}

Bruno BARNOUIN. IFREMEReko Ingurugiro zuzendaria

2000/11/07 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ievoli Sun ontzia Mantxako kanalean hondoratu zenetik astebete iragan da. IFREMERen, Frantziako itsasoko ikerketak egiten dituen institutuan ondorioak aztertzen ari dira. Besteak beste, poluzio puntualen jarraipena egin eta zein neurri hartu behar diren zehazteaz arduratzen dira.

«Itsas ekosistemarentzat ez dago arriskurik »

Zenbat denbora beharko da ondorioak behar bezala neurtzeko?

Ondorioak neurtzeko ezinbestekoa da itsasontzia hustea eta ez dakigu horrek zenbat denbora hartuko duen. Dena dela, estirenoa biodegradablea denez, ez dut uste itsas ekosistemarentzat arriskurik egongo denik. Polimerizatu eta kostara heltzen bada, txorientzat kaltegarria eta biztanleentzat berriz gogaikarria izan liteke. Aireari dagokionez, kaltea haizearen araberakoa izango da. Hego haizea bada, ez da batere enbarazurik sortuko eta ipar haizea bada, berriz, kostan usaina atzemango genuke.

Normandiako kostako ostra-haztegi eta muskuilu-haztegiek ondoriorik jasango dute?

Ez dut uste ondorio larririk egongo denik. Estirenoa ez da luze irauten duen poluitzailea, eta ondorioz, dosi ekotoxikologikoetara, (tripako min eta oinazeak sentitzeko behar den kopurua) ez da iritsiko. Gainera, dispertsio handiari esker uretan diluitu dena asko barreiatu da. Hipotesi txarrenean ere, itsas korronte indartsuei esker ez litzateke kontzentrazio handirik egongo. Gerta litekeen aldaketa bakarra itsaski oskoldunen gustua aldatzea da.

Estirenoak itsaski oskoldunen zaporea alda dezake baina osasunerako kaltegarri bihurtu gabe. Nola azaltzen da hori?

Jendeari hori azaltzea ez da gauza erraza. Nahiz eta toxikoa ez izan, ezingo dira ekoizpen horiek merkaturatu. Gizakiaren zentzumenak estirenoarekiko oso sentikorrak dira. Usaimen eta gustuari esker estirenoa detektatzeko kontzentrazio txikiak aski dira. Gaixotzeko, berriz, 10 mg/l-ko kontzentrazioa behar da.

Erikaren istripuarekin alderatuz, poluzioa ez da hain arriskutsua?

Dudarik gabe estirenoa ez da hain arriskutsua. Erikak hidrokarburoak garraiatzen zituen, hau da, konposatu iraunkor eta biometatuak. Hau askoz errazago degradatzen den poluzioa da.

Erika ontziaren istripua gertatu zenean adituek mintegi bat egin zenuten konposatu kimikoen garraioa arautzeko. Nolatan gaude ostera horrelako istripu larri berri baten aurrean?

Mintegi horretan hainbat adituk hartu genuen parte eta ministerioei txosten bana helarazi genien. Frantziako Gobernuak bi programa handi martxan jarri zituen. Hiru urteko epean, ikerketa eta garapena egiteko 35 milioi libera inbertitu ziren. Baina gauzak aldatzeko denbora gehiago behar da.

Ievoli Sunen istripuak sortutako poluzioaren jarraipena egiteko balio izan du?

Ez, egia esan ez du asko balio izan isuri diren produktuek ez baitute zerikusirik. Hala ere, Meteo France-rekin harreman handiagoa dugunez, iragarpenak egin eta elkarrekin lan egiteko balio izan du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia