}

Columbia glaziarra atzeraka

2001/12/17 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Alaskako Columbia glaziarra uste baino bizkorrago ari da atzera egiten. Adituek diotenez, datozen hamar urteotan askoz gehiago egingo du atzera.

Datozen hamar urteotan Alaskako Columbia glaziarra 10 kilometro atzera egitera ere irits daiteke. Ondorio horretara iritsi dira Estatu Batuetako Coloradoko unibertsitateko ikertzaileak, azken 25 urteetan Columbia glaziarra aztertzen jardun eta gero. Glaziarra etengabe mugitzen da eta oinarritik gehiago galtzen du azaletik irabazten duena baino; horregatik, gero eta txikiagoa bihurtzen ari da. Izotzaren presioaren ondorioz, glaziarraren barne-geruzak likidotu egiten dira, eta sistema hidraulikoen antzerako eragina dute: glaziarraren desplazamendua areagotzen dute. Columbia glaziarra ikertu duen taldearen ustez, orain glaziarra dagoen tokia fiord bihurtuko da.

Alaskako glaziar horrek atzera egiteko arrazoiak bat baino izan daitezke, baina guztiek dute zerikusia berotze globalaren arazoarekin. Columbia glaziarra itsasoan sartzen da. Itsasoratzen den toki horretan glaziarrak flotatu egiten duenez, glaziarraren atzeranzko abiadura handitu egiten da. Glaziarraren eboluzioa jarraitzeko argazkiez baliatu dira gehienbat ikertzaileak, baina 1999. urtean eboluzio hori ikusteko irudi estereoskopikoak ere hasi ziren erabiltzen. Horri esker eta egin den beste hainbat azterketari esker, glaziarrak inguratzen duen lurrarekiko duen mugimenduaz jabetu ahal izan dira ikertzaileak.

Columbia glaziarrak gaur egun 55 kilometro ditu luzeran, 5 kilometro zabaleran eta, toki jakin batzuetan, 900 metroko lodiera izatera ere iristen da. 1982. urtetik hona, glaziarrak 11 kilometro egin ditu atzera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia