Da Vinci robot zirujaua
2009/02/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ez du arnasarik hartzen, eta ez du bihotzik. Inolako arazorik ez, beraz, zirujauen amesgaiztoko pultsu txarrarekin. Ez txarrik, eta ez onik, Da Vincik ez dauka pultsurik; eta, hortaz, ezta dar-dar txikienik ere. Ebaki garbiak eta oso zehatzak egiteko gai da, hiru dimentsiotan ikusten du, eta hezur-haragizko zirujauen eskuak iritsi ezin diren tokietara irits daiteke.
Euskal Herrian baditugu bi Da Vinci dagoeneko. Lehenengoa 2006aren amaieran iritsi zen Bilboko Virgen Blanca klinikara; eta joan den azarotik Donostiako Poliklinika Gipuzkoan ere lanean ari da beste bat. Zauri txikiko kirurgiarako pentsatutako robota da, eta emaitza bikainak ematen ari da mundu osoan.
Dena den, Da Vincik ez ditu Bilboko eta Donostiako zirujauak lanik gabe utziko. Benetako zirujauak ezinbestekoak dira oraindik. Da Vinci robotak ez du bihotzik, baina ezta garunik ere, autonomorik ez behintzat, eta ezin du bakarrik ezer egin: norbaitek eman behar dizkio aginduak. Horregatik, Da Vincik lan ona egingo badu, derrigorrezkoa da zirujau on baten eskuetan egotea.
Da Vincirekin lan egiten duen zirujauak ez du, ohiko ebakuntzetan bezala, gaixoaren gainean lan egiten. Aitzitik, ebakuntza-mahaitik metro batzuetara dagoen kontsolan esertzen da, eta handik kontrolatzen ditu gaixoaren gorputzean sartzen diren robotaren lau besoak. Robotak egiten duen lana laparoskopia baten antzekoa da, baina askoz abantaila gehiago ditu.
Zauri txikiko kirurgia
Laparoskopia aurrerakuntza handia izan zen bere garaian. Ebakuntzetan, gorputza ireki ordez, ebaki txiki batzuetatik kamera bat, argia, eta erremintak sartzen dira. Horrela, ebakuntza osteko denbora eta infekzio-arriskuak nahiz ondoezak murriztu egiten dira. Izan ere, orbain handiak, ehuneko mina eta etengabeko odol-jarioa ekiditen dira.
Eta Da Vinci pauso bat haratago doa. Laparoskopiaren abantaila berak ditu, baina baita gehiago ere.
Da Vincik laparoskopiarekiko duen abantailetako bat hiru dimentsiotan ikusteko gaitasuna da. Besoetako batean bi kamera daude, eta kontsolak ere begi bakoitzarentzat bisore bat du. Horri esker lortzen da hiru dimentsiotan ikustea. Gainera, irudia 12 aldiz handitzeko aukera ematen du. Horrela, benetan gaixoaren gorputz barrenean dagoen sentsazioa lortzen du zirujauak.
Bestetik, maniobra-gaitasun ikaragarria duela azpimarratzen dute robota erabili duten zirujauek. Izan ere, beso bakoitzaren amaieran, endowrist (barne-eskumuturra) izeneko mekanismo bat du Da Vincik. Giza eskumuturraren mugimendua imitatzen du, baina askoz mugimendu-angelu handiagoa du, eta gizakion eskuekin egin ezin diren ebakuntzak egiteko gaitasuna ematen dio horrek. Robotaren eskumutur bakoitzean edozein erreminta jar daiteke: heltzeko, ebakitzeko, josteko, koagulatzeko, kauterizatzeko eta abarretarako.
Zirujauek aipatzen duten beste abantaila bat da robotari esker zirujauen dardara erabat ezabatzen dela: bai ebakuntza luzeetan nekeagatik agertu ohi dena, eta baita pultsu fisiologikoari dagokiona ere. Da Vinci maneiatzen ari den zirujauak oso eroso egiten du lan, eserita, eta burua kontsolan sartuta, beste ezer ikusten ez duela. Horrek asko hobetzen ditu neke- eta kontzentrazio-arazoak.
Gainera, teknika menderatzea askoz errazagoa da laparoskopiaren kasuan baino. Ebakuntza-motaren arabera aldatzen bada ere, laparoskopia bat 50 edo 100 aldiz egin behar da, ongi egiten ikasteko; Da Vincirekin, berriz, trebezia handia lor daiteke 10 edo 25 saiotan.
Urologian aditua
Hainbat espezialitatetan aplika daiteke Da Vinci, hala nola kirurgia orokorrean, ginekologian, bihotz-kirurgian edo pediatrian. Baina urologian du esperientzia handiena. Hain zuzen ere, Urologia Zerbitzuan ari da lanean, bai Bilbon eta baita Donostian ere. Zehatzago, prostatako minbiziaren tratamendu kirurgikoa egiteko erabiltzen dute Virgen Blancan eta Poliklinika Gipuzkoan.
Errotiko prostatektomia bidez (prostata erabat erauziz) tratatzen da prostatako minbizia. Ebakuntza horrek albo-ondorio garrantzitsuak izan ditzake, hala nola txizari ezin eustea edo sexu-inpotentzia. Eta Da Vincirekin nabarmen murrizten dira albo-ondorio horiek.
Hemen baino esperientzia handiagoa dute AEBn. Zortzi bat urte daramatzate han Da Vincirekin lanean, eta errotiko prostatektomia asko robotarekin egiten dituzte. Urte horietan egindako lanak erakutsi du robotarekin tratatutako gaixoen % 98k txizari erabat eustea lortzen duela, eta % 60k mantentzen duela sexu-potentzia. Bestalde, gelditzen den hondar-tumorearen batezbestekoa (% 9) askoz txikiagoa da laparoskopiaren kasuan baino (% 20), eta gaixoen % 94 erabat 'garbi' gelditzen da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia