Kuantika, adimen artifiziala, matematika, enigmak eta piperrak, CAF-Elhuyar sarien 30. edizioan
2024/10/23 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
CAF-Elhuyar sariketaren 30. edizioko sariak banatu dira, “konta(kta)tu” lelopean , Tabakaleran (Donostia). Hain zuzen ere, bi helburu ditu sariketak: egileak (zientziazaleak, zientzialariak, eragileak) beren jakintza, ikerketa edo egitasmoen berri ematera bultzatzea, kontatzera gonbidatzea alegia; eta, horrekin batera, jendearen kezkei, beharrei edo interesei erantzutea, hau da, gizartearekin konektatzea.
Dibulgazio-artikuluen kategorian, Ander Tobalina Novo gasteiztarrak irabazi du saria, “Arau berriak, jostailu berriak” izeneko artikuluarekin. Lana saritzeko orduan, epaimahaiak nabarmendu du gaurkotasun bete-beteko gai bati heldu diola egileak, eta argi erakusten duela teknika berriek esparru berriak irekitzen dituztela. Horrez gain, azpimarratu dute ezen, fisika kuantikoa berez azaltzen zaila bada ere, artikulua erraz eta gustura irakurtzen dela.
Egilearen doktore-tesia gizarteari kontatzeko artikuluen kategorian, berriz, Antton Babaze Aizpurua irundarrak eskuratu du, “Argi ibili kuantikarekin” lanari esker. Kasu honetan, egileak transmititzen duen pasioa azpimarratu nahi izan du epaimahaiak. Artikulua, idazketa aldetik, argia eta irakurterraza iruditu zaie, eta adibide erakargarriak erabili dituela ere nabarmendu dute.
Kategoria honetan, halaber, beste lan bat nabarmendu nahi izan du epaimahaiak, aipamen berezi baten bidez, Uzuri Albizu Mallea gasteiztarraren “Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuen kartografia”. Azpimarratu dute diziplinartekotasunaren adibide bikaina dela, tesia ondo azalduta dagoela, eta matematikari buruzko beste ikuspegi bat eskaintzen duela.
Zientzia-kazetaritza kategorian, “Silfioaren enigma” lana izan da saritua. Enekoitz Telleria Sarriegi segurarra da egilea, eta, epaimahakideen iritziz, egileak asmatu du jakin-mina pizten gai ezezagun bati buruz. Hain zuzen ere, zientzia-dibulgazioko ohiko gaietatik ateratzen da, eta, hari buruzko informazioa lortzeko, detektibe-lana egin behar izan du. Hala, iturri oso desberdinak erabiltzen ditu: zientzia, poesia… Berezko estiloan, pieza gozagarri bat osatzea lortu du. Artikulua BERRIA egunkarian argitaratu zuten iazko ekainean.
Lehen sektoreari buruzko lanak saritzen ditu NEIKER sariak, eta aurtengo irabazlea Mikel Ojinaga Juárez bermeotarra izan da, “Birusen aurkako gudari irribarratsua” lanari esker. Kategoria honetako epaimahaikideek nabarmendu dute gaiak garrantzi handia duela sektorean eta egileak oso argi azaldu duela zein den arazoa eta nola egin aurre. Gainera, argazki ugariz eta esanguratsuz jantzi du testua. Finean, dibulgazio-lan oso ona egin duela iritzi dio epaimahaiak.
Saridun guztiek 2.000 euroko ordaina eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.
Sorkuntza-bekak eta merezimendu saria
Sariez gain, 5.000 euroko dirulaguntza ere ematen du CAF-Elhuyar sariketak zientziaren eta gizartea konektatzen dituzten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten, FEMIAS KOLEKTIBA taldeak aurkeztutako FemPRONT proiektuak jaso du.
Genero-arrakalarik gabeko adimen artifizialeko TEXT-TO-IMAGE irudiak sortzeko gida interaktibo baten digitalizazio-proiektu artistikoa da FemPRONT, eta, epaimahaikideek esan dutenez, bereziki erakargarria da puri-purian dagoen arlo bati buruzkoa izatea eta genero-ikuspegia izatea haren ardatza.
FEMIAS KOLEKTIBA taldea honako hauek osatzen dute: Alejandra Bueno de Santiago, Laura Martinez Martin eta Aiskoa Perez Alonso.
Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu-saria ematen du euskaren normalizazioan eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzeko. Hogeita hamargarren edizio honetan, Miren Basaras Ibarzabalek jaso du aitortza hori, euskarazko dibulgazioan erreferentea delako, mikrobiologiaren eremuan bereziki. Patronatuak aintzatetsi nahi izan du COVID-19aren pandemiaren garaian gaixotasuna ulertarazteko eta prebentzio-neurriak hartzeko egin zuen lana, modu ulergarrian beti, alarmarik piztu gabe eta ikuspegi sozial handiarekin. Eta, horretaz gainera, euskarari eta euskarazko hedabideei emandako lehentasunezko tratamendua azpimarratu nahi izan du Patronatuak.
Saridunak ezagutzeaz gain, aurreko urteko sorkuntza-beka irabazi zuten proiektuak ikusteko aukera izan da ekitaldian bertan.
Iaz, bi proiektuk jaso zuten sorkuntza-beka, erdibana. Izan ere, biek zuten xede bera: adimen artifizialaz hausnartzea. Hala, “Semiosi-genesi” proiektuan, Jon Sánchez Carrascok adimen artifizialaren mitologia sortu du, eta, adimen artifizialeko tresnak erabilita, komiki bat egin du. Bestean, Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren “Ia dena” proiektuan, jardunaldi batzuk egin dituzte adimen artifiziala aztertzeko ikuspegi desberdinetatik. Jardunaldiaren ondorioak poema gisa aurkeztu dituzte ekitaldian.
Epaimahaikideei dagokienez, hauek epaitu dituzte dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak: Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillango, kazetaria eta idazlea; Idoia Torregarai Martija, UEUko komunkazio-arduraduna; eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Elhuyarreko Kultura Zientifikoko arlo-arduraduna. Neiker sariaren irabazlea, berriz, hauek aukeratu dute: Arantza Madariaga Aberasturi, Elika Fundazioko zuzendaria; Pilar Santamaría Martínez, HAZI Fundazioko arloko burua; eta Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendaria.
Zientzia Gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak honako hauek epaitu dituzte: Lorea Agirre Dorronsoro, Jakin Fundazioko zuzendaria; Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedraduna; eta Irune Bengoetxea Lanberri, Elhuyarreko komunikazio-arduraduna.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia