}

Buruko gaixotasunen Osasunaren Mundu Eguna

2001/04/06 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Bihar, apirilak 7, osasunaren mundu eguna ospatuko da eta buruko gaixotasunak izango dira protagonistak.

Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, munduan buruko gaitzen bat duten 400 milioi pertsona daude, munduko populazioaren ia % 7. Kopurua ikaragarria da, baina kontuan hartu behar da hor, berezko buruko gaitzez gain, besteak beste alkoholarekin edo drogekin arazoak dituztenak ere zenbatuta daudela.

Buruko gaitzak bereziak dira, diskriminaziorik eragiten ez dutelako; hau da, aberatsei zein txiroei eragiten die, haurrei zein helduei, gizonezkoei zein emakumezkoei, garatutako herrialdeei eta garapenetik urrun samar daudenei. Hala ere, berez diskriminatzaileak ez izanda ere, gizartean bazterketa sortzen dute.

Denbora askoan pentsatu izan da buruko gaitzak irudimenak sortutako zerbait zirela, baina egia bestelakoa da. Izan ere, buruko gaixotasunak errealak dira. Burmuina begiratzeko teknika berriei esker jakin da buruko gaitz askok burmuineko egitura aldatzen dutela. Hortaz, argi dago buruko gaitzen diagnosia egin daitekeela eta, jakina, baita tratamendua ezarri ere.

Buruko gaitzek oinarri biologikoa, psikologikoa edo soziala izan dezakete. Zientzialariak garuneko gaitz batzuen jatorri biologikoa aurkitzeko lanean ari dira. Dagoeneko badakite eskizofreniak eta Alzheimer gaixotasunek geneekin zerikusi handia dutela, edo alkoholarekiko mendekotasunean inguruak eta geneek dutela errua, eta, adibidez, adimen-atzerapenaren eragile nagusietako bat iodo falta dela.

Eskizofrenia eta depresioa

Buruko gaitzak izan asko badira ere, ohikoenen multzoa seik osatzen dute.
Horietako bat eskizofrenia da. Eskizofrenia ideien eta sentimenduen asaldurari deitzen zaio. Gaixoaren nortasuna, hizkuntza, pertzepzioa eta pentsamendua aldatzen dira eta, sarritan, elementu psikotikoak ager daitezke, adibidez ahotsak entzutea edo ideia finko arraroak izatea. Datuen arabera, munduan 18 urtetik gorako 45 milioi gaixo eskizofreniko daude. Eskizofreniaren tratamendua botiketan eta terapia psikologikoan oinarritzen da.

Eskizofreniarekin batera, gizarte moderno hau aztoratzen duen gaitz ezagunena depresioa da. Depresioari buruzko datu zehatzak ematea ez da erraza, askotan depresio aldiak oso laburrak izaten direlako. Hala ere, herrialde batzuetan nolabaiteko datuak badaude. Adibidez, Estatu Batuetan eta Brasilen, urtean, populazio helduaren % 7k depresioa izaten du, Alemanian % 1ek eta Turkian, % 4,2k. Urtero munduan milioi bat pertsonak bere buruaz beste egiten du eta, adituek diotenez, suizidioen % 60 depresioaren eta eskizofreniaren eraginez gertatzen dira. Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, 340 milioi pertsona depresioak jota daude. Depresioa, labur esanda, bizitzeko gogo falta izango litzateke. Diagnosi goiztiarra garrantzitsua omen da gaitz hau sendatzeko, baina, gaitza detektatuta ere, munduan tratamendurik jaso ezin duten milioika pertsona daude, botikarik ordaindu ezin dutelako gehienbat.

Alzheimer, epilepisa eta adimen-atzerapena

Alzheimer gaitza ere gero eta toki gehiago hartzen ari da. Alzheimer-en gaixotasuna adineko jendearen artean dementziazko gaitzik hedatuena da: dementzia guztien erdiak inguru Alzheimerrena izaten dira. Gaur egun munduan 11 milioi pertsonak Alzheimerrena dute eta —epe laburrean sendabiderik aurkitzen ez bada– 30 urtean kopurua bikoiztu egin daiteke. Egiten ari diren ikerketa guztien arabera, munduan 65 urtetik gorakoetatik % 10ek Alzheimer-en gaixotasuna garatzen dute; 85 urtetik gorakoen artetik, berriz, % 47k, hau da, ia erdiek. 1907. urtean Alois Alzheimer ikertzaileak identifikatu zuen gaitza eta, zientziaren ikuspegitik, burmuineko dementzia endekatzailea eta progresiboa da. Oroimenean berehalako galera sortzen da, oroimenaren neuronak eta pentsatzeko gaitasunaren ardura duten neuronak hondatu egiten baitira; ondorioz neuronen arteko komunikazioa eten egiten da. Gaitza sendatzeko tratamendurik ez dago gaur egun.

Epilepsiak ez du aurrekoen bezainbesteko ospe txarrik, baina larria izan daiteke. Burmuineko gaixotasuna da, errepikatzen diren krisiak eragiten dituena. Krisi horiek mota askotakoak izan daitezke: adia galtzetik konbultsio bortitz-bortitzetaraino joan daitezke. Epilepsiaren arrazoiak asko izan daitezke, buruko traumatismoak, infekzioak, parasitosiak, alkohola eta abar. Munduan 45 milioi epileptiko daudela jotzen da, eta bost aldiz gehiago daude garatu gabeko herrialdeetan garatuetan baino. Horregatik, epileptiko gehienek ez dute tratamendurik jasotzen, tratamendua sinplea den arren: botika antiepileptiko merke-merkeak hartzea.

Adimen-atzerapena buruko gaixotasun garrantzitsuenen multzoan sartzen da. Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, adimen-atzerapena adimena oso-osorik ez garatzea da. Kasu honetan, gaixoen portzentajea aldatu egiten da herrialdetik herrialdera. Erakunde horrek ematen dituen datuetan agertzen denez, garatu gabeko herrialdeetan 18 urtetik beherako populazioaren %4,6k adimen-atzerapena du; herrialde garatuetan, ordea, %2,5 baino ez dira. Datuetan dagoen aldeak adierazten duenez, haurrekin neurri egokiak hartuz gero, munduan gaixoen kopurua murriztuko litzateke.

Alkohola ere bai

Buruko gaitz garrantzitsuenen errepaso bizkor honetan alkoholarekiko mendekotasuna azkenerako utzi dugu. Izan ere, datuak beldurgarriak dira: munduan 140 milioi pertsonak alkoholarekiko mendekotasuna omen dute; hau da, 100 pertsonatik 2 edo 3, eta horietatik % 80k ez du inolako tratamendurik jasotzen; beste 400 milioi pertsonak, berriz, gehiegi edaten omen dute. Beste datu pare bat: alkohola heriotza guztien % 1,5en eragilea da, eta alkoholak eragindako gaixotasunen kostua herrialde askotan Barne Produktu Gordinaren % 2,7ra iristen omen da; hau da, 100 pezetako ia 3 horretarako erabiltzen dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia