"Comentarios Reales" liburuko zatia
1999/12/01 Ezpeleta Arenaza, Txema | Ruiz-Larrea, Isabel - Irakaslea eta ikertzaileaFisika Aplikatuko Saila II, EHU Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hona hemen Garcilasok idatzitako “Comentarios Reales” liburuko VIII. kapitulutik hartutako zati baten moldaketa, quipuari buruz diharduena:
"Hari eta korapiloen bidez zenbatzen zuten, eta uste osoa zegoen zenbatzaileengan.
Quipu hitzak lotu eta korapilo esan nahi du, baita zenbatzea ere, korapiloen bidez edozer gauza zenba baitaiteke. Indiarrek hainbat koloretako hariak egiten zituzten: batzuk kolore bakarrekoak ziren, beste batzuk bi kolorekoak, beste batzuk hirukoak eta bazeuden kolore gehiagokoak ere. Kolore bakunek zein nahasketek, denek zuten euren esangura. Hariak oker-okerrak ziren, hiruzpalau harizpiz egindakoak; iruteko burdinazko ardatza bezain lodiak ziren eta hiru laurden kana luze ziren (1,2 m). Hari horiek guztiak beste hari nagusi batean zeuden kordatuta. Hari bakoitzaren koloreari begiratuz zekiten zein zen hariak zuen informazioa; esate baterako, horiak urrea adierazten zuen, zuriak zilarra eta gorriak gerrariak.
Horrelako zenbait harik, kolore bereko beste haritxo batzuk zituzten zintzilik; adibidez, hari batean adin jakin bateko gizon edo emakumeak zenbatuta bazeuden —denak ezkonduta zeudela onartzen zen—, aipaturiko haritxoek adin hartako alargunen kopurua ematen zuten. Horrelako zenbaketak, gainera, urtero egiten ziren.
Harietako korapiloek ordena desberdinen adierazleak ziren, banakoak, hamarrekoak, ehunekoak, milakoak, hamar milakoak, eta nekez ikusten ziren ehun milakoei zegozkien korapiloak; izan ere, herri bakoitzak bere zenbaketa egiten zuenez eta hiriburu bakoitzak bere barrutiarena, zenbaturiko bizilagunen kopurua ez zen inoiz ehun milara iristen. Bazituzten bai hortik behera ere behar beste zenbaki. Dena dela, inoiz kopuruak ehun milatik gora egingo balu ere, ez lukete izango inolako arazorik zenbatzeko; haien hizkuntzan edozein zenbaki adierazi baitaiteke. Hari bakoitzean emandako zenbakia irakurtzeko, hariaren mutur asketik gora egindako korapilo-multzoak zenbatu behar ziren, lehen multzoa banakoei zegokien eta hortik aurrera egin ahala, ordena handiagoak ageri ziren. Kontuan hartu behar da ordena bakoitzari zegozkion korapiloak denak batera eginda zeudela, San Frantzisko patriarka dohatsuaren lokarrian ikus daitezkeenak bezalatsu."
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia