}

Caulerpa taxifolia. Mediterraneoaren hiltzailea

2000/12/03 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Animala edo landare bat ohikoa ez duen ingurune batean sartzeak ondorio larriak eduki ditzake. Caulerpa taxifolia tropikoetako algak, ezustean eta oso arin, Mediterraneoan sortu duen desoreka ekologikoa adibide aparta da. Hasieran behar adina neurri hartu ez zelako, Mediterraneoko dibertsitatea berreskuratzeko berantegi izan liteke.


Caulerpa taxifolia alga berde ederraren Mediterraneoko historia zakarrontzi batean hasi omen zen. Monakoko museo ozeanografikoko zakarrontzi batean hain zuzen ere. Denis Ody ozeanografian doktorea 1992an hasi zen C. taxifolia ren nundik norakoak ikertzen eta halakorik espero ez bazuen ere, adierazpen ikaragarriak jaso zituen. Izan ere, Monakoko museoko akoarioetako arduradun batek aitortu zion ontziak garbitzeko orduan ez zutela lan handiegirik hartzen. Algak errotik atera eta lehiotik zuzenean itsasora botatzen omen zituzten. Zakarrontziek pisu handia izaten zutela eta, ez zuten zabortegietara eramateko ahaleginik egiten. Bere hitzetan, inork ez zuen pentsatzen tropikoetako alga bat Mediterraneoan bizirauteko gai izango zenik!


Orain badakigu. C. taxifolia Mediterraneoan bizirauteko gai da, eta ez hori bakarrik, Mediterraneoa inbaditzeko ere bai! 1960tik Europan akuarioak apaintzeko erabiltzen den alga ikertzen 1992an hasi ziren, baina lehenago hasi zen hedatzen. Bere hedapena ikusiz, geroztik jarraipen zehatza egin izan zaio. 1992an, martxoa eta urria bitartean, C. taxifoliak okupatutako zona 50 hektareatik 180 hektarea izatera pasa zen. 1994an, algak irabazitako azalera 600 hektareatakoa zen, 1995ean 730 hektarea eta 1998an 1.500 hektarea. Gaur egun, Mediterraneoko kostan (Espainia, Frantzia, Monako, Italia, Kroazia) 6.000 hektarea inbaditu ditu.


Okerrena da alga horren bizilekua ez dela Mediterraneora mugatzen. Izan ere, berrikitan Kaliforniako kostan aurkitu dute. Genevako Unibertsitateko Olivier Jousson ikerlariak Mediterraneoko, Itsaso gorriko, Indiako Itsasoko, Ozeano Bareko, Karibeko eta akuarioetako C. taxifolia barietateenADNak konparatu ditu. Kaliforniako kostan aurkitu den alga Mediterraneoko barietatea dela ondorioztatu du, eta gainera, argi gelditu da Itsaso Gorrian eta tropikoetan aurkitzen den alga erabat desberdina dela. Azkenik, ikerketak argi eta garbi erakusten du azken urteotan museoko arduradunek gezurtatu nahi izan duten hipotesia. Alegia, alga akuarioetatik sartu dela Mediterraneoan.


Zabaltze hori ikusirik, Mediterraneoko herrietako zientifikoek bat egin dute C. taxifolia oreka biologikoa deuseztatzeko arriskutsua dela esatean.


Laster hedatzeko baldintzak


C. taxifoliak anatomia bitxia eta sinplea du. Nukleo asko dituen zelula bakarrak osatzen du. Ez da erraz desagertuko, landarea punta batetik hiltzen denean, bestetik hazi egiten baita. Mutazio batzuen ondorioz, tropikoetako landare txikia zena, Mediterraneoan 80 zentimetroko inbaditzaile bihurtu da. Hedatzeko nahikoa da adibidez, itsaslasterrek edo itsasontzi batek oharkabean aldaxka bat alde batetik bestera eramatea, C taxifolia eremu berri horretan errotzeko. Aldaxka batek hamar metroko eremua dentsitate handiz koloniza dezake (14.000 orri metro karratuko) eta ehun metroko zurtoina sor dezake. Ez da harritzekoa hain abiadura handian zabaltzea!


Gainera, ingurugiroarekiko ez da batere exijentea eta era guztietako substratoetara egokitzen da. Berdin zaio arroka, harea edo basa izan, nahiz eta, substrato solidoak nahiago dituen. Bestalde, berdin-berdin finka daiteke leku garbi zein poluituetan, portuetan adibidez. Argitasuna eta tenperatura-aldaketak ere ez dira alga hori zabaltzeko oztopo. Australiako barietatean ez bezala, Mediterraneokoak tenperatura hotzak ongi jasaten ditu. Tenperatura-aldaketek zerikusi handia dute alga horien garapenean, baina ez da horregatik hiltzen. Hiru hilabete pasa ditzake 10 gradutan dagoen uretan. Uda-amaieran eta udazkenean berriz, eguneko bi zentimetro handitzen da.


Argi-intentsitate desberdinetara ere ongi egokitzen den alga da C. taxifolia . 50 metroko sakoneran, substratoaren azalera % 50 eta % 100ean estaltzen du. Sakonera handiagoetan populazio-dentsitatea nabarmen gutxitzen da, baina hala ere, C. taxifolia -100 metrotan ere bizi daiteke. Oraingoz, sakonera-muga 182 metrokoa dela uste da.Azkenik, hain erraz hedatzeko ezinbestekoa den azken baldintza ere betetzen du; ez dauka harraparirik eta arrainak uxatzeko substantzia toxiko bat botatzen du.

Mediterraneo itsasoko fauna eta floraren dibertsitatea nabarmen gutxitu da. C. taxifoliak sortzen duen 'moketak' tapatze hutsarekin landaredi iraunkor guztia deuseztatzen du. Toxiko izanik, landaredi horrekin zuzeneko lotura duen fauna ere ondorio zuzenak jasaten ari da, animaliek ezin baitute beren ohiko elikadura alga berri horrekin ordezkatu. Espezi batzuk desagertzen ari dira eta beste batzuk berriz, ugaritzen. Arrantzaleak ere hasi dira algaren ondorioak jasaten, itsaslasterrek azaleratzen dituzten alga-zatiek arrantzaleen sareak hondatzen baitituzte


Deuseztatzeko ahaleginetan


Iritsi duen hedadura zabala dela eta, ez dago batere argi nola kontrola eta deusezta daitekeen. 1992an adibidez, Balearretan eta Port-Cros parke naturalean, lehen aldaxkak aurkitu bezain laster errotik ateratzen saiatu ziren. Nonbait ez zituzten aldaxka denak kenduko, zeren eta gaur egun eremu horietan oraindik ere C. taxifolia aurki baidaiteke. Kalifornian, berriz, 3.500 m 2 alga kloroarekin deuseztatu dituzte. Ez da irtenbide egokiena kloroak beste espezie guztiak ere hiltzen baititu. Bestalde arrantzaleei eskatu zaie, sareetan topatuz gero, zakarrontzi batean gorde eta lurrean botatzeko.


Aztertzen ari diren azken irtenbidea borroka biologikoa sustatzea da. Horretan, 1994 geroztik Frantziako INRA erakundea (Institut National pour la Recherche Agronomique) ari da lanean. C.taxifolia jan ez baina zelularen zitoplasma xurgatu egiten duten Molusko batzuk erabili nahi dira. Bare horiengan algen produktu toxikoek ez dute eraginik, eta gainera, bareek gorde egiten dute haragijaleen aurka erabiltzeko. Algek beste defentsa mota bat garatu dute. Proteina berezi batzuen koagulazioari esker hesi antzeko bat sortzen dute bareak zulo handiagoa egitera behartzeko. Oraingoz, Mediterraneoan bizi den barea ez da aski hedatua C. taxofiliaren inbasioa mugatzeko eta tropikoetatik beste espezie batzuk ekartzea pentsatzen ari dira.


Ez da gizakiak itsasoan sartzen duen lehen espeziea


Azken hogei urteetan itsaso eta ozeanoetan, nahita edo nahi gabe, sartzen diren espezien kopurua nabarmen igo da, batez ere itsasontzien harat-honatak direla medio. Adibidez, Atlantikoko mendebaldetik joandako itsasontzi batek, 1982 inguruan, Mnemiopsis leidyi ornogabea Itsaso Beltzera eraman zuen.

Nahiz eta hasiera batean kalterik ez dutela egiten diruditen espezie txikiek izugarrizko hondamendia eragin dezakete. Medusa zeharrargi baten antza duen animalia horrek hamar urteren buruan Itsaso Beltzeko arrantza erabat suntsitu zuen. 1984an 204.000 tona antxoa, 24.600 tona ijito-sardina eta 4.000 tona berdela arrantzatzetik, hurrenez hurren, 200 tona, 12.000 tona eta batere berdelik ez arrantzatzera pasa ziren.


Neurri gabe hedatu diren beste espezie batzuk Asterias amurensis itsas izarra eta Carcinus maenas karramarroa dira. Biak ere Tasmania eta Australiako kostetan sartu dira. Itsas izarra lehen aldiz 1986an ikusi zen eta gaur egun milioika indibiduo daude.

Karramarroa berriz, 1900ean sartu zen eta ikaragarrizko hondamendia eragiten ari da moluskuetan, batez ere, ostra-haztegi eta muskuilu-haztegietan. Bi espezie horien ugalketa galarazteko asmoarekin harrapakeriak sartzea pentsatzen ari dira.

Informazio gehiagorako egin klik hemen

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia