CAF-Elhuyar sarietan, zahartzearen sekretuak
2009/04/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
"Xixareak, dortoka erraldoiak eta hidra hilezkorra" izenburua jarri dio Xabier Artaetxebarria telekomunikazio-ingeniari donostiarrak bere lanari. Zahartzeari buruzko azterketa egin du egileak artikuluan.
Epaimahaiaren iritziz, "artikuluak izakion zahartze-prozesuari buruzko hausnarketa bikain bat eskaintzen digu, eta hasieran zahartzea Darwinen hautespen naturalaren teoriak argitu lezakeen ala ez aztertzen badu ere, gero kromosomen paradisu berrian sartzen da, geneek, telomeroek eta entzimek izan dezaketen garrantzia eztabaidatzeko". Edizio honetako epaimahaia osatu duten bost kideen esanean, artikuluak, "bizia eta aberatsa izateaz gain, egoki dakarzkigu bizitzari buruzko hausnarketa darwinistak"; horregatik, merezimendu osoz irabazi du lehen saria.
Ardagaiak, polimeroak eta ukimena
Sari nagusiaz gain, beste hiru sari banatu dira aurten. Hain zuzen ere, basoen mundura joan da edizio honetako bigarren saria. "Ardagaiak, basoak pizten dituzten txinpartak" lanarentzat izan da, Ostaizka Aizpurua zarauztarrak eta Antton Alberdi elgoibartarrak idatzitako artikuluarentzat.
Epaimahaiaren esanean, "basoen kudeaketa egokiaren gaineko hausnarketara bideratzen gaitu lanak, eta basoko zuhaitz eroriei eta enbor iharrei buruzko ohiko iritzia aldarazten du".
Hirugarren saria Leire Perezek eta Maite Artetxek jaso dute, haien eguneroko ikergaiari buruz idatzitako artikuluari esker. "Polimeroak, minbiziaren aurkako terapiako Troiako Zaldiak" izenburupean aurkeztu dute euren lana, eta, artikuluan, hidrogelak edo mikro/nanogelak aurkeztu dizkigute. Botikak garraiatzeko eta leku jakinetan askatzeko balio dute gel horiek, eta, horregatik, tresna baliagarriak izan daitezke minbiziaren tratamendurako. Hori egiteko modu bat jorratu dute artikuluan, epaimahaiaren ustez, "ederki asko eta era interesgarrian".
Azkenik, gazteentzako sari berezia "Haptika edo ukimenaren ustiapena" izeneko lanarentzat izan da. Egilea Xabier Zabala errenteriarra da, eta, artikuluan, ukimen bidezko komunikazio-sistemei buruz hitz egin du, hau da, haptikari buruz. Haptikaren hastapenak, aplikazioak eta etorkizunean izan dezakeen bilakaera aztertu ditu. Epaimahaiak bereziki estimatu du egileak erabili duen estilo argia eta gaia dibulgatzeko jarri duen gogoa.
Epaimahaikideen balorazioa
CAF-Elhuyar sarien epaimahaia hainbat adituk osatu dute: Mikel Alvarez Yeregi (medikua, Gurutzetako Ospitaleko zuzendari gerentea), Jabier Duoandikoetxea Zuazo (Matematikan doktorea eta EHUko irakaslea), Joseba Etxebarria Azkue (ingeniaria eta Mondragon Unibertsitateko irakasle ohia), Txema Ramírez de la Piscina Fernández (Kazetaritzan doktorea eta EHUko irakaslea) eta Koldo Núñez Betelu (Geologian doktorea eta zientzia-dibulgatzailea).
Saritutako lanak baloratzeaz gain, sariketara aurkeztutako lanen balorazio orokorra egin dute, eta nabarmendu dute aurten, lanen kopurua jaistearekin batera, kalitateak ere behera egin duela pixka bat. "Aurtengo edizioa txukuna izan da, bai kalitatearen eta lanen kopuruaren aldetik, bai jorratutako arloen barietateagatik, baina ez da bereziki nabarmentzekoa izan, oso lan bikain gutxi aurkeztu baitira" esan du epaimahaiak. Horregatik, hurrengo edizioetara begira ahalegin handiagoa egiteko deia luzatu du.
Horrez gain, gaien aldetik ere berriz ere medikuntza izan dela nagusi azpimarratu dute epaimahaikideek: "Azken urteotako ildoari jarraituz, medikuntza izan da gehien jorratu den arloa. Hain zuzen, aurkeztutako 16 lanetatik heren bat edo medikuntzakoak izan dira. Bestela, banaka zein binaka, botanika, paleontologia, ekonomia, informatika, teknologia eta elektronika izan dira arlo nagusiak".