}

Charles Darwin, agur eta ohore!

1992/04/01 Peillen, Txomin Iturria: Elhuyar aldizkaria

Opuntia handia
San Cristobal

Biziaren isilpeko (bizidunen estalpeko) guztiak erantzi nahiz, Beagle itsasuntzian abiatu zinen Ingalaterratik 1831.ean lurzabalari bira emateko. Gainerakoek beren liburutegiko beropean biziaren sekretuak ikertzen zituztelarik, zeuk aitonak bere Zoonomian eta Malthus jakitunak bere Essay on the principles of population liburuan bizidunez esanak ikusi nahi zenituen. Bost urte eraman ere lurrari ingurua emanez eta bost aste bakarrik Galapago irletan. Han hasi zen, ordea, ernatzen zure teoria zabala. Hemen bi ideia nagusi baizik ez ditut aipatuko, argazkiz lagundurik.

Lehenik transformismo-teoriak zioenez, aldakortasunaren asmoei esker (Bibliazaleek ere onartzen zituzten) arraza eta bizidun-mota berriak ager zitezkeen, inguruneak sorturik. Charles Darwinek hori ukatu egin zuen, ezen baldintza berdinak izan arren, arrazak leku mugatu batean baizik ez bait ziren agertzen. Darwinek kanpoko eraginez ez zirela agertzen zioen; barrukoaz baizik. Horretarako Galapago irlak argigarri izan zitzaizkion, han bizidunen aldakortasuna oso nabarmena zelako.

Opuntia ertaina
Isla Isabela

Darwinentzat, beraz, ingurumenak ezin du berritasun onik sortu. Izadiak hautespen bat, aukera bat, egiten du, barrutik jasotako berritasunen artean hautatuz. Hona gure adibide bat: irla bakoitzean Opuntia landare-mota desberdina ikusi dugu, bakoitza hango giro desberdinera (baita hango sumendi-lur motara ere) egokitua. Hartu ditudan argazkietan hiru arraza agertzen zaizkigu Opuntia handia (hautsean), ertaina (zaborretan) eta epotxa (laba gogorrean). Noski, landare guztiak giro bati, ekosistema bati (ur, aize, lur, berotasun eta inguru berezi bati) egokitzen zaizkio edo bestela galdu egiten dira. Beraz gure ingeles jakintsua ekologia bakun eta arrunt baten aita dela esan dezakegu.

Opuntia txikia edo epotxa
Isla Rabida

Bigarrenik, Malthusen gogamena —izadiak ahulak galerazten dituela— gure jakintsuari bidaia egiteko sustatzaile gertatu zitzaion. Bost urtez itsaso eta lehorreko ibilaldi luze hartan probaz baieztatu zuen pertsonentzat adina animalientzat balio duela legeak, Izadiaren hautespen-teoria zorrotzagotuz. Geuk ere, Galapagoetan —ehiztaririk ez biztanlerik, ez dagoen lekuetan— ikusi dugu errukirik, urrikalmenik gabe, traketsa, argala, narrioduna, akastuna baztertua dela (argazkian dakusazue itsas otsokumea hiltzen ari).

Darwin sumendia.

Malthusek sortu zuen esaldia geroztik biologoen artean eztabaidatu arren, hizkuntzan, hizkuntzetan sartu da; alegia, lurzabal honetan Struggle for life edo Bizirako borroka dela bizidun guztien lege, indartsuena, trebeena edo antzetsua aukeratzen duena. Darwinek dioenez, aukera hori emeek animalia arra hautatzen dutenean egiten da alde batetik, gero, jaio ondoren izadiak ere bere aukera dagielarik. Aurreko artikuluan argazki batean “ezkongabeko” itsas otsoak agertzen ziren, ezen zahartxeago eta indartsuago ziren eta diren otso arrek, “hagin eta ausiki” bidez beren monopolioa edukitzen bait dute.

Itsas otsokume argala hiltzen.

Gizakiak tartekatzen garenean, ahulak ere gorde eta salba genitzake —hala egiten dugu geure buruekin, protesidun arrazak sortuz, ni horien artean nagoelarik—. Nekazaritzan eta abelazkuntzan izadiak aukeratzen ez dituen ezaugarriak hobesten ditugu (haragia, esnea, fruta hobetuak). Izadiak ordea bere hautespenarekin eredu ertain bat atxikitzen du.

Darwinek ez zekizkien bere garaian genetikaren berriak; ezta geroztik mikromolekulen kimikak erakutsi dizkigunak ere, baina haren urratsa ausarta eta handia izan zen eta omenaldiz argazkietan agertzen diren Darwin sumendia eta Darwin aintzira badaude Isabela irlan. Jakituna ohoratzeko ikuspegi bitxi eta ederrenak aukeratu diozkiote. Garai batean kristauek bere teoria oker ala zuzen ulerturik oztopo egin zioten, Estatu Batuetan debekaraziz, baina Bibliak neolitos garaiko jakintza bakunaz ekarri ziguna aldatzeko eta hobetzeko garaia zen. Azken urteetako aurkikuntzek mikrobiologiaren ekarpenaz bizidun guztien artean lokarria badagoela ziurtatu digute, nahiz eta gizakiek biziaren zuhaitzean adarrik arraroena —nahiz txarrean nahiz onean— sortu eta jarraiki dugun.

Darwin aintzira.

Galapagoetako eredua, noski, ederra da. Zoritxarrez txikiegia ere bai, ezen urte guztiz Amazonia, Kongo edo Europan bizidun-mota larregi behin-betirako desagertzen bait da, gizakiak garapenaren izenean eta gehienetan alferretan egiten duelarik. Giza adimena bi ahoko ezpata delako, sarri alde txarrenetik erabiltzen da, adimena sena baino kaltegarriago gerta daitekeelarik. Galapago irlei lurzabalaren oasi jarraitzea opa diegu, giza-harrokeriaz makinek bizidunen lekua hartzen duten garaian.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia