}

Curie, Marie (Marie Sklodowska)

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1867-1934)

Marie Sklodowska Vartsovia-n jaio zen 1867. urteko azaroaren 7an. Bere aita fisikako irakaslea zen eta ama nesken kolegio bateko zuzendaria. Marie gazteak zorte txarra izan zuen gaztaroan. Batetik, bera ama tuberkulosiak iota hil zen eta bestetik, bere aita lanposturik gabe geratu zen.

Mariek orduan, Polonian goi-mailako ikasketak egiterik ez zeukan eta beste bide bat hartu zuen. Bere anaia eta ahizpa zaharragoak Parisera joanak ziren ikasketak egitera. Horiei laguntzeko eta bide batez bera ere Parisera abia zedin, lan egiten zuen Mariek. Ikasi ere bai bere kontura 1891. urterarte; Parisera aldatu zen arte, alegia. Han Sorbonan egin zituen ikasketak gose handia posatuz. Behin klasean zorabiatuta erori omen zen goseak. Dena dela, Mariek ikasketak buka-tu zituenean, klaseko ikaslerik onena zen jadanik.

1894an Pierre Curie kimikaria ezagutu zuen. Pierre jadanik oso ezaguna zen piezoelektrizitatea lehenengo aldiz berak ikertu zuelako. 1895ean ezkondu egin ziren.

X izpien aurkikuntzak eta uranioaren erradiazioak aurkitu berriak zituzten Roentgen eta Becquerel-ek eta Marie fenomeno horiek aztertzen hasi zen.

Uranioaren erradiazioak ikertu zituen eta baita bere senarrak aurkitutako piezoelektrizitatea erradiazioak neurtzeko erabili ere.

1898an torio elementu kimikoa erradioaktiboa zela frogatu zuen. Aldi berean, uranioaren mea desberdinen erradioaktibitatea neurtzen ari zela, zero ikusi zuen: mea batzuk beste batzuk baino askoz ere erradioaktiboagoak zirela.

Pierre Curiek orduan bere ikerketak utzi egin zituen emazteari laguntzearren. 1898an senar-emazteek ehun aldiz erradioaktiboagoa zen uranio-hauts txiki bat isolatua zuten jadanik. Polonio izena eman zioten Marieren jaioterriaren omenez.

1898aren bukaeran are eta substantzia erradioaktiboagoa aurkitu zuten. Radio izena ipini zioten ezpurutasun gisa detektatu zuten ele-mentu horri. Radio-kantitate handiak biltzeko ordea, tonakoa mea ekarri behar zen Txekoslovakiatik. Mea-jabeek doan eman zieten nahi zutena, baina Frantziorako garraioa senar-emazteek ordaindu zuten bere bizialdian aurreratutako diruaz. Lau urtetan tonakoa mea garbitzen eta aberasten aritu zen jo eta ke, 1902an Radio elementuzko gramo baten hamarrena prestatu arte.

1903an Marie Curiek bere doktorego-tesia idatzi zuen eta horri esker urte hartantxe Nobel Saria eman zioten, bere senarra eta Becquerel ere sari hartan partaide zituelarik.

1906an Pierre Curie hil egin zen eta Mariek eskuratu zuen Sorbonako katedra. Han irakasle aritutako lehen emakumea bera izan zen. Frantziako Akademian ordea, ez zuten onartu emakumea zelako.

1911. urtean bi elementu berri aurkitu zituelako Kimikako Nobel Saria eman zioten, berari bakarrik oraingoan.

Marie Sklodowska poloniarra leuzemiaz hil zen 1934an Saboia Garaian erradiaziopean luze egoteagatik, dudarik gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia