}

Burdina: euskaldunon metal preziatua

2003/08/17 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Udan bisitatzeko moduko lekua da Agorregiko burdinola. Egun sargorietan eskertu egiten da pagoek ematen duten itzala, eta basoko errekastoaren hezetasunak giroa freskatzen du. Bertan, zaharberritutako eraikinak aurki daitezke, eta baita garbitutako ubideak ere. Irudimenak denboran atzera eramaten gaitu; nolakoa ote zen Agorregiko bizimodua duela mende batzuk?
Agorregiko burdinola Pagoetako parke naturalean dago, Aian.

Gipuzkoako Pagoetako Parke Naturala, gaur egun, aisialdiko leku paregabea da, baina, bertan, duela hiru mende langintza gogorrenetako bat egiten zen bertan: burdingintza. Labearen inguruan olagizon sendoak izerditan imajina ditzakegu, mailuaren hotsa, hauspoaren mugimendu erritmikoa. Euskal Herriko hainbat eta hainbat burdinolatan ikusiko genukeen irudia da hori.

Burdinoletan erreka edo ibaien uraren indarra aprobetxatzen zen mailua eta hauspoa mugitzeko. Horregatik, burdinolak ibai-ertzean edo -inguruan eraikitzen ziren. Ur-jauzi batek gurpil hidraulikoa birarazten zuen eta, gurpilaren ardatzari lotutako mekanismoak burdinola barneko mailua eta hauspoa jartzen zituen martxan.

Uraren indarrari esker, lana asko errazten zen burdina erauzteko orduan. Baina ur-emaria urritutakoan zer? Badirudi burdinola gelditu beste aukerarik ez zutela izaten. Horregatik, uda-sasoian burdinola gehienek lan egiteari uzten zioten. Gainera, urteko garairik beroenak ez ziren egokienak mila gradutik gorako tenperatura hartzen zuen labe baten inguruan lan egiteko. Horregatik, olagizonek beste lan batzuetan jarduten zuten udaldian, udazkeneko euriaren zain.

Agorregin, ordea, ez zuten udan bakarrik gelditzen burdinola; neguan ere, euria sarri samar egin ezean, ez zuten mekanismo osoa mugitzeko behar adinako emaria izaten. Arazoari aurre egin nahirik, arkitektura oso berezia erabili zuten XVIII. mendean berritu eta berriz ere martxan jarri zutenean.

Labe garaietan etekin handiagoa lortzen da burdinoletan baino.

Izan ere, Pagoeta mendiaren inguruko euri-uraren erdia baino gehiago lurrundu egiten da edo landareek xurgatzen dute. Horregatik, mendi--magalean behera jaisten zen ur-emari urri eta aldakorrari ahalik eta etekinik handiena atera nahirik, hiru ubidek elikatutako bi aldaparodun burdinola diseinatu zuen Francisco de Ybero arkitektoak. Diseinu berezi horrekin urari ahalik eta etekinik handiena ateratzen zitzaion, burdinolaz gain bi errota baitzeuden Agorregin. Itxuraz, diseinua oso burutsua izan arren, ez zuen espero adinako arrakastarik lortu eta urte batzuk bakarrik egin zituen martxan.

Historiagile asko seko harrituta uzten ditu gai honek. XVIII. mendean burdinola bat berritu eta martxan jarri zutela? Oraindik ez ote zuten labe garaia ezagutzen Euskal Herrian? Ezagutu ezagutzen zutela esan daiteke, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak teknologia berria sartzeko ahaleginak egin baitzituen, baina burdinolek metodo tradizionalari eutsi zioten.

Zaila da esaten zenbateraino izan zen olagizonen egoskorkeria teknologiaren aurrerapenak ez onartzea. Posible da nahiago izatea kalitate oneko burdina ekoiztea kantitate handiak ekoiztea baino. Hala ere, pixkanaka kanpoko merkatuetan lekua galduz joan zen era tradizionalean erauzitako burdina, besteak beste, garestiagoa zelako. Eta beste herrietan baino mende batzuk geroago izan bazen ere, XIX. mendean euskal burdingintzak aurrerapenak onartu zituen eta labe garaien metodoa erabiltzen hasi zen. Hala, denbora gutxian, burdinolek lan egiteari utzi zioten. Batzuek errota eran funtzionatzen jarraitu zuten, eta beste batzuk argindarra sortzeko aprobetxatu ziren. Dena dela, burdinolak eta bertako tresneria denborak hondatu zituen eta, horrekin batera, burdingintza tradizionala galdu zen.

Burdina egiteko errezeta

Burdina antzinako eran erauztea ez da lan erraza.

Teknologia berri eta konplexuez inguratuta bizi garen garai honetan, antzinako langintzak gaur egungoak baino sinpleagoak zirela pentsa daiteke. Bitartekoak bai,oinarrizkoagoak ziren, baina teknikak garatzeko belaunaldi askoren esperientzia behar zenez, metodo ikaragarri zehatzak ziren. Burdinoletako langintza, esaterako. Ez dirudi misterio handirik duenik, ezta? Burdin mea edo minerala eta egur-ikatza elkarrekin nahastu, birrindu eta labean berotu. Errezeta oso sinplea da. Baina egun burdinola batera joan eta burdina erauzteko gai gara?

Bai eta ez. Zenbait saiotan lortu izan da burdina antzinako metodoari jarraituz erauztea. Horrek lan handia eskatu du, noski, artxiboetan burdinolei buruzko dokumentazioa lortu, tresneria berreskuratu eta probetan gogoz jardun behar izan dute, ez baita erraza proba bakoitzaren porrotaren edo arrakastaren zergatia jakitea. Eta, hala ere, prozesuaren bukaeran ez da garai bateko etekina lortu. Denborak langintza tradizional horren arrastoak ezkutatu ditu eta euskal kulturaren adar hori galdu egin da. Baina burdina erauzteko saiakera horiek antzinako langintza bat hobeto ezagutzen lagundu dute, eta, bide batez, baita Euskal Herriaren historiaren garai garrantzitsu bat ere.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia