihurtzen du.

Digitalizazioak ordea, segundooro datu-kopuru izugarria sortzen du eta kopurua mugatzeko "konprimatu" egiten da, pertsonak entzun ez ditzakeen maiztasunetakoak kenduta. Horretarako DAB sistemak MPEG audio-araua erabiltzen du, hots, Mini Disc-ek erabiltzen duen bera. Beste era batera esanda, soinua datu-paketeen segida bihurtzen da.

DAB emisoreak maiztasun bakar batean igor dezakeen datu-kopurua programa batek behar duena baino askoz handiagoa denez gero, aldi berean zortzi programaraino emititzen dira, hurrenez hurren zortzi programetako datuak txandaka igorriz. Multiplexatua deitzen diete horri adituek. Emisora-sorta horri "DAB blokea" deitzen zaio. Gainera bloke bakoitzean "soinua" ez diren datuak ere bidaltzen ditu; testuak edo irudiak igortzekoak, hain zuzen.

DAB sarearen hedapena

Irrati digitaleko sistema hau nahikoa umoturik dago merkatu zabala izan dezan. Frantzian hiri handienetan ezarria dute jadanik (Paris, Lyon, Marseilla, Tolosa eta Nantes-en) eta aurten beste hiri batzuetara (Lille, Bordele, Niza, Strasburg eta Grenoble-ra) ere hedatuko dute. Bestetik, zenbait etxe laster hasiko da irrati-hargailu txikiak merkaturatzen.

Sare berri honek arrakasta izan dezan, lurraldea hartu behar du, baina horrez gain emisoreak eta entzuleak behar ditu. Baina entzuleek DAB sisteman gastua egiteko premiarik sentituko ote dute? Automobilean berez zarata artean doanak orain duen soinua baino hobea nahiko al du?

Orain arte egin diren azterketetan erabiltzaile gehienek baiezkoa eman diote DAB sistemari. Galdeturiko % 78 DAB hargailua erosteko prest azaldu da, nahiz eta orain ohizko auto-irratia baduen. Soinu hobea entzun nahi dute, baina batez ere automobilean doazenean ez dituzte parasitoak entzun nahi eta programetan ustekabean etenunerik ez dute izan nahi. Hori guztia garbi ikusten da programa bera FM bidez eta aldi berean DAB bidez entzuten denean. Automobila martxan denean gainera, diferentzia are eta handiagoa da. Bidean zoazela FMan noiznahi estereoa galdu egiten da, parasitoak sortzen dira eta batzuetan kirri-karra gogaikarriak entzuten dira. DAB sisteman horrelako ezer ez dago.

Datuak eta publizitatea

Irrati digitalak soinuaz gainera testu eta irudien datuak igor ditzake. DAB irrati-hargailuen aurpegian pantailatxoa dago eta lerro batzuetako testua eman dezake. Lehen fasean programaren izena, irrati-emisorearen izena, etab. emango ditu, baina gero eguraldiari edo zirkulazioari buruzko mezu txikiak ere bai. Laster irrati-hargailuak koloretako pantaila txiki osagarria ere izango du. Hor automobil-gidariak testuez gain irudiak ere izango ditu. Eginkizun nagusia auto-ilara handiak non dauden adieraztea izango da, baina publizitatea sartzeko leku aproposa ere izango dute.

Irrati-kanalak automobil-gidariari halako elkarreragintzarako aukera eskaintzen dio. Izan ere, DAB sistemak irudi asko igortzeko ahalmena du, baina pantailak aldiko bat besterik erakutsiko ez duenez gero, irrati-hargailuko memorian gordeko dira besteak. Gero botoien bidez gidariak denak ikusi ahal izango ditu, Internet-en ikusteko duen sistema bera erabilita. Pantailako orrialde bakoitza HTLM (hypertext mark-up language) sisteman kodetuko da, hau da, Web-ek erabiltzen duen formatuan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia