Clara Immerwahr: kimikari, etxekoandre, martiri
2012/03/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
1915eko maiatzaren 2an, gaueko ordu txikietan, senarraren armadako pistola hartu eta lorategirantz abiatu zen Clara Immerwarh, etxekoandrearen mantalarekin itotako kimikan doktorea, senarraren jarduerarekin ikaratua eta atsekabetua. Erabakia hartua zuen: bere bizitza bukatu zen.
Beti izan zen emakume argia Clara. Gaztetatik erakutsi zuen ikasle azkarra zela. Bere bi ahizpa zaharragoekin batera joaten zen neskentzako eskolara. Bereziki natura-zientziak zituen gogoko, eta haserretu egiten zen irakasleak "emakumeen betebeharrei" buruz aritzen zirenean. Bere ahizpek ez bezala (ezkontzea zen haien helburu nagusia), anaiaren bideari jarraitu nahi zion Clarak; unibertsitate-ikasketak egin nahi zituen.
Hogei urte zituela ezagutu zuen Fritz Haber gaztea, dantza-ikastaro batean. Maitemindu egin zen, baina uko egin zion harekin ezkontzeari, ekonomikoki independentea izatea amesten baitzuen. Hala, irakasle izateko ikasketak egiten hasi zen, eta irakasleetako batek, Clararen gaitasunak ikusita, Jane Marcet-en Conversations on Chemistry liburua ezagutarazi zion. Kimikak harrapatuta gelditu zen ordutik. Aita ere kimikaria zuen, eta hark atsegin zuen alabak kimika gustuko izatea. Beti egongo zen ikasketekin jarraitu zezan laguntzeko prest.
Irakasle izateko ikasketak bukatu ondoren, unibertsitatera sartzeko azterketa egiteko borrokan ibili zen Clara. Azkenean, 1895ean emakume irakasleei baimena eman zitzaien unibertsitatera joateko. Eta Clarak unibertsitate-ikasketak ez ezik, doktoretza ere egin zuen. 1900ean egin zen doktore; Alemanian emakume batek doktoretza egiten zuen lehen aldia zen.
Denbora batez ikertzaile gisa aritu zen lanean, eta "Fisika eta kimika etxean" izeneko eskolak ematen ere aritu zen emakumeen organizazio eta institutuetan. 1901eko abuztuan Fritzekin ezkondu zen arte. Hasieran, ezkontza-bizitza eta karrera biak batera egiteko gai izango zela uste izan zuen Clarak, baina ezinezkoa gertatu zitzaion. Batetik, senarrak ez zion asko lagundu horretan, eta, bestetik, haurdunaldi zail batek, hasieran, eta osasun kaxkarreko seme bat zaindu behar izateak, gero, etxean egotera behartu zuten.
Hala ere, etxean senarrari (kimikaria hura ere) haren ikerketekin, eta gasen erreakzioen termodinamikari buruzko liburu bat idazten laguntzen aritu zen. 1905ean argitaratutako liburu hura "emazte maiteari--eskaini zion Fritzek--, Clara Haber doktoreari, lankidetza isila eskertuz".
Bestalde, emakumeentzako eskolak ematen jarraitu zuen. Eta konturatu zen, amorruz, askok pentsatzen zutela senarrak prestatzen zituela eskola haiek.
Fritz, berriz, aurrerapauso handiak egiten ari zen. Karlsruhe-ko Teknologia Institutuko irakaslea zen, eta, Carl Bosch-ekin batera, Haber-Bosch izeneko prozesua garatu zuen. Prozesu horren bidez, amoniakoa sintetiza zitekeen tenperatura eta presio altuan, nitrogenotik eta hidrogenotik abiatuta. Haber-Bosch prozesuak izugarrizko garrantzia izan zuen, hainbat produktu nitrogenodun (ongarriak, lehergailuak, eta abar) laborategian sintetiza zitekeen produktu bati esker lor zitezkeelako lehen aldiz. Ongarriak nahi beste sintetizatu ahal izateak sekulako abantailak eskaintzen zituen, batetik, eta, bestetik, prozesu horrek lehergailuak ekoizteko izugarrizko aukera eman zion Alemaniari.
Bitartean, etxean, Clara atsekabetuta zegoen bere ezkontza-bizitzarekin. Honela idatzi zion bere tesi-zuzendari izandakoari, 1909an: "Fritzek zortzi urte hauetan irabazi duena, hori --eta askoz gehiago-- galdu dut nik, eta nigan gelditzen den guztiak erabateko atsekabez betetzen nau... arrazoi nagusia da Fritzek bere burua lehenengo jartzeko duen modu zapaltzailea, ezen bera bezain gupidagapeki menderatzailea ez den edonor suntsitzen baitu. Fritzen gainerako giza balioak, lanerako borondatea izan ezik, ahitzeko puntuan daude, eta, nolabait esatearren, zahar goiztiar bat da".
1911n, Kaiser Wilhelm Kimika Fisiko eta Elektrokimikako Institutua sortu eta haren buru izendatu zuten Fritz (gaur egun haren izena darama). Eta Berlingo Unibertsitatean katedra bat ere eman zioten. Lorpen handiak ziren, eta are gehiago garai hartako antisemitismoa kontuan hartuta. Izan ere, Fritz, eta baita Clara ere, juduak ziren jatorriz, nahiz eta biak kristau bihurtuak ziren.
Ez zen falta, hala ere, Fritz erabat alemaniarra ez zela kexatzen zen jenderik. Lehen Mundu Gerraren etorrerarekin, baina, aukera izango zuen bere abertzaletasuna frogatzeko. Gerra Ministerioko Gerra Kimikoaren Saila antolatzeaz gainera, ezagutzen diren lehen suntsipen handiko armen eta hainbat gas pozoitsuren (ziape-gasa barne) garapenaren arduraduna izan zen. Eta etsaien aurka kloro-gasa erabiltzea proposatu zuen.
Clarak, berriz, gorroto zuen gerra hura, hainbeste heriotza eta zorigaitz eragiten ari zen gerra. Eta, bereziki, ezin zuen jasan senarrak gerra kimikoan zuen dedikazio kartsu hura, eta bere jakintza zientifikoa helburu hartarako erabiltzea. "Zientziaren idealen perbertsio" gisa kondenatu zuen senarraren lana. Erabat nahigabetuta eta ikaratuta, hainbat aldiz erregutu ere egin zion lan hura uzteko. Baina senarrak aberriarekiko traiziozko adierazpenak egitea leporatuz erantzun zion.
Lehen gas-erasoa 1915eko apirilaren 22an izan zen, Ypres-en (Belgika). Fritzek berak zuzendu zuen erasoa. 5.000 soldadu hil ziren. Kapitain egin zuten Fritz, eta heroi gisa bueltatu zen Berlinera. Egunkariak heroi berriarekiko laudorioz beterik zeuden. Etxean, berriz, ez zuen harrera berorik izan. Eztabaida sutsua izan zuen emaztearekin. Huraxe izan zen azkena.
Semeak baino ez zuen entzun tiroa, eta hark ohartarazi zuen aita. Goiz hartan bertan ekialdeko frontera joatekoa zen Fritz, errusiarren kontrako gas-erasoak zuzentzera. Halaxe egin zuen .
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia