"Oinarri zientifiko eta teknologiko apropos bat izan ezean, herrialde batek ezin du eraginkorki lehiatu"
2009/05/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ohore handia da, eta poz handia sentitu nuen. Bakarkako lanaren eta talde-lanaren emaitza da; urte askoan ni neu buru naizen taldean aritu diren eta egun aritzen diren ikertzaileek egindako lanaren emaitza. Ikertzaile horien guztien lanek kimika organikoa garatzen lagundu dute Euskadin, eta mailarik entzutetsuenetan kokatu dute. Ikertzen jarraitzeko pizgarri bat da, ikerketa-taldea osatzen duten nahiz etorkizunean taldean sar litezkeen ikertzaile guztientzat.
Nire ustez, bi alderdi horien konbinazio bat da. Alegia, oro har, sariak aurrez egindako lanak, kasu honetan kimika organikoaren inguruan egindako ikerketa-lana, saritzeko ematen dituzte, baina, aldi berean, lan horrekin jarraitzeko indarra eta kemena ematen dute.
Lan handia. Ikerketak, ezagutzaren bestelako jarduerek bezala, ahalegin jarraitua eskatzen du. Ahalegin horren saririk handiena da norberaren ikerketen emaitzek oihartzun handia izatea, eta zientzialariek ongi baloratzea. Sariak, hein batean, aipatutako ikertzaile horietako bakoitzak bere alorrean egindako etengabeko ahalegin horren fruitua dira. Guztiek elkarrekin lan handia egin dugu fakultatean. Guk, bereziki, kimika organikoaren alorrean egiten dugu lan.
Testuliburuen arabera, kimika organikoa karbonoaren eta haren konposatuen kimika da. Biziaren oinarrizko osagaiak molekula organikoak dira, hein handi batean: lipidoak, karbohidratoak, proteinak eta azido nukleikoak. Kimika organikoa erakargarria da, batik bat, konposatu horiek naturan nola sortzen diren azaltzen duelako. Gainera, naturak aukera ematen du bere baliabideekin sortu ezin dituen eta ezaugarri aproposagoak dituzten molekulak eraikitzeko tresnak garatzeko. Kimika organikoak, naturan gertatzen diren prozesuak behatu ez ezik, eraldatu egin ditzake, eta prozesu eta produktu berriak sor ditzake. Hori guztia oso erakargarria da. Are gehiago: horixe da gainerako oinarrizko zientzietatik bereizten duen gauzetako bat. Ingurura begiratuz gero, ikus daiteke kimikari zor diogula ongizatearen oinarrizko zati bat.
Bai, nire aitak, Antonio Luisek, kimika organikoa ikasi zuen; baita haren bost anaietako hiruk ere. Guztiak farmazia-sektoreko enpresen fundatzaileak izan ziren, eta, bereziki, Kataluniako enpresa bateko fundatzaileak --beste batzuekin batera--. Enpresa hura, Biochemie, antibiotiko beta-laktamikoen ekoizpenean aitzindari zen. Gaur egun, zorionez edo zoritxarrez, Novartis taldearen barruan dago. Segur aski familiako egoera horrek bultzatu ninduen ni neu ere Kimika ikastera.
Egin beharreko zerbait da, eta horretan ari dira; eta ondo, gainera. Hezkuntza, zientzia eta teknologia propioak herrialde guztien oinarria izan behar dute. Hiru mugarri horiek izan ezean, ez dago lehiatzerik. Alegia, ez dago lehiatzerik etengabe hazten ari den mundu globalizatu honetan. Biozientzien eta nanoteknologien alorretan sortzen ari diren CIC berriak eraikiz, zimenduak jartzen ari dira EAEk aurrera egin dezan. Beharbada, nire kezka da ez ote diren diru-laguntzak sektore horretara bideratuko nagusiki, unibertsitateak, gure kasuan EHU, ahaztuta.
Zalantzarik gabe, ahalegin berezia egin behar da arlo horretan, baina betiere unibertsitatea baztertu gabe. Unibertsitatea ezagutza sortzen den erakundea da. Eta, horrez gain, herrialde orok behar dituen etorkizuneko profesionalen eta ikertzaileen trebakuntza-zentroa da. Horretarako, finantziazio egokia behar da, eta, jakina denez, oro har, aurrekontuen murrizketak jasaten dituzten lehenengo erakundeak ikerketa-erakunde publikoak dira. Nolanahi ere, espero dut Eusko Jaurlaritzak eta EHUk ikerketa-taldeei orain arteko diru-laguntzak ematen jarraitzea.
Litekeena da ikasle-kopurua gutxitzea, egungo krisiaren, motibazio faltaren, hezkuntza izaten ari den etengabeko aldaketen eta abarren ondorioz. Egia esan, ez da erraza etorkizuna aurreikustea. Arestian aipatu dudan bezala, oso garrantzitsua da ikertzaile gazteak trebatzea. Izan ere, horiek ordezkatuko dituzte egungo ikertzaileak. Berriz diot lehen esandakoa: oinarri zientifiko eta teknologiko apropos bat izan ezean, herrialde batek ezin du eraginkorki lehiatu. Ezinbestekoa da zientzia- eta teknologia-alorreko ikasketak sustatzea (betiere, giza zientziak ahaztu gabe). Halaber, arreta handia jarri behar da ikertzaile-taldeetan.
Kimikak, zoritxarrez, ez du behar lukeen ospea izan beti. Izan ere, azken bi hamarkadetan, kimika ingurumeneko poluzioaren errudun delako ideia gailendu da, besteak beste. Horrez gain, urte hauetan, zenbait enpresa txiki eta ertainek hondoa jo dute, batez ere ezin zutelako Txinako eta Indiako merkatuekin lehiatu. Aitzitik, kimika zientzia sortzailea da, ezinbestekoa herrialde baten ekoizpena areagotzeko eta biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia