}

Charles Augustin Coulomb

1994/07/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Fisikari frantses hau Anguleman munduratu zen 1736.eko ekainaren 14an. Gaztetan Armadan hasi zen lanean injineru gisa, eta berak eskatuta mendebaldeko Indietara (Martinika irlara) bidali zuten lanera. Han Fort Bourbon izeneko gotorlekua eraikitzen bederatzi urtez aritu zen.

Indietatik itzuli eta Armada utzi egin zuen. Ordurako zientziarako zaletasuna bazuen bere barnean eta saiakuntzak egiten hasia zen. Frantziako Iraultza lehertu zenean, Blois herrira erretiratzea erabaki zuen, han lanean segitzeko asmotan. Politikan nabarmendu gabe erretiratuta ibili zelako, Iraultzako Izualdia lasai samar igaro ahal izan zuen.

Ordurako zientzilari gisa famatua zen. 1777.ean izan ere, “Orratz imanatuak ahalik eta erarik egokienean fabrikatzeko ikerketak” izeneko lehen lana argitaratu zuen batetik, eta urte hartantxe bihurdura-balantza asmatu zuen bestetik. Balantza hark, eragindako indarra zuntz mehe eta zurrunean sortzen zen bihurduraz zehatz neurtzen zuen. Pisua gorputz bati grabitazioak eragiten dion indarra denez gero, bihurdura-balantza pisatzeko erabil zitekeen.

Egia esan, John Michell geologo ingelesak lehenago ere antzeko balantza asmatua zuen, baina Coulombek ez zekien eta bere lanak independenteki egin zituen. Coulombek bere doitasun-balantza elektrizitateko saiakuntzetan erabili zuen. Elektrikoki kargatutako esfera txiki bat kargatutako beste esfera txiki baten aurrean distantzia desberdinetara ipintzen zuen eta bere balantzaz aldarapen- ala erakarpen-indarra (karga elektrikoak zeinu berekoak ala kontrakoak izatearen arabera) neurtzen zuen.

Horrela 1785.ean bere legearen berri eman ahal izan zuen: aldarapen- ala erakarpen indar elektrikoa, esferek zituzten karga elektrikoen arteko biderkadurarekiko zuzenki proportzionala zen eta kargen zentruen arteko distantziaren karratuarekiko alderantziz proportzionala. Coulomben legeak beraz, erakarpen elektrikoan dauden indarrak eta Neuwtonek grabitaziorako aurkitutakoak antzekoak direla esan nahi du. Atomoan ere karga elektriko positiboak eta negatiboak badirenez, Coulomben legeak berebiziko garrantzia du bertako erakarpen- eta aldarapen-indarretan.

Priestley ere bere aldetik ondorio horietara iritsi zen urte batzuk lehenago eta Cavendish ere bai, baina Cavendishek inoiz ez zituen bere aurkikuntzak argitaratu eta hil eta handik berrogeita hamar bat urtera jakin ziren bere emaitzak. Coulombek, dena den, bere aurkikuntzak “Mémoires de l’Académie royale des sciences (1785-1789)”en argitaratu zituen.

Coulombek horrez gain 1779. urtean “Makina sinpleei buruzko teoria” izeneko lana argitaratu zuen, bertan marruskaduraren inguruko arazoak aztertzen zituelarik.

1789. urtean, Lurraren eremu magnetikoak orratz imanatuan zuen eragina ikertuz momentu magnetikoari buruzko kontzeptua eta polarizazio-teoria asmatu zituen.

Coulomben ohorez, karga elektrikoaren unitateak bere izena darama.

Charles Augustin Coulomb Parisen hil zen 1806.eko abuztuaren 23an.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia