Copreci espazioko abenturan
1999/01/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
4, 3, 2, 1, 0… Garai batean, espazioko abenturaren hastapenetan, fisika alde egonagatik, ezjakintasuna nagusitzen zen koheteren bat espaziora bidali behar zen bakoitzean. Ez zen loterian jokatzea modukoa izaten —zientziaren oinarria hor zegoelako— baina, askok arnasari eusten zioten atzerako kontaketa hastean, eta ez zuten bihotza kohetea zerurako bidean ikusi arte lasaitzen. Gaur egun, kohete bat espaziora bidaltzea gauza arrunt samarra da. Hala eta guztiz ere, guztiak ondo baino hobeto lotuta egon behar du, gizakiaren esku dagoenak zein bere ahalmenari ihes egiten dionak (eguraldiaren gorabeherak esate baterako). Hori gertatu ezean ez dago espazioratuko den koheterik.
Teknologia berrien bila
Beste teknologia-mota askotan bezala espazioko teknologietan aurrerapen ikaragarriak egin diren arren, Aretxabaletako Copreci kooperatiban lanean ari direnek modu berezian bizi dituzte kohete-jaurtiketak, batez ere Europako Espazioko Agentziaren Ariane kohetearena. Izan ere, Ariane kohetea espaziora bidaltzeko unerik larrienean, atzerako kontaketan, hasten dira lanean Coprecik orain arte ESArena (Europako Espazio Agentzia) izan den Ariane-rako egiten dituen sentsoreak.
ESAren eta Copreciren arteko elkarlana, dena den, ez da gaur goizekoa. Urte batzuk pasatu dira harreman horri hasiera eman zitzaionetik. MCCko egituran dagoen Aretxabaletako Copreci kooperatiban gehienbat etxetresna elektrikoentzako piezak egiten dira. Gaur egun bere ekoizpenaren % 70 kanpora bidaltzen du, Europako, Asiako eta Ipar zein Hego Amerikako merkatuetara, merkatu horietako etxetresna-enpresetara. 1987. urtean, MCCk ezin zela espazioko lasterketatik kanpo geratu erabaki zuen eta ESArekin harremanetan hasi zen
Horren ondorioz, besteak beste, egiten dira gaur egun Ariane kohetearen sentsoreak Coprecin. Eginbehar berri horretan hasteko, MCCren eta Copreciren asmoa espazioko teknologia berriak eskuratzea zen, gero etxetresna elektrikoen alorrean erabiltzeko modukoak ziren edo ez aztertzeko.Ildo horretan, hasi dira Aretxabaletako lantegiko betiko produktuetan berrikuntzak egiteko aukerak ikusten. Sentsoreen arloa zabaldu zenetik ultrasoinu bidezko soldaduran, elektroi-sorta bidezko soldaduran, mikrosoldaduran, eta teknika estentsometrikoetan jakintza eta eskarmentua pilatu dute Coprecin.
Eskarmentu horri esker, kooperatibak beste hainbat enpresetan zerbitzu ugari eskaini ahal izan ditu soldadura-alorrean, eta baita automozio eta etxetresna elektrikoen sektorean zuzeneko partaidetza lortu ere proiektu ugaritan: Game I, Game II eta Esprit-en adibidez.
Teknologia, jakintza, eta eskarmentua eskuratzeaz gain, sentsoreen alorrak aldi berean berez negozio ona dela erakutsi du; alegia, dirua ematen duela. Gainera, itxura denez, are eta diru gehiago eman dezake, 2000. urtetik aurrera Ariane-ren hegaldiak ugaritu egingo baitira.
Sentsoreak, zehaztasunaren seinale
Atzerako kontaketara itzul gaitezen, Coprecin egiten dituzten sentsoreen zeregina une horietan baita garrantzitsua. Ariane kohetearen Vulcano motorea martxan jarri dute eta poliki-poliki berotuz ari da, espaziorantz irten dadin —besteak beste— jakineko hidrogeno- eta oxigeno-kopurua erre behar baitu. Horrela ez bada, ez da jaurtiketarik izango. Copreciko sentsoreak lanean ari izaten dira une horietan, hain zuzen ere oxigeno- eta hidrogeno-kopuru horiek neurtzen, hori baita beren zeregina. Balekoa eman badute, beraz, zerurantz!
Ariane-ren azken hiru hegaldietan erabili dira Coprecin egindako sentsoreak; bakoitzean 150. Sentsoreen muntaia Bordelen hasten da, Société Européenne de Propulsion lantegian, han egiten baita sentsoreen bihotza.
Sentsoreen bihotza kanpotik etortzen den arren, gorputza edo jantzia Coprecin egiten zaio. Muntaia lantegiko Sentsoreen Arloko gela zurian egiten da, fluxu laminarreko kabinez hornitutako gelan. Egoera berezia izaten da gela horretan: orduoro oxigenoaren % 17,1 aldatzen da, batez besteko 20,6 °C-ko tenperatura gordetzen da, eta hezetasunak % 42koa izan behar du. Bertan lanean ari direnek, ospitaletako hainbat gunetan bezala, ilea eta oinak estalita dituztela ibiltzen dira, eta eskumuturrean burdinazko eskumuturrekoak jarrita izaten dituzte elektrizitate estatikorik ez izateko.
Horrela sentsoreen zirkuitu elektrikoetan ez da kalterik eragiten. Izan ere, sentsoreen konexio elektrikoak ere, gela zurian soldatzen dituzte, mikrosoldadurako sistema erabiliz. Aluminiozko eta siliziozko haria erabiltzen dute, 50 mikrometrokoa, mikroskopioen bidez soldatuta.
Sentsorea osatzen duten mekanizatutako piezen soldadura elektroi-sortako sistemarekin egiten da.Sistema horri esker, hainbat konposizioko metalak solda daitezke, ohiko soldadura-sistemak erabiliz nekez egingo liratekeen soldadurak egitea lortzen delarik. Ihes-detektagailu batek egiten du elektroi-sorta bidez soldatutako piezen iragazgaiztasun proba 100 litro baino bolumen txikiagoko piezen kontrola era automatikoan egiaztatzeko gaitasuna duen detektagailuak. Detekzio-lana 9 segundotan egiten du ihes-detektagailuak.
Ekoizpen-fase bakoitzean sentsoreetako piezen fidagarritasuna egiaztatzen den bezala, muntaia bukatutakoan ere azterketak egiten dira sentsorea behar bezala dagoela ziurtatzeko.
Presioa neurtzen da alde batetik. Izan ere, Ariane V-eko Vulcano motorean sentsore hauen zeregina presioa neurtzea denez, presioaren batez bestekoak neurtzen dira eta presiopean jartzen dira. Horretarako sentsore denak hiru presio-makinetan sartzen dira, eta hainbat neurketa egiten da. Bestetik, sentsorearen seinale elektrikoaren neurketak egiten dira, horretarako 30 M-rainoko erresistentzia, 300 V-erainoko tentsioa, eta -200 °C-tik 400 °C-ra arteko tenperatura neurtzeko gaitasuna duen eskanerra erabiliz.
Bibrazioaren eraginpean ere jartzen dira sentsoreak, kontuan hartu behar baita kohetean jartzen direnean Vulcano motorearen bibrazioak eta koheteko turboponpen bibrazioak jasan beharko dituztela. Lantegian errealitate hori islatzeko ontzi-itxiko sistema erabiltzen da. Osagai hauek ditu: bibrazio-sorgailua, bibragailua, anplifikadorea, eta azeleragailua. Martxan jartzen dutenean, zarata ikaragarriaz gain, dar-dar egiten du Copreciko lurrak. Espazioratzeko unean gorabehera handiak jasan beharko dituztenez, azkenik tenperatura-probak egiten dira sentsoreekin.
Ontzi klimatiko itxian sartzen dituzte sentsoreak eta -80 °C eta 180 °C arteko tenperaturetan erabili. Minutu bakar batean 2 °C igotzeko edo jaisteko gaitasuna du ontzi klimatikoak. Proba guztiak gaindituz gero, bukatutzat ematen dira sentsoreak. Hortik Ariane koheteko Vulcano motorera.Gaur egun teknologiak izugarri aurrera egin duen arren, eta lerro hauen bidez adierazi bezala ondo, fin eta zehatz egindako lanaren bermea izan arren, ziur gaude Ariane-ren atzerako kontaketa hasten den bakoitzean Copreciko Sentsoreen Arloan lanean ari direnen bihotz-taupadak ohi baino azkarragoak direla.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia