}

CIC nanoGune: abian da txikienaren erronka handia

2009/01/30 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia | Urruzola Arrate, Manex - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gaur inauguratu dute CICnanoGune, "nanozientzian eta nanoteknologian erreferente izateko jaio den ikerketa-zentroa". Nazioarteko nahiz Euskal Herriko maila handiko ikerlariak ari dira lanean bertan.
Donostiako unibertsitate-kanpusean dago CIC nanoGune ikerketa-zentroa. (Iturria: Teknopolis )

Donostiako unibertsitate-kanpusean dago CICnanoGune ikerketa-zentroa. Eraikin horretan materiaren osagairik txikienak ikertuko dituzte, eta, aldi berean, Euskal Herriko nanoteknologiaren ikerketa koordinatuko dute.

Esaten dute nanoteknologia XXI. mendeko iraultza teknologikoa izango dela. Pentsa liteke ohiko teknologiaren aldean duen ezberdintasun bakarra tamaina dela, begi hutsez ikusten diren osagaiak utzi eta atomoen eta molekulen neurrikoekin lan egiten dutela.

Baina, egiazki, antzekotasun gutxi du teknologia tradizionalarekin. CIC nanoGuneko zuzendari nagusi Jose Maria Pitarkek adierazten duen bezala, "nano eskalara jaistea ez da soilik miniaturizazio kontua. Materiaren propietateak aldatu egiten dira eskala horretan, eta esparru berri horrek ate berriak irekitzen dizkio oinarrizko ikerketari; mundu berri bat zabaltzen da".

Oinarrizko zientzia helburu

Pitarkek azaldu duenez, CIC nanoGunen ez dituzte aplikazio jakinak dituzten teknologiak lantzen. "Guk ezagutza sortzen dugu. Sortutako ezagutza horrek nora eramango gaituen ez dakigu; halakoxea da ikerkuntza". Hala ere, ikerketa hutsean gelditu ez dadin, industriarekin elkarlanean aritzeko asmoa dute, eta lortutako emaitzak helaraziko dizkiete.

IJosé María Pitarke, CIC nanoGuneko zuzendari nagusia. (Iturria: Teknopolis )

Bost ikerketa-talde ari dira lanean orain, eta bakoitzak eremu batean dihardu: nanomagnetismo-taldeak nanodispositibo elektronikoak garatzen ditu, besteak beste; nanooptika-taldea optoelektronikan, mikroskopia optikoko instrumentazioan eta beste hainbat arlotan aritzen da; automihiztatze-taldeak nanoegituren sintesia eta funtzioak jorratzen ditu; nanobioteknologia-taldeak, berriz, nanoegitura biofuntzionalak ditu ikergai, eta nanodispositiboak fabrikatzeko taldea hainbat sistemaren nanoegituraketaz arduratzen da.

Gai horiek guztiak jorratzeko, eskarmentu handiko nazioarteko hainbat ikertzaile dituzte lantaldean. Pitarkek dioen bezala, "munduko herrialde aurreratuenetan halako zentroak eta iniziatibak martxan jartzen ari dira. Eta guk atzean geratu nahi ez badugu, hortxe egon behar dugu".

Egia esan, ez dago iragartzerik nanoteknologian egiten ari diren ikerketek iraultzarik ekarriko ote duten. Dena den, esaten dute hazkunde-potentzial handiena duen jarduera-esparrua dela. Dagoeneko hasi gara gure inguruan ikusten ingurunearen arabera kolorea aldatzen duten eta zikintzen ez diren arropak, aurpegiko zimurrak benetan kentzen dizkiguten kremak, hautakorragoak diren eta albo-ondorio gutxiago eragiten dituzten botikak eta abar. Horiek guztiek nanoteknologia dute oinarri.

Ezaugarri bereziak dituen eraikina

Nanoteknologia ikertzeko eraikin bat ezin da edonolakoa izan; oso eskakizun tekniko zorrotzak behar ditu. Izan ere, zientzialarien lana bermatzeko, ezinbestekoa da ingurune-baldintza egokiak ziurtatzea eta kanpotik inolako bibrazio, interferentzia elektromagnetiko, zarata edo zikinkeriarik ez izatea.

Bibrazioak saihesteko, gainerako lurzorutik bakartuta dauden lauzetan jarriko dituzte tresna sentikorrak.
Iturria: Teknopolis

Eta horrelaxe diseinatu dute eraikina. Laborategiak sei solairuko eraikin baten sotoan kokatu dituzte, metro eta erdiko lodiera eta 1.500 metro karratuko azalera dituen hormigoizko lauza baten gainean. Lauzak hainbat pilote ditu euskarri, eta piloteon kokapen geometrikoak bermatzen du bibrazioak ekiditea. Aretoen arteko ateak eta hormak ere interferentzia akustiko eta elektromagnetikoak saihesteko diseinatu dituzte. Gainera, egingo dituzten zenbait ikerketatarako, erabat kontrolatu behar dituzte ezpurutasunak, tenperatura, hezetasuna eta presioa.

Nazioarteko hainbat enpresa izan dituzte aholkulari, eraikitze-lanak nola eta nondik nora egin jakiteko. Besteak beste, lagundu diete eraikinaren kokalekua zehazten eta eraikinaren barruko instalazioen kokapena erabakitzen, ohiko jarduerek (igogailuek, kamioien sartu-irtenek, laborategietako ekipo batzuek eta abarrek) sortzen dituzten bibrazio, erradiazio elektromagnetiko eta bestelako asaldurak izugarri sentikorrak diren ekipoetan eraginik ez izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia