Crohn-en gaixotasunaren jatorri genetikoa argitu dute
2001/05/22 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Herentzia genetikoak gaixotasun kroniko honekin zerikusia zuela zen orain arteko gauza jakin bakarra. Hemendik aurrera, 16. kromosomako gene batekin erlazionatuta dagoela ere badakite ikertzaileek. Frantziako Osasunerako eta Ikerketa Medikoetarako Institutu Nazionaleko (INSERM) Gilles Thomas eta Michigan Unibertsitateko Gabriel Nuñez ikertzaileek gene erruduna deitu diote Nod2 geneari, Crohn-en gaixotasunak jotakoen % 15ek gene hori aldatuta dutela ikusi ondoren.
Nod2 geneak kodetzen duen proteinak hesteetako berezko bakterioak bereizten ditu eta sistema immunologikoaren erantzuna kontrolatzen du. Crohn-en gaixotasuna dutenek ekoizten duten proteinak ez du sistema immunologikoaren gaineko kontrolik. Kontrolik gabe, euren sistema immunologikoak hesteetan bizi diren bakteriei erasotzen die eta horregatik agertzen dira hantuta eta ultzerak.
Genetistek 1996an identifikatu zuten Crohn-en gaixotasunarekin erlazionatuta egon zitekeen eskualde zabal bat 16. kromosoman. Eskualde horretan, baina, 20-30 mila ADN-letra zeuden eta ez da erraza izan gaixotasuna zehazki zein generekin erlazionatuta zegoen jakitea. Gilles Thomas-ek eta Gabriel Nuñez-ek bakoitzak bere aldetik eta metodologia desberdinarekin egin dute lan, baina biak gene berera iritsi dira eta horrek berme handia ematen dio ikerketari.
Hala ere, Nod2 genean ez da Crohn-en gaixotasunaren eragile bakarra eta oso posible da beste gene batzuk tartean sartuta ibiltzea. Gainera, norberaren bizimoduak eta ingurugiroak ere gaixotasuna agertzen laguntzen dute. Egun, Crohn-en gaixotasunak ez du sendabiderik eta ebakuntza-gelatik pasatuta edo hanturaren kontrako botikak hartuta egiten zaio aurre.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia