}

Carl Sagan astronomoak txosten sekretuak ezagutarazi zituen

2000/05/09 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

1959. urteko martxoan, Ilargian leherketa nuklearrek izango luketen ondorioak aztertzeko proiektuan lanean ari zen Txostenak zeinek jaso zituen ez da jakin

Astronomo ospetsuaren bi biografia argitaratu dira azken hilabeteetan. Keay Davidson-ek idatzitakoan dioenez, Saganek txosten sekretu batzuk atera zituen argira. Aste honetako Nature aldizkarian Saganen nagusiak, Leonard Reiffel-ek, ematen du istorio horren berri.

Bigarren Mundu Gerra ondorengo urteetan Estatu Batuetako gobernuko Armour Research Foundation (ARF) zentroak leherketa nuklearren efektuak ikertu zituen. 1958. urtean Aire Armadak Ilargian leherketa hipotetiko batek izango zuen efektua aztertzeko eskatu zien ARF-koei. A119 proiektua zen. «Ilargiko Ikerketarako He-galdien Azterketa» zuen izenburu ofiziala. Besteak beste Lurretik leherketa ikusiko zen ala ez jakin nahi zuten. Bestalde, leherketak eman zitzakeen datu zientifikoen berri izan nahi zuten. Ilargiaren azterketa kimikoa, adibidez, horrelako esperimentuak burutzeko aitzakia izan liteke.

Ekintza guztiz estrategikoa

Horrelako esperimentu batek Gerra Hotzaren giro politikoan izan lezakeen oihartzuna erabiltzeko interesa azaldu zuen Aire Armadak. Ez zuen Ilargiaren ingurunea suntsitzearen ondorioei buruzko kezkarik. ARF-koek, bai ordea, eta hala adierazi zuten.

Garai hartan ARF-ko fisikako ikerketaren buru Leonard Reiffel zen. Reiffel-ek planeten fisikan aditua zen Gerard P. Kuiper kontratatu zuen aholkulari moduan. Langabezian zegoen lizentziatu gazte bat ere sartu zuten proiektuan. Gazte hori Carl Sagan zen. Saganen lana ez zen inolaz ere erraza: Ilargiaren gainazalean askatutako gasak nola barreiatzen diren azaltzeko eredu matematikoa egitea zen bere egitekoa. Eredu hori leherketa Lurretik ikusiko zen kalkulatzeko lehen urratsa zen. ARF-k bederatzi hilabeteko lanen txostenak, Saganenak barne, bildu zituen.

Urte asko pasa ondoren

Estatu Batuetako legeen aginduz, txosten horiek 1987. urtean birrindu behar ziren eta hala gertatu zen, ustez. Reiffel-ek dioenez, biografia argitaratu den arte ez du jakin izan Saganek txosten horiek baimenik gabeko norbaiti bidali zizkionik. Inork ez du argiu zeinek jaso zituen. Beharbada, Sagan-ek beste lanen bat bilatzeko edo erakunderen batean sartzeko, kurriku- lum-eko txostenen artean ARF-koak bidali zituen. Dena den, puntu hori ez dago baieztatuta.

Txosten horiek gaur egun nonbait dauden ala ez jakitea estatubatuarren arazoa da. Hala ere, proiektu horren helburu orokorra argira atera da eta Gerra Hotzaren giroaren isla da. Ingurugiroarekiko jarrera ez zen jakinduria faltarn ondorio.

Aipagarria da Reiffel-ek berak dioena: «Ilargiaren zientziaren onuran, leherketa nuklearra detonatzeko baten edo biren arteko lehia ez zen inoiz gauzatu». Ezusteko ondorioak ez ditugu gaur pairatu behar. Agian horixe da istorio horretan dagoen daturik garrantzitsuena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia