D bitaminarekin esklerosi anizkoitz gutxiago
2004/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
AEBetan eginiko ikerketa zabal batek erakutsi du D bitaminan aberatsa den dietak artritis erreumatoidea eta esklerosi anizkoitza garatzeko arriskua gutxitzen duela.
![](images/A195002.jpg)
Ikerketa zabala, zalantzarik gabe, berrehun mila emakumeri egin baitiete jarraipena hogei urtean zehar. Bildutako datuen arabera, ikusi dute egunero aholkatutako D bitamina-kantitatea hartzen duten emakumeek hartzen ez dutenek baino % 30 arrisku gutxiago daukatela artritisa garatzeko eta % 40 gutxiago esklerosia izateko.
Ikertzaileek aipatu dute azterketa zehatzagoak egiteko asmoa daukatela. Orain arte, emakume bakoitzari bere dietari buruzko galdeketa bat egin zaio lau urtean behin; baina, hemendik aurrera, odol-analisiak ere egingo dituzte D bitaminaren kantitatea zenbatekoa den zehatzago jakiteko.
D bitaminan aberatsak dira, besteak beste, gibela eta arrain koipetsuak. Baina D bitamina gehien bere kabuz ekoizten du giza gorputzak, eguzkiaren laguntzaz.
![](https://elia.eus/static/elhuyar/img/elia_RGB.png)
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia