Colorado ibaiko uhateak irekita

Arroila Handian izugarrizko ur piloa isuri zuten martxoaren 5ean eta 6an, Glen arroilan dagoen presatik behera. Segundoko mila litrotik gora isuri zituzten, 60 orduz. Irudian, presaren uhateak ikus daitezke, irekita denak emanda.

Orain dela hamabi urte abiarazi zuten esperimentu baten parte bat izan zen isurketa erraldoia (denbora-tarte horretan egin duten hirugarrena da, hain zuzen). Esperimentuaren helburua da ibaiaren presatik beherako habitatak hobetzea.

Izan ere, presa egin zutenetik hondar-bankuen tamaina laurdenera murriztu da, sedimentu askok ez baitute presa zeharkatzen. Horrelako isurketek duten eragina aztertzen ari dira, horien bidez presatik beherako sedimentu-kantitatea asko handitzen delako. Uste dute horrek presatik beherako bizidunen habitatak hobetuko dituela, esate baterako Gila cypha arrainarena, Colorado ibaiko arrain endemiko batena.

Argazkia: GCMRC

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Ekologia