}

Buruko ilajea iluna eta luzea duten lehoi arrak ‘beroagoak’ dira

2002/08/23 Elhuyar Zientzia

Jakina da lehoi arrek buruko ilajea luzea eta ederra dutela, eta orain arte uste zen borroketan burua babesteko zutela hainbeste ile inguruan. Argi dago, baita ere, alde handia dagoela lehoi batzuetatik besteetara: batzuek luzea, beste batzuek motza, iluna, argia... Orain argitaratu den ikerketa bati esker jakin ahal izan da ilajearen koloreak eta luzerak garrantzi handia duela emea erakartzeko garaian.

Izan ere, Science aldizkariak argitaratutako ikerketa horren arabera, lehoi emeei ar txima-luzeak eta beltzaranak gustatzen zaizkie. Hori jakiteko, AEBetako Minnesotako Unibertsitateko ikertzaileek Tanzanian dagoen Serengetiko lehoien jokabidea aztertu dute bost urtez eta bereziki prestatutako manikiekin probak egin dituzte. Maniki horiek lehoi arren itxura zuten eta hainbat ileorde probatu zituzten emeentzat erakargarriena zein zen jakiteko. Horrela ikusi dute nahiago dituztela lehoi emeek ile luzea eta iluna duten arrak.

Beste espezieetan gertatzen den bezala, ilearen itxurak asko adierazten du banakoaren osasunaz, adinaz... Gainera, odoleko analisiak eginez, ilaje iluna eta luzea edukitzea testosterona-maila altuarekin lotuta dagoela ikusi dute. Hormona horrek oldarkorragoak ere egiten ditu lehoi arrak, eta, beraz, hobeto babes ditzakete emea eta kumeak.

Hala eta guztiz, testosterona-maila altua duten lehoi arrek ez dute dena aldeko: infragorriko kamera baten bidez, barrabilak beroagoak dituztela ikusi dute; ondorioz, esperma gutxiago ekoizten dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia