}

Bunjin; Estilo librea

1989/06/01 Tapia Otaegi, Gerardo Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken urteotan badirudi bonsai izeneko zuhaixkak burutzeko teknika gure artean indartsu finkatu dela. Guri heldu zaigun ondarea batez ere japoniarrei dagokie, nahiz eta arte modu honen sorkuntza txinatarrei eskertu beharrekoa izan. Nola edo hala, bonsaiaren gorakada indartsu baten aurrean gaudela argi dago. OINARRIZKO FITXA TEKNIKOA

Askoren ustez bonsaia Japoniatik ekarritako zuhaitz-mota berezi bat besterik ez da. Oker galanta. Edozein zuhaitz bihur daiteke bonsai, eta ez zuhaitzak bakarrik; baita landare-mota jakin batzuk ere: arrosak, azalak, etab. Beraz, arte guztia zuhaitzen tamaina murriztean datza; zera, alegia zuhaitzaren itxura lortzean, beroni hazten utzi gabe.

Begibistakoa da urtebeteko landaretxoa txikia dela, baina zuhaitz helduaren itxura izatetik urrun dagoenez, ezin daiteke bonsaitzat jo. Bai ordea izango denaren hastapentzat. Adituek diotenez, bonsaiaren esanahia natura menperatzearen desioan bilatu behar da, menpekotasun hori adierazteko modua naturaren boterea gizakiak nahi duen bidetik zuzentzean oinarritzen delarik.

Prozesu hau osatugabea litzateke gizakiak izadiaren ezetza jasoko balu (zuhaixkek horrela bizitzerik izango ez balute, alegia) eta praktikan arazo hori gaindi daitekeenez, menpekotasun-harreman hori bete-betean burutzen da. Azpimarratzekoa da Ekialdeko filosofian tamainaz murrizturiko gauzek (miniaturek, nolabait esateko) hartzen duten garrantzia. Arauz kanpo txikia dena, misterio eta magiaz bildurik aurkitzen da. Horra hor bonsaiaren ezaugarririk adierazgarriena: bere magikotasuna.

Oinarri filosofikoak alde batera utziz, bonsaiari lotzen zaion teknika itzela aipatzea ezinbestekoa da. Japoniar arauen barruan hezitako zuhaitza lortzeak esfortzu eta prestaketa handiak eskatzen ditu. Teknikak xehetasunik txikiena ere biltzen du.

Zuhaitzari eusten dion ontzia, adibidez, ezin daiteke edozein tamaina edo formatakoa izan; zuhaitzaren eta ontziaren neurriak hertsiki erlazionaturik bait daude. Ez da berdin zuhaitz bat ontzi laukizuzenean edo biribilean kokatzea; batak zuhaitzaren angelu edo alde bati garrantzi handiagoa ematen bait dio. Besteak ordea, zuhaitzaren atal edo ikuspuntu guztiak era berean tratatzen dituenez, beste ezaugarri batzuk eskatzen dizkio honen itxurari. Eta horrela beste gauza guztiekin: adarren luzera, forma eta kokapenarekin; enborraren lodierarekin; lurrak enborra onartzeko moduarekin; ageriko sustraiekin, hostoen tamainarekin eta beste milaka xehetasunekin.

Egia esan, bonsaiari buruzko zenbait autore ezberdinen liburuak irakurri ondoren, arte honetan hasteko gogoa duena nahikoa ikaratua geratzen delakoan nago. Eta are gehiago erakusketaren batera hurbiltzera ausartzen dena. Nahikoa tristea gertatu ohi da benetazko artelanak ikusten ari zaren bitartean etxeko leihoan esmalte gorriz pintaturiko lorontzian daukazun “makila” antzeko “bonsai proiektuaz” gogoratzea. Hau saihestu nahi duenak trataturiko zuhaitza eros dezake, baina prezioak ez dira batere merkeak, eta ezjakina denari erraz sar diezaiokete ziria. Hasiera ez da, ez, inola ere erraza.

Hala ere, arau eta lege guzti hauetaz azpiratua sentitzen denarentzat badago irtenbiderik: BUNJIN izeneko estilo berezia.

Estilo hau ez zaio inolako lege jakini jarraitzen; norberaren barruak agintzen diona da lege, baina guztia da harmonia baten baitan; ez bait da berdin barruan daramazunari askatasuna eta itxura ematea eta edozein modutako narraskeria burutzea. Argi dagoenez, estilo hau (ia ezezaguna da) guztiz filosofia desberdinari loturik dago, eta hortik uler daiteke estilo klasikoaren barruan irain liratekeenak orain onargarri gertatzea.

Dena dela, zenbait alor tekniko menperatzea behar-beharrezkoa da, nahiz eta bonsai klasikoaren zenbait legetatik kanpo mugitu; azken batean zuhaitzari norberaren ideia jarrai erazi behar bait zaio. Eta hori da gakoa. Inausketak, lurraldatzeak, alanbraketak, ongarritzeak, ureztapenak, etab. ondo menperatu beharreko alderdiak dira edozein estilotan, eta horretara denborarekin ailegatzen da, gainerakoa bakoitzaren izakerak markatzen duelarik.

Ondoren, BUNJIN estiloaren barruan koka daitekeen zenbait eredu aztertuko da laburki; John Yoshio Naka maisuarengandik jasotakoak, hain zuzen ere.

Zuhaitz hau ez zen era honetan hazten saiatu, baina bizi ahal izateko aukera bakarra izan zen. Bere filosofia eta forma ongi ezaguna den “Dharma”ren antzekoak dira. Hori dela eta, DARUMA du izenburutzat.

Zertzelada indartsu bat bezalakoa da. Ezinezkoa diruri enborrak oreka berreskuratzea, baina aurkako haize batek adarrak eta enborra lirain bihurtzen ditu.

Arau guztiak birrinduz, baina nortasunez gainezka dago. Enborrean 90ºko angeluaz berau zeharkatzen duen adarra, erradio gisa kokaturiko adarrak, eta gurutze moduan kokaturikoak ditu. Hala ere, antzinako pinu ospetsu honek oraindik ere Japoniako Txitxibu mendian dirau.

Erritmo alaiz abestuz diharduten txoriak. Ez dago bere esanahia ulertu beharrik. Erritmo hauskorrezko lerroak ditu enborrean. Arrazoirik ez, esanahirik ez; atsegina soilik.

Haizeak astinduriko estiloan, adimenak adarren hazkuntz eredu arrunten distortsioak bortxatzen dituen zergatia eta haizearen norantza aurrikusten ditu.

IKARI-JIN edo “aingura forma” izeneko BUNJIN enbor bikoitza edo enbor bikia. Enbor altuenaren hostorik ezak, BUNJIN estiloa azpimarratzen du.

Oreka ezin erakargarriagoa; hain bertikaltasun ausartaz zintzilikatzen den adarragatik bereziki.

“Egun euritsu batez, “HIEI” mendiko tontorretik “BIWAKO” lakurantz begiratuz, paisaia guztia lainoz estalirik zegoen. Bapatean, antzinako ekialdetar paisaia (SUMIE) benetazko eta bapateko bihurtu zen, zeren eta lainoan zehar paisaiako pinuak BUNJIN estilokoak bait ziren.

Bonsai munduaren hasieran bezala, “CHOKKAN”etik abiaturik eta amaigabeko “BUNJIN” estiloaz bukatuz, izadiko zuhaitzen forma anitzak aurkitzen dira”.

  • Zuhaixkaren bilketa
    • Noiz: hosto berriak azaltzen hasi baino zerbait lehentxeago. Gure lurraldean, otsail-martxo inguruan
    • Nola: Zuhaitzaren inguruko lurra kendu oinarrizko sustraiak mantenduz (luzeegiak badira, mozketaren ondorioz geratzen den zauriak beherantz zuzendutakoa beharko du izan). Sustrai finenak hausteak ez du ia inolako garrantzirik. Zuhaitzak sustrai gutxi eta indartsuak baditu, zauritxoak egingo zaizkie hauei, adarka daitezen. Sustrai eta adar iharrak kendu.
  • Aldaketa (eta lurraldaketak)
    • Nola: Zuhaitza kokatuko den ontziari zulo bat egiten zaio azpikaldean eta zuloa sare edota harri lauaz estaltzen da. Jarraian, ontziaren hondoa harri finez osaturiko 4 edo 5 mm-ko geruzaz betetzen da. Lurra ipini ondoren, zuhaitza nahi den eran kokatzen da sustraiak ontzi barruan ondo zabalduz. Azkenik, sustraiak lur gehiagoz estaltzen dira, aire-poltsak utzi gabe, (sustrai egokiren bat agerian uzteak dotore egiten du) eta ureztatu egiten da. Aldatu ondoren, zuhaitza egun batzuetan gerizpean edukitzea komeni da.
    • Lur-nahasketak: Oinarrizkoenak hiru lur-mota ditu: Lur beltza edo materia organikoa, buztintsua eta harea edo hondarra. Proportzioak zuhaitz-motaren eta bere adinaren funtzio dira. Onena liburu espezializatu baten tauletara jotzea izan ohi da.
  • Ureztapena: Ezin da ureztapenari buruzko arau finkorik eman. Zuhaitzaren egoera aztertu behar da aldi bakoitzean. Argi dago udan sarriago ureztatu behar dela, esate baterako.
  • Ongarriketa: Ongarri asko eta asko dago merkatuan: uretan disolbatzen direnak likidoak, poltsetan aurkezturikoak, ... Erabilpenari dagokionez, udaberri eta udan egiten da. Hala ere, desegoki edo neurrigabe erabiltzeak ondorio txarrak eragin ditzake. Zuhaitza ez ongarritzeak EZ du zuhaitza hondatuko; gehiegi ongarritzeak bai ordea.
  • Inausketak: Zuhaitza loratu baino lehen, zerra edo gailu egokiak erabiliz inausi. Mozketa handiak egiterakoan kono itxura uzten zaio zauriari, muturretik hasita azkarrago senda dadin.
  • Hosto-mozketa: Tamaina murrizteko egiten da. Hosto-txortenetik moztu behar dira; hosto-zatiak utzi gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia