}

Bruzelosia detektatzeko kit bat diseinatu dute

2008/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bruzelosia detektatzeko kit bat diseinatu dute
2008/05/01 | Elhuyar
(Argazkia: www.agronet.com.mx)

Nafarroako Unibertsitateko ikertzaile-talde batek Brucella bakterioa detektatzeko eta karakterizatzeko produktu berri bat merkaturatu du. Bakterio horrek sortzen du bruzelosia edo maltako sukarra.

Bruzelosia gaixotasun kutsakorra da, eta pertsonei zein animaliei eragiten die. Munduko Osasun Erakundearen arabera, tuberkulosiarekin, amorruarekin eta antraxarekin batera, pobreziarekin erlazionatutako ahaztutako gaixotasunen artean dago. Intzidentzia altua du Afrikan, Asian, Ekialde Ertainean eta Latinoamerikan, eta haren kontrolik ezak herrialde horietako askoren garapen ekonomikoa mugatzen du.

Bruzelosia detektatzeko kit komertzialak Bruce-ladder izena du, eta Ingenasa Madrilgo enpresarekin batera merkaturatu dute. Kitak Brucella-ren espezie guztiak bereizten ditu, txertoetan ematen diren anduiak eta itsas ugaztunetan isolatutakoak barne. Hori lortzeko, hainbat Brucella espezieren genoma osoak aztertu dituzte ikertzaileek, eta haiek entsegu bakar batean eta 24 orduan bereizteko sistema bat diseinatu dute.

Orain arte, Brucella-ren bereizketa soilik laborategi batzuetan egiten zen, teknika biokimiko eta serologiko zailak erabilita. Gainera, bakterioa manipulatu behar izaten zen, eta horrek arriskuan jartzen zituen laborategiko langileak. Orain, sistema berria erabilita, laginak azkarrago eta errazago aztertu ahal izango dira, bakterioa manipulatu behar izanik gabe. Kita Frantziako, Belgikako eta Portugalgo erreferentziako hainbat laborategitan probatu dute, eta Granadako Bruzelosiaren Erreferentziako Zentro Nazionalean balioztatu dute.

1
242
2008
5
021
Genetika
Berriak labur
10

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia