Bromoa ere ari da ozonoa jaten
2009/03/29 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Alaskako Kasatochi sumendiak igorri zituen gasen ibilbideari jarraituz, bromoa estratosferara iristen dela ikusi dute Espazioko Aeronomiarako Institutu Belgikarreko zientzialariek —goi-atmosferako fisika eta kimika aztertzen ditu talde horrek—. Sei egunez jarraitu zioten 2008ko abuztuan sumendiak izandako erupzio bortitzean aireratutako 11 kilometrotik gorako luzerako gas- eta errauts-hodeiari.
Zientzialariek aspalditik dakite sumendi-erupzioek eragin handia dutela atmosferan, eta atmosferako aldaketetan. Orain arte, ordea, ez zekiten sumendien bidez hainbeste bromo iristen zenik estratosferara. Egindako neurketek adierazi diete estratosferan ustez dagoen bromo-kantitatearen laurdena sumendi-erupzioek igorri dutela.
Bromodun hainbat konposatu, hala nola bromo monoxidoa eta bromo nitratoa, oso kaltegarriak izan daitezke ozono-geruzarentzat. Ozono-geruza eta haren zuloa denon ahotan egon ziren orain dela urte batzuk. 1985ean deskubritu zuten zuloa, gizakiok sortutako aerosolek eta beste hainbat produktuk igortzen zituzten CFC famatuen harira.
CFCak kaltegarriak zirela jakin zutenean aerosoletarako, hozgarri gisa eta abar erabiltzea debekatu zuten.
CFCak kloroz, fluorrez eta karbonoz eratutako molekulak dira, eta barra-barra erabili zituzten 1930eko eta 1980ko hamarkaden artean, aerosolentzako propultsadore gisa eta hozgarri gisa besteak beste, ikusi baitzuten atmosferan oso molekula egonkorrak zirela.
Orduan, ordea, ohartu ziren CFCak atmosferaren hurrengo geruzan, estratosferan, oso erreaktibo bihurtzen zirela eguzki-argiarekin erreakzionatzean. Eguzkiaren erradiazioak hautsi egiten ditu molekulok, eta askatzen diren osagaietako bat kloro-erradikal bat da, erreakzionatzeko gaitasun handia duen kloro-atomo bat. Kloro-erradikal horrek joera handia du ozono-molekulekin erreakzionatzeko, eta ozono-molekula horiek hausteko. Gainera, erradikal bakoitzak milaka ozono-molekula hauts ditzake.
Bada, bromodun konposatuak kloro-erradikalak baino eraginkorragoak dira: eguzki-argiaren eraginpean, kloroa duten molekulak gai dira 40 molekula ozono suntsitzeko; bromoa duten molekulek, berriz, 50 suntsitzen dituzte. Gertatzen dena da CFCak bromodun molekulak baino askoz ugariagoak direla, eta horregatik ez diote garrantzirik eman bromoari ozono-geruzaren zuloaren gaiarekin lotuta.
Bromoa atmosferara iristea saihestezina da hein batean, hainbat fenomeno naturaletan askatzen baitira bromodun konposatuak; besteak beste, sumendietan. (Argazkia: USGS ).
Baina, dirudienez, arrisku handia dago bromoak gero eta garrantzi handiagoa izateko. Izan ere, hein batean saihestezina da bromoa isurtzea, hainbat fenomeno naturaletan askatzen baitira bromodun konposatuak; besteak beste, sumendietan; eta, CFCa, berriz,pixkanaka desagertzen ari da atmosferatik. Kaltegarria zela jakin zutenetik erabiltzea debekatu zuten, eta, gainera, naturan, berez, ez da CFCrik sortzen.
Lortutako emaitzak, beraz, ez dira pozgarriak, baina bai oso baliagarriak. Izan ere, zientzialariek diote emaitza horiek aukera emango dietela beste bide batetik zehazteko zenbat bromo dagoen estratosferan. Hala, estratosferaren konposizioaren datu zehatzagoak lortuko dituzte, zehatzago jakin ahal izango dute zer erreakzio gertatzen diren atmosferaren zati horretan, eta hobeki simulatu ahal izango dituzte estratosferako ozonoak jasaten dituen aldaketak.
7K- n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia