Buia itsasoaren osasun-egoera neurtzeko
2003/07/28 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia
Ursat enpresak eta INASMET eta AZTI zentro teknologikoek garatu dute buia. Hain zuzen ere, analisiak momentu oro egiten dituen laborategi flotagarri txikia da buia. Itsasoko ura jaso eta haren ezaugarri fisiko-kimikoak aztertzen ditu; hau da, uhertasuna, tenperatura, azidotasuna, oxigeno- eta
gatz-edukia, eta abar. Ondoren, analisiak egin eta, irrati bidez, kontrol-gunera bidaltzen ditu datuak, Aquarium-era, hain zuzen ere. Gainera, komunikaziorako aukera zabala du buiak: irrati, GSM zein satelite bidez bidal ditzake datuak. Horrela, Aquarium-etik une oro uraren egoera kontrolatu ahal izango dute eta, edozein aldaketa gertatuta, momentuan jakingo dute.
Etorkizunean, buiak dituen baterien ordez eguzki-panelak jartzeko asmoa dago; horrela, energiari dagokionez ere guztiz autonomoa izango da.
Buiak, lehenago aipatutako neurketak egiteko sistemaz gain, hidrokarburoen sentsorea du. Sentsore horrek uhin elektromagnetikoak bidaltzen ditu uretara, eta desberdintasun elektromagnetiko batez, sentsorea hidrokarburo-geruzarik ote dagoen bereizteko gai da. Datu hori kontrolatzailera bidaliko du eta horrek alarma-seinalea bidaliko luke kontrolgunera uretan hidrokarburoa dagoela jakinarazteko.
Baina bestelako analisiak ere egingo ditu buiak. Kostaldeko giza jardueren ondorioz, konposatu organiko ugari isurtzen da itsasora, eta, horrek algak gehiegi haztea eragin dezake. Buia berriak, bada, uretan dagoen mantenugai eta algenkontzentrazioa neurtu ahal izango ditu.
Bestalde, analisi bakteriologikoak ere egingo ditu. Orain arte, 15 egunez behin itsasontzian ateratzen ziren eta ur-lagina hartzen zuten, laborategira eraman eta aztertzeko. Orain buiak egingo du. Giza osasunerako kaltegarriak diren bakterioak detekta ditzake, batez ere gorotzetan ohikoak diren bakterioak. Hori neurtzen duen zunda buiatik zintzilikatuta egongo da. Izan ere, eguzkiaren izpi ultramoreek ur-azaleko bakterioak hiltzen dituzte, eta horregatik, bakterioak ur-azalean baino ugariagoak izaten dira zertxobait sakonago. Hortaz, zunda buiatik behera egongo da zintzilik.
Datu horiekin guztiekin, buiak itsasoko uraren egoera zehatzaren berri emango du satelite bidez.
Informazioa gehiago:
Elhuyar Fundazioaren Basque Research web gunean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia